Larunbata bitarte egongo da irekita Extremadurako zortzi mila lagunen ihesaldia azaltzen duen erakusketa

Aiurri 2025eko abenduaren 4a

1936ko altxamendu faxistaren beldur, Extremadurako milaka lagunek egin behar izan zuten ihesaldi tragikoa azaltzen du erakusketak, testu eta irudien bidez. Anbrosia Olabide Gizarte Zerbitzuetako egoitzan jarri dute ikusgai, eta larunbata da azken eguna

Extremaduran jaio, eta gaztetan, bizimodua atera nahian Euskal Herrira migratu behar izan zuten zenbait herritar agertu ziren erakusketaren irekitze-ekitaldira. Goiko argazkian ageri dira, ezkerretik hasita: Juankar Lucero (Caceres hiriburua), Elvira Pedrera (Malpartida de Caceres, Caceres), Angeles Amores (Clabin, Caceres), Maria Antonia Gago (Caceres hiriburua), eta, Antonia Gil (Torrejoncillo, Caceres).

 

Abenduaren 6ra bitarte, irekita

Astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 20:00era dago irekita erakusketa.

Extremadurako Juntak, Andoaingo Udalak eta Hogar Extremeño elkarteak elkarlanean antolatu dute ekitaldia.

Udal ordezkariak eta Hogar Extremeñeko elkarteko kideak, erakusketaren irekitze-ekitaldian

Zafrako (Badajoz) "Jose Gonzalez Barrero" Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak diseinatu eta antolatu du erakusketa, eta gertaeren gaineko ikerketa historikoko proiektu baten barruan kokatzen da. 

Erakusketa 2023ko irailaren 7an jarri zen lehenbiziko aldiz ikusgai, eta ordutik Extremadura, Madril, Katalunia, Andaluzia, Gaztela eta Euskadiko hirurogei udalerri baino gehiagotan ikugai jarri dute. 

 

Milaka herritarren tragedia, bistara 

La columna de los ocho mil (Zortzi milen zutabea) izenburuko erakusketak, 1936ko irailean Extremadurako milaka lagunek, estatu-kolpea bultzatu zuten faxisten beldur, bizitokiak atzean utzi eta ihes egin behar izan zutenen istorioa kontatzen du. Hain zuzen ere, Badajozeko probintziaren hego-mendebaldetik Azuagaraino egin zuten ihes, Errepublikaren mende zegoen lurretara. 

Uztailaren 18ko altxamenduaren ondorioz, faxisten esku geratu ziren Andaluziako zenbait herrialde (Badajozekin mugatzen diren Sevilla eta Cordoba tartean), eta horien egitasmoa izan zen Extremadurako lurraldea militarki hartzea. Mugimendu militar horren jakitun izanik, Badajozeko hainbat herritarrek 100 km.-ko ibilbideari ekin zioten oinez, oinezko ihesi-aldi jendetsu eta ikusgarria osatuz. Milaka horietatik, emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak ziren asko, zama-lanetarako zenbait animali bidelagun zituztela; soinean, berriz, etxean utzi nahi izan ez zituzten gauza apurrak zeramatzaten.

Arriskutik kanpoko eremu librera iristean zirela, kilometro gutxira, ordea, faxistek zutabeari eraso egin zioten Reina eta Fuente del Arcotik gertu dagoen inguru batean, eta 80 pertsona inguru hil zituzten. 

Nahiz eta erasoa jasan, batzuek helmugara iristea lortu zuten; bien bitartean, beste batzuek atzera egin zuten; azken horietako asko beren herrietara iristean desagerrarazi egin zituzten. Bestalde, 2.000 pertsona inguru preso hartu eta Llerena herrira eraman zituzten, eta hilabete geroago, preso horietatik gehienak erail egin zituzten.

Zortzi milen zutabea altxamendu faxistak eragindako lehen exodo masiboetako bat izan zen.

Gogoratzekoak dira, inplikatu-kopuru desberdina izan zuten beste zenbait ihesaldi masibo. Hala nola, Malagatik Almeriarako Desbanda (1937ko otsaila) edo Katalunia eta Frantzia arteko mugan barrena 1939ko otsailean egindako azken erretiratzea. Gurera ekarrita, ezin ditugu ahaztu Gipuzkoan 1936ko abuztu-irailean eta Bizkaian 1937ko ekaina-abuztu-irailean gertatu ziren exodo masiboak, faxistengandik ihes. 

