Luis Fracaren abestiak biziberrituko dituzte bi piano-jotzaileek eta Irungo Orkestra Sinfonikoak

Aiurri 2025eko abenduaren 12a

Myriam Ulanga, Alicia Sanz eta Luis Fraca, 2016ko Kaletxikiko jaietan, Gora Kaletxiki txarangak musikariari omendu zuen egunean

Irungo Luis Mariano Lirika Elkarteak eta Miryam Ulanga eta Uxue Ricon piano-jotzaileek Andoainen itzal handia utzi zuen Luis Fraca Royo musika-irakaslea eta konposatzailea gogoan hartuko dute, larunbat arratsaldean.

Iker Sanchezek zuzentzen duen Irungo Luis Mariano Elkarte Lirikoaren Orkestra Sinfonikoak eta Myriam Ulanga Elorz eta Uxue Ricon Ulanga piano-jotzaileek interpretatuko dituzte Fracaren hainbat abesti.

Irungo Luis Mariano Elkarte Lirikoaren Orkestra Sinfonikoa

Musikazaleentzat “egundoko oparia” dela kontzertua eta Basterora larunbatean bertara daitezen animatu ditu Myriam Ulangak. Piano-irakasle izan zuen Fraca, eta musika munduan aita ponteko ere izan zuela aitortzen du. “Ordu mordoa pasa genuen pianoarekin, izugarri irakatsi zidan. Gozatu egiten nuen bera pianoaren aurrean jarri eta bat-batean doinuak asmatzen hasten zenean”. Esan beharrik ez dago zenbateraino izango den apartekoa Ulangarentzat larunbateko kontzertua, “barruak mugitzen ari zaizkit, oroitzapen eta emozio ugari eragiten baitizkit kontzertuak. Izan ere, osagai mordoa biltzen du berarekin: Fraca egilea protagonista nagusia izango delako, joko diren doinuetako batzuen atzean dagoen historia berezia delako eta horietatik gertu ibiltzea egokitu zaidalako niri, orkestra sinfoniko galanta oholtzan bilduko delako, alaba eta biok piano-jotzaileak izango garelako...”.

“Ordu mordoa pasa genuen pianoarekin, izugarri irakatsi zidan"
Myriam Ulanga

Luis Fraca eta Myriam Ulanga Basteron, 2006ko maiatzean. Fracaren haibnbat abesti estreinatu zituzten orduan (Argazkia: Myriam Ulanga)

Emozio handikoa, Ulangarentzat

Behinola, Fracak Ulangari utzi zizkion bere bizitzan sortu izan zituen obren partituren esku-izkribuak, eta honek ondo zaindu ditu geroztik. “Ohore bat da bere sormenetik sortutakoak interpretatu eta jendaurrean erakutsi ahal izatea. Are gehiago, orkestra sinfoniko batekin bere partiturak biziberritu ahal izatea; gehiago ezingo luke eskatu piano-jotzaile batek!”.

Ulanga oso eskertuta dago larunbateko kontzertua gauzatu dadin Luis Mariano Orkestra Sinfonikoaren eta Roberto Nuño Donostiako Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko zuzendari ohiak erakutsi duten prestutasuna. Nuñori dagokionez, bere gain hartu duen lana azpimarratu nahi izan du Ulangak. “Fracaren partituren esku-izkribuak digitalizatu eta instrumentalizatu egin ditu orkestra sinfoniko batek jo ditzan; soka-tresnentzat (biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua) eta gainerako musika tresnentzat moldatu dituela, alegia. Kontzertua amaitu ostean, oraindik ere behar diren azken zuzenketatxoak egingo dizkie partiturei, eta ondoren, Eresbil Euskal Herriko Musika Artxiboaren esku utziko ditu”.

Fracaren musika definitzeko eskatuz gero, "kalitate handikoa" eta "entzungarria" dela nabarmendu nahi izan du Ulangak, “erromantizismoaren eta inpresionismoaren unibertsoetatik joaten da maiz. Atmosfera berezi batean murgildu nahi izaten du; kromatismoak gogoko ditu asko, eta konposizioen eskala nagusitik ihes egiten duten notekin jolasten du; erritmoekin kontrasteak edo soinuen arteko borrokak itsasten ditu maiz bere konposaketetan.

Andoaingo musika akademian piano eta gitarrako ikasketak eskaini zituen Fracak

Fraca, konposatzaile oparoa

Luis Fraca Royo Ainzon herrian (Zaragoza) jaio zen 1929an, eta 2024an hil zen. Gaztetan, “Musika Zibilen Banden Gorputzeko” titulu ofiziala lortu zuen Madrilgo Kontserbatorioan ikasi eta gero, eta Sestao eta Zaragozako Sos del Rey CatÛlico eta Caspeko herrietako Musika Bandetako zuzendaria izan zen 1957a arte. Hurrengo urtek aurrera, berriz, Andoaingo Musika Eskola (1958-1989) eta Banda (1958-1972) zuzendu zituen. Andoaingo musika akademian piano eta gitarrako ikasketak eskaini zituen batik bat. 

Luis Fraca Andoaingo Musika Banda zuzentzen 60ko hamarkadan (Argazkia: Andoaingo Udal Artxiboa)

Irakasle ez ezik, konposatzailea ere izan zen, “nire gozamenerako eta entretenimendurako egin izan ditut obra guztiak”, aitortu izan zuen behin baino gehiagotan. Horrela, amaitezina da bere katalogoa, era guztietara interpretatzeko abestiez osatua: musika banda, orkestra sinfonikoa, kamera musika, pianoa, biolontxeloa, gitarra...

Bi zatiko kontzertua

Bi zatitan banatu dute kontzertua. Bietan ariko da Iker Sanchezek zuzentzen duen orkestra sinfonikoa. Uxue Ricon piano-jotzailea lehen zatian ariko da, eta bigarrengoan Myriam Ulanga piano-jotzailea.

Horrela, lehenengo zatian, eta kontzertuari hasiera emateko, “Andoain” izenburuko pasadoblea joko du orkestrak. Ondoren, “Piano eta orkestrarako gazte-kontzertua Op. 3” obra joko dute Luis Mariano orkestrak eta Uxue Ricon Ulanga piano-jotzaileak. Hiru mugimenduko obra da hori.

“Piano eta orkestrarako gazte-kontzertua Op. 3” obra joko dute Luis Mariano orkestrak eta Uxue Ricon Ulanga piano-jotzaileak.

Uxue Ricon Ulangak kontzertuko lehen zatian joko du pianoa

Fracak 50eko hamarkadan konposatu zuen obra hori, eta 1986ko apirilean, Donostiako Kontserbatorioko Orkestrak estreinatu zuen, Tomas Araguesen gidaritzapean eta Myriam Ulanga piano-jotzailearekin. 

Kontzertuko bigarrengo zatiari, Fracak bere jaioterriari eskaini zion “Ainzon Jota Aragonesa del Huecha” interpretatuz ekin dio orkestrak. Segidan, “Piano eta orkestrarako 2. kontzertua, Op. 26, la minorrean” helduko da, orkestraren eta Myriam Ulanga piano-jotzailearekin. Lehengo zatiko obraren antzera, honek ere hiru mugimendu ditu berarekin.

Fracak obra hori 1986ko apirilean konposatu zuen, eta 2006ko maiatzean estreinatu zuten Andoainen, Myiriam Ulanga piano-jotzailearen eskutik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!