Ander Iriarte zuzendariak adituekin eta biktimen testigantzekin egindako “Karpeta Urdinak” dokumentalak EAEn gutxienez 5.379 herritarrek torturak jasan dituztela baieztatzen duen txostena du oinarri. Eusko jaurlaritzak eskatuta, Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) egin zuen txosten hori, eta 2016an aurkeztu zuen.
Azaroaren 27an, dokumentala proiektu ostean, Euskal Herriko Torturatuen Sareak egindako ibilbidea azaldu zien Gorka Loranek Bastero Kulturgunera hurbildu zirenei. Kursaalean 2015ean egindako batzar batean sortu zela eta lau helburu finkatu zituela orduan, zehaztu zuen: “Ahalik eta torturatu gehien saretzea, aitortza kolektiborako bidea urratzea, zaintza, eta, geure kontakizuna eraikitzea”.
Lau asmoak deskribatzen hasita, karpeta torturatuak saretzeko eta errolda definitiboa egiteko bitarteko gisa erabiltzen ari direla esan zuen, lehenbiziko eta behin.
Aitortzarako, berriz, bi bide jorratzen ari direla esan zuen: EAE eta Nafarroako legediak (torturatuek beren kasuak azal ditzaten), eta, Kriminologiaren Euskal Institutuak bi lurraldeetan egindako ikerketa bana.
Bi ikerketen arabera, ia sei milako kopurura igotzen da orain arte onartu diren tortura kasuak. Bada, bi txosten horiek inflexio puntutzat jo zituen Loranek. “Tresna egokiak dira aurre egiteko torturaren negazianismoari. Izan ere, ofizialki onartzen baita ia sei mila torturatu dituela Euskal Herriak. Horrek benetako dimentsioa ematen digu, herri txiki bat garela kontuan hartuz gero. Alegia, sistematikoa izan zela torturaren erabilera”.
Zaintza ere izan zuen hizpide Loranek. “Elkarkidetzari garrantzia ematen diogu, elkar topatzeko espazioa behar dugu, babesgunea hitz batean”.
Azkenik, kontakizunaren arloa jorratu nahi duela laugarren helburuak, zehaztu zuen: “Izan ere, guk ez badugu kontatzen gertatu zaiguna, inork ez baitu kontatuko gure izenean”.
Jarraian, Ander Armendariz Andoaingo torturatuen taldeko kideak zenbakietara eraman zuen torturaren fenomenoa, Andoaingo herriari dagokionez: “Andoainen, 1960az geroztik, 205 pertsona izan dira atxilotuak (26 emakume, 179 gizonezko). Horietatik 78k salatu dituzte torturak (sei emakumek, 72 gizonezkok). Baina horrek ez du esan nahi horiek soilik izan garenik torturatuak. Guk dauzkagun datuak dira horiek, oraingoz”.
Azkenik, Gorka Loranek zein Ander Armendarizek Andoainen tortura jasan duten herritarrei dei berezia egin zieten, karpeta urdina eska dezaten, bertan konta dezaten beren bizipena, eta sarearen esku utzi dezaten.
Ainhoa Cresporen hitzartze sentikorra
Ainhoa Crespok hitza hartu zuen, ekitaldiari amaiera emanez. Bere bizipen pertsonala biziberritu, eta bezperan etxean idatzitako orrialdea irakurri zuen. Aparteko bihotz-urratua eragin zuen Basteron bildutako entzuleengan. Hona, idatzia:
“Ez naiz luzatuko, dokumentalak zehatz-mehatz kontatu baitu hainbeste aldiz entzun dugun eta aldi berean hain ezezaguna den hitz honen atzean dagoena: TORTURA.
Nola azaldu hitz gutxirekin zer ezkutatzen den, zer sentitzen den, nola gogoratzen den, bere ondorioak… Egia esan, urteetan ez dugu gaiari buruz ezta ezer entzun nahi izan, pentsatuz hitz egiten ez bagenuen, denborarekin pasatu eta ahaztu egingo zela.
Eta gero konturatzen zara hamarkadak edo mendeak igaro arren, kasu gehienetan ezinezkoa dela zauriak barneratzea, leuntzea, ixtea eta ahaztea. Hasi gara hitz egiten, gaia lantzen, babestuta sentitzen, kontatu genuena gertatu zela zalantzan ez jartzen, ez genuela dena asmatu eta geure burua zauritu, alegia, baizik eta gu akabatzeko makina oso bat zegoela diseinatuta.
Egunotan 40 urte bete dira Mikel Zabaltzaren heriotza gertatu zenetik. ELAko kidea zen, eta kito; hori izan zen bere delitua. Bahitu egin zuten, egun askotan desagertuta egon zen, terrorismoaren aurkako legea aplikatu zioten; nire kasuan bezala, 5 egunez pertsona bat inkomunikatzea ahalbidetzen zien legeak, edo 10 beste kasu batzuetan bezala; eta kanpotik eta barrutik txikitu. Eta Mikel hilda agertu zen Bidasoa ibaian, bertsio arranditsu batekin. Dokumentuak ez desklasifikatzeko eta, errudunak epaitu beharrean, kontrara, kondekoratuak izateko aukera ematen dieten lege horietan guztietan babestu dira.
Askotan entzun dut 'eskuetatik joan zaie' esaldia; baina beti, egiazki, atxilotuek jasandako tortura kasu bakoitzean, eskuetatik joan zaie. Bost egun nekagarri. Lorik egin gabe, jan gabe; poltsa buruan jasanez, eta botaka egin eta zeure oka irentsi arte; elektrodoak; bortxaketa mehatxuak, txanoa jantzita ordu luzez biluzik egon beharra, nork umiliatzen eta iraintzen zintuen ikus ez zenezan.
Batzuetan kontatzea ere lotsa ematen duten gauzak bizi behar... Eta erlojua geldirik, ez ordurik ezta minuturik eman gabe; denborak ez zuen aurrera egiten, eta behin eta berriz itzultzen ziren egoera horretan zuretik geratzen den horrekin jolasteko asmoz.
Gutako bakoitzak geure bizkar gainean zamatu behar izan dugu guztia, ahal izan dugun moduan, eta gogorra izan arren, erabaki dugu isiltasun hori haustea eta errealitate hori ikusaraztea. Erabaki hori konpontzailea izan daitekeela uste dugu, nahiz eta oraingoz konpontzailea baino gogorragoa izaten jarraitu.
Baina nola hitz egin inkomunikazio garaiko torturei buruz, gerora zain genituenari buruz hitz egin gabe, kartzelari buruz alegia?
Eta zigor handiagoa euskaldun izateagatik soilik. Epaitu aurretik kondenatuak. Denak balio zuen bere eskuetan geundela gogorarazteko.
Inkomunikazioa, isolamendua, bisitarik gabeko zigorrak... Gure senide eta lagunek infinituraino bidaiatzen zuten, biluztu egiten zituzten gu ikusi nahi izatera, azkenak uzten zizkieten urrutitik zetozela bazekitelako, eta urrutira itzuli behar izaten zuten bisiten ostean. Justifikaziorik gabeko lekualdaketak, jipoiak, eta abarrak.
Zenbat aldiz ez ote garen gose greban murgildu, gure eta gure familien eskubideak aldarrikatzeko!
Hori guztia kontatzen dut badakidalako noiz hasten diren zu torturatzen, baina ez noiz amaitzen den tortura, eta, urte luzez, gertaera horien kontura ezkutuan egin dugulako negar".