Bi mobilizazio iragarri ditu Sarek, “Egoera hau ezin baita gehiago luzatu!”

Aiurri 2025eko abenduaren 12a

Andoaingo Sarek “Egoera hau ezin baita gehiago luzatu! Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza” goiburu duten bi mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak, atzo egindako agerraldian. Lehena, Andoainen, abenduaren 31n, 18:00etan izango da, Goikoplazatik abiatuta. Bigarrena, berriz, nazio mailakoa izango da, eta Bilbon egingo da, urtarrilaren 10ean.

Bilbora joateko autobus txartelak jada Irunberri tabernan eskura daudela iragarri dute.

“Preso daudenen eskubideak defendatzeko eta, batez ere, Euskal Herrian konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko” antolatu direla Gabon garaiko mobilizazioak, adierazi dute Sareko kideek.

”Eskubideez ari garela” gogoratu nahi izan dute, “zuzenbide estatu batean eskubideak, definizioz, ezin dira urratu eta, urratzen badira, salaketa egin eta babestu behar dira. Eskubideak defendatzea betebehar zibikoa da”.

Gehitu dute 34 urte behar izan direla “urruntze politika ankerra bertan behera uzteko, 2023ko martxoan, zehazki. Beste hainbeste urte behar izan dira ia preso guztiak espetxeko lehen gradutik, hau da, erregimen itxitik, ateratzeko. Espetxeko erregimen horrek salbuespena izan beharko luke, kontuan harturik presoen eskubideak nola mugatzen dituen”.

 

Bidea elkarrekin egiteko, gizarteari deialdia

Sareren iritziz 2023. urteaz geroztik, aurrerapauso nabarmenak egin dira “eta orain, gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen prozesuaren azken txanpari ekin behar diogu. Eta bidearen azken zati hau beharrik gabe gehiegi luza ez dadin, euskal gizarte osoari dei egiten diogu. Egin dezagun bide hori elkarrekin, atxikipen ideologikoak alde batera utzita. Egin dezagun apustu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde”.

Kartzeletan zenbat preso eta zein egoeratan dauden zehaztu du Sarek: “Euskal Herriko kartzeletan 123 preso daude, eta beste 3 Frantziako espetxeetan. Gogora ekarri nahi dugu, halaber, preso horietatik 63 espetxeko bigarren graduan daudela oraindik, zigorraren erdia bete badute ere, legearen arabera hirugarren gradura pasatzeko behar den zigor zatia, alegia”.

Preso horietatik %25ek baino gehiagok (32) zigorraren zati handi bat bete duten arren, Sarek salatu duenez horiek ez dute “orain arte irteera programaturik edo espetxe baimenik izan, espetxe arloko araudian ezarrita badago ere posible dela neurri horiek ezartzea zigorraren laurden bat beteta izanez gero”.

Sareri zaila egiten zaio ulertzea “irizpide arbitrario eta diskrezionalen aplikazioa izatea Euskal Espetxe Eredua deitutakoaren oinarria. Preso guztien gradu-progresioa ez da berdina izan behar, baina denei irizpide berberak aplikatu behar zaizkie. Eta EAEko espetxe agintari nagusiek argi jokatu behar dute gai honetan”.

 

Salbuespen egoera desagertzeko eskaera

Salbuespen egoera jomugan jarri du Sarek, “Izan ere, salbuespenak mantentzen dira eremu politikoan eta legeen arloan, non eskubideak murrizten dituzten legeak baitaude indarrean, beste garai batzuetan preso hauentzat propio onartu zirenak. Orduan ere gaitzesteko modukoak ziren lege horiek, eskubideen urraketa eragiten zutelako, eta are gaitzesgarriagoak dira orain, ETA desagertu zenetik 15 urte baino gehiago iragan direla”.

Salbuespenak eremu judizialean ez direla desagertu esanez jarraitu du, eta gehitu, “espetxe zuzenbide arruntetik urrun dauden jarrerak” daudela “salbuespeneko irizpideekin eta legeak hitzez hitz dioenaz haragoko exigentziekin. Espetxeko tratamenduan ere salbuespenak daude oraindik”.

Azkenik, “orokorrean egin den aurrerabidean gehiago sakondu” behar dela aipatu du du Sarek, “inertziak hautsi, klitxeak eta aurreiritziak baztertu, eta espetxe eredu aurreratu bati dagozkion irizpideak aplikatu behar zaizkie preso horiei; iraganari lotutako jarrerak, hondarrekoak badira ere, gainditu behar dira, gizartera itzultzeko prozesuak oztopatu edo atzeratzen dituztelako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!