Kantujira egitasmoa, Aita Larramendi ikastolaren eskutik

Aiurri 2025eko abenduaren 4a

Abenduaren 12an Andoaingo kaleetan saioa egingo dutela iragarri dute.

Pasa den larunbatean, Andoaingo Aita Larramendi ikastolak antolatzen duen Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunean, Kantujira egitasmoa aurkeztu zuten. Ikastolak zabaldutako oharraren arabera, "proiektu honen helburua, data jakin batzuetan kalera abestera ateratzea da, ikasleek sortutako banda txiki bat laguntzaile izanik; eta bide batez, gure euskarazko abesti kuttunak elkarrekin abestuz. Irteera horietan Andoaingo kaleak  alaitu nahi ditugu".

Lehen irteera, datorren abenduaren 12an

Euskal kantagintza biziberrituko du, beraz, ikasle taldeak. Aurkezpena egin eta berehala, lehen irteera antolatu dute: "Gure lehendabiziko kantujira abenduaren 12an egingo dugu. Goizeko 11:15etan Juanita Alkain plazatik abiatuko gara eta beste bi geldialdi egingo ditugu. Bertan parte hartzeko gonbita herritar orori eta herriko hainbat eragile desberdinei luzatu diegu". Euskarazko kantu ezagunekin gozatzeko aukera izango da, beraz, ikasle gazteen eskutik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!