Centre Delàs D´Estudis Per la Pauko Max Carbonell izan zen hizlarietako bat. Bartzelonan du egoitza 25 urte bete dituen elkarte horrek, baina baditu ordezkaritzak estatuko hainbat lurraldetan; horien artean da orain gutxi Andoainen zenbait herritarrek sortu duten eta Basteron hitzaldia antolatu zuen talde kolaboratzailea.
Ikerketa da bere ardatz nagusia: gastu militarra, armagintza, enpresen finantziazioa eta armen merkataritza, nazioarteko gatazkak... Txostenetan biltzen ditu bere ikerketen emaitzak, eta eskuragarri jarri bere webgunean (www.centredelas.org). Bi txosten plazaratu ditu berriki, honako gaiak aztertuz: armagintzarekin lotutako Espainia eta Israelen arteko harremanak 2023ko urriaz geroztik, eta, Gazako genozidioaren finantzaketan bankuek daukaten erantzukizuna.
Espainia eta Israel
Centre Delásek hiru arlotan sakondu du ikerketa azken urtetan. Lehenik, Espainiako inportazio eta esportazioak, Israel tarteko. Bigarrenik, kontratu publikoen bidez, Espainiak Israelen filialak diren enpresei egindako erosketak. Eta hirugarrenik, Espainiako armagintza-sistemetan Israelgo osagaien erosketak; Espainiako eta Israelgo arma-enpresek partekatzen dituzten egitasmoetako kooperazio-lanak; Espainiako itsas-portuetan armaz jositako itsasontzien trantsitua, nahiz eta indarrean egon arma-blokeoa; eta, Espainiako mota desberdinetako erakundeek (enpresak, unibertsitate publikoak eta pribatuak...) Israelgoekin dauzkaten kooperazio-egitasmoak.
Era horretan, gezurtatu egin zuen Pedro Sanchezen gobernuak azken aldian agindutakoa, palestinarrek pairatzen duten genozidioa amaitze aldera. “Frogatu ahal izan dugu azken bi urtetan ez dela eten esportazioen eta inportazioen arloa; kontratu publikoen bidez egindako adjudikazioekin jarraitu da harreman hori. Esate batera; 46 kontratu sinatzeko eta gerra-tankeen aurkako misilen-sistemak erosi ahal izateko, mila milioitik gorako gastua egin du era horretan”.
Ildo beretik, iruzurtzat jo zuen Gobernuak 2025eko irailean indarrean jarri zuen armen-enbargoaren legea, “zulatuta datorkigu alderdi askotatik: gobernuak interes orokorraren arrazoia erabili dezake enbargoa bertan behera uzteko; ez du ekiditzen beste herrialderen bat bitartekari izanik inportazioa nahiz esportazioa gauzatu ahal izatea; ez du mekanismo zehatzik ezartzen, itsas-portuetan armen trantsitua gauza dadin…”.
Genozidioaren finantzaketa
Nazioarteko legaltasuna urratuz Israelek Palestinan okupatu dituen lurraldeetan kolaboratzen duten munduko erakundeen finantzaketa-sistemak ere aztergai ditu Centre Delásek. “Banku armatutzat jo behar da bankuek, inbertsio-fondoek, pentsio-fondoek, seguru-etxeek... osatzen duten erakunde-multzoa; Israelgo konplexu militar-industriala finantzatzen du”. Alde horretatik, Espainian, 12 finantza-erakunde identifikatu dituzte. “Tartean, nabarmentzekoak dira Banco Santander, BBVA eta Caixa Bank; lau mila milioitik gora inbertitu dute Palestinako okupazioa sustatzeko orduan, negozioa egiteko”.
Euskal Herrian finkatu zituen begiak Carbonellek, azkenik. ”Bertan egoitza, bulegoak, jarduna... dauzkaten 45 arma-enpresetatik, bederatzik Israelekin badaukate harremana. Horien artean, SAPA aipatu beharra dago. Tess Defence enpresen partzuergoko kidea da, eta milaka milioiko kontratuko VCR Dragon karro-blindatuaren proiektuan sartuta dago. Ekoizpena Espainiako enpresei dagokien arren, Israelgo industriarekin elkarlanean ari dira”.
SAPAren kontratu milioiduna, auzitan
Azken aldian La Sapa de los Aperribay eta Conversion de la industria militar en Euskal Herria liburuak plazaratu dituen Gasteizkoak kolektibo antimilitaristako kide Antonio Escalante izan zen bigarren hizlaria Basteron.
Azken aldian SAPAren gainean prentsan zabaldu den albistea hartu zuen ahotan, bereziki. Hots, SAPAk AEBetako General Dynamics multinazionalarekin bat egin duela, 5.000 milioitik gorako kontratua sinatu duela, eta, horri esker Pentagonoko belaunaldi berriko ibilgailu blindatuen transmisio-sistema landuko duela ziurtatu zuen prentsa-albisteak.
