Israelen zerikusia daukaten produktuekin boikota, desinbertsioa eta zigorrak bultzatzen dituen BDZ mugimenduak iragarri du Israelgo produktu guztiak erretiratu dituztela Uvesco Taldeko BM eta Super Amara supermerkatuek eta Eroskik, “boikot eta herritarren presio kanpaina” baten ostean. Bereziki, pipak, datilak, patatak eta ahuakateak identifikatu eta kentzea izan da kanpainaren helburu nagusia.
BDZ mugimenduaren ustetan elikagaien sektoreko enpresa horiek hartu duten erabakiak erakusten du “herritarren antolakuntza ezinbestekoa dela presio kanpainak artikulatzeko eta, horien bidez, gure inguruko enpresa eta erakundeak erregimen sionista genozidarekin dituzten harremanak haustera bultzatzeko”.
Beste hainbat enpresa ere, jomugan
Bestalde, Euskal Herriko BDZ mugimenduak gogorarazi du Lidl, Aldi, Mercadona eta Carrefour bezalako kateek Israelgo produktuak saltzen jarraitzen dutela oraindik ere. Carrefourrek “bere inplikazio eta konplizitate mailagatik” aparteko aipamen berezia merezi duela gaineratu du. “Izan ere eutsi egin dio Israelgo enpresekin duen akordioari. Israelgo Electra Consumer Products eta bere filiala den Yenot Bitan enpresekin du akordioa, biak ala biak Israelgo legez kanpoko kolonien ezarpenean lanean ari diren enpresak. Honek Carrefour genozidioaren eta Israelgo apartheid erregimenaren kolaboratzaile bihurtzen du".
Francesca Albaneserentzat Rene Cassin Saria
1967tik Okupatuetako Palestinako Lurraldeen Giza Eskubideen Egoerari buruzko Nazio Batuen Errelatore Berezia den Francesca Albaneseri eman diote Rene Cassin Saria aurten. Atzoko ospatu zen Bilbon sari ematea.
Hautagaitza hori SEADen Lagunen Elkartea, BDZ Euskal Herria eta Paz con Dignidad-Omal erakundeek batera aurkeztu zuten, 118 erakunde eta1200 pertsona baino gehiagoren babesarekin.
Epaimahaiak azaldu duenez, Albanese hautatua izan da “oinarrizko eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren defentsan tinko aritzeagatik” nabarmendu dute Albanese.
2003. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen sariketa da Rene Cassin, eta giza eskubideen aldeko jarduera nabarmenak publikoki aitortzea da bere xedea. 1968an Nobel saria jaso zuen Rene Cassin lapurtarra Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da.
BDZk gogoratu duenez, Albaneseren hautagaitzak, “nolabait aitortu nahi zituen Israelgo estatu sionistak, Mendebalde Globaleko enpresa eta instituzioen laguntzarekin, Palestinako herriaren aurka egiten duen genozidioaren kasuan, bereziki, eta baita munduko herrialde askotan ere, okupazio kolonialaren eta espoliazioaren inguruan ematen den isiltasunaren, gelditasunaren eta konplizitatearen aurka altxatu diren ahots guztiak”
BDZren ustez, Albaneseri eman zaion saria “totalitarismoaren haize berrien aurka eta zenbait erakundeen konplizitateen aurrean, kontzientzia solidarioa erakusten jarraitzen duen gehiengo sozial baten garaipena da”.
Epaimahaiak Albaneseren lanaren "zorroztasuna, ausardia eta giza eskubideen nazioarteko sisteman oinarritzen diren balioekiko fideltasuna" azpimarratu ditu BDZ ekimenak. Albanese “nekaezina” da, BDZren ustetan “nahiz eta Beasaingo CAF bezala, genozidioaz aberasten diren enpresen bere salaketak mehatxu eta arazo larriak ekarri dizkion”.
Azkenik, Albanesek saria jaso izanaren harira, “guztiz beharrezkoa eta indarrean” dagoen mezua zabaldu nahi izan du gizartean BDZ ekimenak: “Formalki su-etena dago, baina errealitateak erakusten du urraketak ez direla eten: bonbardaketak, indarkeria, blokeoak, laguntza falta, etengabeko suntsiketa. Autodeterminazio eskubidea urratzen den bitartean proiektu kolonialak aurrera jarraitzen du. Horregatik, bere presentzia ziurtatzeko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta, topaketa honekin, bere ahotsaren, bere lanaren eta ordezkatzen duen guztiaren balioa aldarrikatu ahal izateko”.