Urteko batzarra egin zuen Burdinak

Xabier Lasa 2025eko abenduaren 6a

Burdina elkarteko kideak, batzarrari ekin aurretik, joan den larunbatean.

Andoaingo elkarteak urteko batzarra ospatu zuen joan den larunbatean. Burdina jaio zenetik beti ipar izan duen auzolanaren filosofiari eutsita aurten burutu dituzten ekimenak izan zituzten hizpide, eta hurrengo urteari begira jarri ziren

Batzarrean, urtean aurrera eramandako ekimenak (Buruntza auzoan burututako ekimenak, Aingurasutegiko itsas-ainguren sutegi zaharraren oroitzapena biziberritzea, Ortzaikako karobiaren piztea, Gordeleku hornitze-lanei segimendua ematea eta bertan biltzen diren objetu etnografikoen katalogatze-lanak...), eta aldi berean, datorren urteari begira jorratu beharreko egitasmoak izan zituzten hizpide.

Azpimarratzekoa da 2026an 25 urte beteko dituela elkarteak. Mende laurdeneko ibilbide hori jomugan izanda, aparteko ospakizunak antolatzea aurreikusita daukate. Atzera-begira jarriko dira hain zuzen, eta aintzat hartuko dituztez Burdinaren historia eta ibilbidea osatu duten pertsona eta erakunde publiko zein herri elkarteak; hala nola, elkartearekin nola edo halako harremana eduki duten, eta izaten segitzen duten talde-kideak eta kolaboratzaileak, bidean herioak eraman dituenak, Gordelekuan objetu zaharrak dohaintzan utzi dituztenak, elkarlanerako prestutasuna agertu izan duten erakunde publikoak eta era guztietako elkarteak... 

Ikasleen bisitaldia

Bestalde, Leizaran Institutuko ikasleak Gordelekuan izan ziren joan den astean. Ikasleek interes bizia agertu zuten egin zuten bisitan, aurrez lanketa egina baitzeukaten klasean irakaslearekin.     

Leitzaran institutuko ikasleak Burdinako kideekin Gordelekuan (Argazkia: Leitzaran Institutua)

Kasik jaio zenetik izan zen Burdinako kideen gogoa geure arbasoen lanbideak, bizimodua eta pentsamendua islatuko zituen museo modukoa antolatzea. Urtetako ibilbidean, han-hemen era guztietako ondarea joan dira jasotzen, eta lanbidez-lanbide eta arloz-arlo antolatu dute txukun-txukun Extremadura kalean kokatzen den museoa, Andoaingo udalak utzitako egoitzan.

Burdinako kideek amets izan zuten hori 2022ko urrian gauzatu ahal izan zuten. Orduan ireki zituen ateak Extremadura kalean kokatzen den Gordeleku Etnografikoak, eta harrezkero, geroz eta bisita gehiago ari da jasotzen. Leizarango ikasleen bisitaldia probestu nahi izan du elkarteak bi mezu zabaltzeko herritarri. Batetik, gogorarazi dute museoak ateak zabalik dauzkala edonorentzat. Bestetik, deialdia luzatu dute herritarrei arbasoengandik jaso eta etxean gordeta dauzkaten trasteak dohaintzan ematen segi dezaten. Dagoeneko 1.800 pieza baino gehiago bildu eta txukundu bisitariek ikusteko moduan. Egoitza txikia geratzen ari zaien arren, azpimarratu dutenez, beti egingo zaie ongietorria geure historia, tradizioak eta ohiturak bistaratzen dizkiguten pieza etnografikoei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!