 

Gertakari ezezaguna, historia liburuetan

Extremaduran bertan, 1936ko abuztuan, Badajozko zezen-plazan milaka errepublikano erail zituzten; egun oraindik zaila egiten da zenbatzea sarraskia, baina 1.800tik 4.000rako kopurua estimatzen dute azken urtetan egin diren ikerketa desberdinek. Bada, Badajozeko sarraski horrekin batera, Extremadurako gertakari errepresibo garrantzitsuentzat jotzen da zortzi mila pertsonez osatutako zutabearen gertakaria. 

Anbrosia Olabide eraiminean dago erakusketa

Nolanahi ere, apenas azaldu izan den historia liburuetan. Hainbat arrazoi direla medio egon da ezkutatuta historiako atal hori hamarkadetan, eta trantsizioaz geroztik ezarri zen amnesia izan da horietatik nagusiena memoria historikoaren aldeko elkarteen ustez.

Hain zuzen, 2000. urtetik aurrera bakarrik hasi ziren aipatzen gertakaria, tokiko aldizkarietan idatzitako bizpahiru artikulu txikien eskutik. Francisco Espinosa historialariaren La Columna de la Muerte liburuko atal txiki batean ere eman zen ezagutzera zorigaiztoko zortzi mila herritar haien memoria. Eta aldi berean, azken urtetan abian jarri diren berreskuratze lanek lortu dute plazaratzea gertakaria.

Gaur egun ere, Extremadurako familia askok ez dakite zer gertatu zen aitona-amonekin eta non dauden lurperatuta.

 

Arbasoen ibilaldia berreskuratuz

Zortzi milen zutabearen Martxa izenburuko ibilaldi aldarrikatzailea antolatu zuten iazko irailaren 21ean lehenengo aldiz, memoria historikoaren aldeko hainbat elkarteek. Lagun ugari bildu zituen martxa hark (El Salto aldizkari digitalak argitaratutako argazkian ikus daitekeen moduan). Aurtengoan ere errepikatu dute ekimena.

1936ko gertakariak eta protagonistak gogoan, “Zortzi milen zutabearen Martxa” egin dute azken bi urtetan (Argazkia: El Salto aldizkari digitala)

1936ko arbasoen memoria eta duintasuna aldarrikatzea eta “Extremadurako eta bertako biztanleen memoria historikoa eta demokratikoa defendatzea ditu helburu ekimenak. Aldi berean, erakunde publikoen immobilismoa ere salatzen dute, gogoratzen baitute “diktadorea hil eta 50 urtera, oraindik ere, frankismoak gure eskualdean fusilatutakoen % 96 inguruk desagertuta” jarraitzen dutela.

Gogoratu behar da Extremadurako legebiltzarrak, PP eta Voxen botoekin, indarrean zegoen Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea atzera bota, eta haren ordez, “Konkordiaren aldeko Legea” onetsi zuela. 

Extremadurako elkarte memorialistak oso kritiko agertu dira lege berriarekin, eta “Extremadurako duintasunaren eta memoriaren aldeko adierazpena, eta kolpearen eta diktadura frankistaren biktimak oroitzeko” izenburua daraman idatzia argitaratu dute berriki. 

Besteak beste, adierazi dute lege berriak frankismoaren krimenak eta giza eskubideen urraketak ikusezin bihurtzen dituela, errealitate historikoa itxuragabetzen duela, biktimen garrantzia gutxitzen duela, eta, alde batera uzten duela haien memoria ohoratzeko eta egia historikoa bermatzeko instituzioei dagokien konpromiso instituzional eta morala.

 

Gertakaria, ikus-entzunezkoan jasota

2005ean, La columna de los ocho mil ikus-entzunezkoa kaleratu zuen Morrimer kultur elkarteak. Ordu eta hamar minututan ezin gardenago azaltzen da milaka extremadurarrek sufritu izan zuten tragedia. Angel Hernandez Garcia, Antonio Navarro Millan, Fernando Ramos Mena, Paco Freire Magariños dira bere zuzendariak.

Ikusgai jarri dute youtuben:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!