Bada, Escalantek auzitan jarri zuen albistearen sinesgarritasuna. “Oraingoz, General Dinamicsek eta biek AEBko gobernuari proposamen bateratu bat aurkeztu diote, ez besterik. SAPAk webgune ofizialean ez du ustezko kontratu milioidun horren gaineko hitz-erdirik idatzi, eta modu manikeoan Vocento prentsa-taldean filtratu du. Gainera, ez da batere normala Jokin Aperribay azken hiru hilabetetan defentsa eta industria ministroekin, Sanchezekin eta Pradalesekin bildu izana, eta horiei oihartzun mediatiko handia eman izana. Ez litzateke lehen aldia izango komunikabideak erabiltzen dituela promozio-kanpaina egiteko, irudia zurituz, kontratu berriak sinatzeko asmoz”.
Saparekin gauzak deigarri gehiago gertatzen ari direla, gehitu zuen. Defentsa eta segurtasun arloko Indra holding enpresa barruan gertatzen ari diren mugimenduekin lotu zuen harridura hori, “Akzioduna da, eta inbertsio handiak egin ditu eraginkorragoa izateko bertan. Baina badirudi defentsa-sistemak ekoizten dituen Escribano enpresa, ibilgailuen ekoizpenean lehiakidea duen horrek, aurrea hartu diola; SAPA erabakitzeko gaitasuna galtzen ari da era horretan”.
SAPAri Indran daukan parte-hartzea katramilatsua gertatzen ari zaiola esanez segi zuen Gasteizko hizlariak. “Egundoko atzerapenekin dabil Tess Defence enpresen partzuergoak bere gain daukan VCR Dragon karro-blindatuaren egitasmoa, eta SAPAri egozten diote porrotaren errua nagusiki, huts egiten ari omen delako berari dagokion transmisio-sistema. Hori da, behintzat, Espainiako zenbait komunikabideen interpretazioa”.
Indran egindako inbertsioari esker irabaziak eta ekoizpena hazten ari zaizkion arren, SAPAren etorkizuna ez dago batere argi, Escalanteren ustez. “Orain bi urte plazaratutako liburuan adierazi genuen finantzaketa arazo larria daukala, egundoko zorrak ogasunarekin aspalditxotik”.
Bestalde, SAPAren etikarik gabeko jarrera salatu zuen: “bulartsuki agertzen dituen irabazi horiek gero ez dira inondik ere langileengana iristen; horiek, 2024an greba mugagabeari ekin behar izan zioten, KPIaren neurrirako soldata eskatzeko”.
Eboluzio kezkagarria
Euskal Herrian armagintzaren gaineko pertzepzioak eduki duen eboluzio kuantitatibo zein kualitatibo kezkagarria aipatu zuen hitzaldian Escalantek: “2008an, datu bilketa egiten hasi, eta armagintzarekin lotutako 70 enpresa identifikatu genituen. Azken urtetan berriro egin dugu kontaketa, eta 210ra gehitu zaigu zerrenda. Ez hori bakarrik, aldaketa ere sumatu dugu enpresarioen ez ezik gizartearen mentalitatean, okerrerako aldaketa: espiritu antimilitarista eta intsumisoa edukitzetik, armagintza normaltzen duen gizarte batera igaro garela dirudi. Adibide esanguratsua izan liteke errodamenduak egiten dituen Bergarako familia-enpresa bat, bere webgunean azaltzea Arabia Saudiko arma azoka batean jekeekin argazki batean, eta harrotasunez adieraztea industria militarrarentzat lan egiten duela. 2008an edo lehenago, hori guztia ezkutatu edo mozorrotu egingo zuten, gaur egun, kontrara”.
Militarretik zibilerako konbertsioa
Escalantek aitortu zuen euskal mugimendu antimilitaristak hausnarketa egin duela azken urtetan, eta militarismoa suntsitzea azken xede izanik, “enpresa militarrek izaera zibilerako jausia egiteko proposamena” ari dela lantzen. “Ekoizpen militarra etetea lortuz gero, akabo gerra hiltzaileak”.
Oinarrizko bi printzipio defendatzen ditu Escalantek, eraldaketa hori gauza dadin: “Gure gizartean, armagintzaren sektorea da aurrekontu publikotik ehuneko ehunean bizi den bakarra. Bada, izan gaitezen herritarrok erabakiko dugunok diru publiko hori nora bideratu, eta zertarako. Eta argi edukita, aurrekontu hori ez dadila joan gizarteari ekarpen aberasgarririk eragiten ez dion industriari; etorkizuneko belaunaldiak harro senti daitezela aurrekook egindako eraldaketa horrekin”.
Industria militarraren sakoneko konbertsio horretarako eskuartean errezeta majikorik ez duela onartu arren, auzolana aldarrikatzen du, sindikalismotik, kulturgintzatik, feminismotik, gazteen ekintzailetasunetik… jasotako eskarmentuaz baliatuta. “Proposamen alternatiboak, egingarriak aurkeztu behar dira. Ekoizpen militarra deuseztatuko dutenak, eta aldi berean, ekoizpen-sistema kapitalista ere auzitan jarriko dutena”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 683 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.