Esker ona adierazi diete euskara ikasleei, Euskararen Nazioarteko Egunean

Aiurri 2025eko abenduaren 3a

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, lau udal alderdiek adierazpen instituzionala irakurri dute lehenbizi, eta ondoren, euskara ikasten ari diren ikasleei ongietorria egin zaie udal batzar aretoan egin den ekitaldian, eguerdian. Bideoa, ikusgai:

Udal batzar aretoa gainezka jarri dute dute AEK euskaltegiko ikasleek, eta esker ona jaso dute alderdien ordezkarien aldetik, euskaran murgiltzeko hartu duten konpromiso pertsonalagatik. Hitza hartu dute ikasle horietako batzuk, emozioz beterik. Marian Iñigo, Salka Jabbari, Eric Reconco, Miriam Espinoza eta Erika Marigual izan dira animatu direnak hitz batzuk adieraztera jendaurrean.

Guztiak ere A1 taldekoak dira, era hasiera mailakoak alegia, eta Maider Barandiaran dute irakasle.

Ekitaldiari amaiera emateko, esker oneko garaikurra jaso dute zenbait ikaslek, gainerakoen ordezkari gisa; Salma Jabbari, Marian Iñigo, Vanesa Tomico, Alexandra Isabel Amaya izan dira horiek. AEK euskaltegiaren izenean, bere zuzendari Olatz Peñagarikanori ere eman zaio garaikurra.

 

Adierazpen instituzionala

Euskararen aldeko adierazpen instituzionala irakurri dute udaleko lau alderdien ordezkariek, zatika.

Hona "Euskara zugan, nigan, gugan" izenburua daraman adierazpena, osorik:

Euskarak bide luzea egin du.
Luzeena, agian, Europa zaharrean.
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.

Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.

Debekuen aurrean, eutsi genuen.
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.

Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du
komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.

Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz
hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea.
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.
Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea.
Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.
Eta prest gaude!
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.
Elkarrekin egiteko.

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du.
Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko,
eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da!
Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat.
Elkar ulertzeko gonbidapen bat.
Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.
Eta euskararekin, edonori.
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean.
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.

Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia.
Zugan, nigan, gugan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!