2026ko Udal aurrekonturako proposamen zerrenda aurkeztu du EAJ-PNVk

Aiurri 2025eko abenduaren 15a

EH Bildurekin kritiko agertu dira jeltzaleak: "urtea amaitzear da eta EH Bilduren Gobernu taldea ez da gai izan 2026ko aurrekontuen zirriborroa garaiz aurkezteko".

EAJk EH Bilduren ekimen falta kritikatu du: "edozein erakunderi eskatu behar zaio urte berria aurrekontua bideratuta hasteko ahalegina egitea, eta Andoaingo kasuan ez da horrela izango, Gobernu Taldeak gehiengo osoa bermatuta duen arren".

Egoera horren aurrean, jeltzaleek neurri sorta bat erregistratu dute Udalean:

Andoaingo aparkaleku-arazoari irtenbidea ematea. Leitzaran institutuko atzealdean aparkaleku bat, 100 ibilgailurentzat tokia izango lukeena. Horrez gain, Galardin beste aparkaleku-proiektu bat amaitzear dago, 20 plaza gehigarriekin.

Trantsizio energetikoa eta auto-hornidura bultzatzea. 100.000 euroko partida sortzea eskatu dute eguzki-plakak instalatzeko: 70.000 euro OPUA eraikinean eta 30.000 euro Bastero Kulturgunean edo hilerriko sapaian.

Leizaur lokalaren eta plazaren egokitzapena burutzea. EAJk 60.000 euro gordetzea proposatzen du ondoko lokala egokitzeko eta kanpoko plaza antolatzeko.

Bertxingo zentralaren eguneratzea jarraitzea. 2025ean hasitako lanekin lerrokatuta, gutxienez 50.000 euroko partida bermatzea eskatuko dute.

Udal liburutegi berria bultzatzea. 60.000 euro eskatu dituzte Hirigintza arloan proiektua idazteko, eta beste 60.000 euro Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO/PGOU) aldatzeko lanak hasteko.

Ondarretako irisgarritasun eta urbanizazio hobekuntzako proiektuaren 1. FASEA abiaraztea. Ondarreta atzealdean, etxebizitzetara sartzeko oztopo nagusiak pilatzen dira bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!