Gipuzkoan, desgaitasuna duten pertsonentzako gurpil-aulkian futbol talde inklusibo bat osatzeko deialdia egin zuten urtearen hasieran. Honako hauxe zen, orduko hartan, helburua: "gure helburua da Gipuzkoan talde bat sortzea eta kirol inklusibo hori sustatzea, pertsonak aktibo mantentzeko aukera emateaz gain, inklusioa, talde-lana eta norberaren hobekuntza bezalako balioak ere sustatzen dituena".
Bada, Powerchair Football-eko Espainiako klub elkartearen 2. Mailan izena eman du klubak, eta horrek aukera ematen die estatuko lehiaketan parte hartzen hasteko: "Poz handiz adierazi nahi dizuegu taldea bost kidek osatzen dutela dagoeneko. Hasieran taldea gazteek osatzen bazuten ere, duela gutxi 50 urteko emakume bat gehitu zaigu, eta bere etorrerak aniztasun aberasgarria ekarri du: adinaren eta generoaren ikuspegitik taldeari bestelako dimentsio bat eman dio. Bere parte-hartzeak gogorarazten digu kirol hau inklusiboa dela, eta ilusioa, gogoa eta ikasteko grina daudenean, oztoporik ez dagoela".
Hazkunde-prozesu horren barruan, lehen lehiaketa ofiziala Parlan jokatu zuten aurreko astean. "Espero zen bezala, kirol emaitzak ez ziren aldekoak, hasiberriak garen heinean. Hala ere, emaitzek ez gaituzte batere etsiarazi; aitzitik, esperientziak gure taldea sendotu du eta gure ilusioa areagotu", diote taldearen sustatzaileek. Denbora gutxian asko ikasi dute, estatuko Powerchair Football maila bertatik bertara ezagutu dute, eta Gipuzkoara motibazio eta kemena berrituta itzuli dira. Urrats erabakiorra eman dute, beraz, Kemen Kirol Elkarteari esker.