Argazkilaritza da Ane Jalon andoaindarraren zaletasunetakoa. Bi sari jaso berri ditu gainera; Andoaingo Udal egutegian nahiz Foru Aldundiak argitaratu duenean bere argazki bana argitaratu dute.
Aurten birritan saritu zaituzte: Andoaingo Udalaren eta GFAren egutegian aukeratu dute zure argazki bana. Sariketa erronka al da zaletasunean sakontzeko?
Niretzat ateratzen ditut argazkiak. Kamera eskuetan dudala eta objetibotik begiratzean, beste guztia ahazten dut. Lasaitzeko edo burua despejatzeko baliatzen dut, baina egia da sariketek laguntzen didatela egiten dudan horretan gehiago sinesten. Jaso berri ditudan bi sari hauek oso garrantzitsuak izan dira eta ikaragarrizko poza eman didate. Egindako lanaren aitortza gisa bizitu ditut, eta horrek, noski, indarra ematen dit aurrera egiteko, zaletasunean sakontzen joateko eta egiten dudan horretan gehiago sinesteko.
Eta, gainera, biak abuztuan argitaratuko dira. Bitxikeria handia da. Tokia egin al diezue etxean bi egutegiei?
Oso bitxia da, eta esango nuke kasualitate handia dela bi argazkiak hilabete berean kaleratzea. Niretzako, gainera, oso berezia da bi argazkiak bi egutegietan abuztuan izatea, izan ere, ni abuztuan jaiotakoa bainaiz. Ilusio handia egiten dit horrek.
Bi egutegiak jarri nahi ditugu etxean eta non jarri erabakitzen ari gara etxekoon artean. Aldundikoa, gainera, formatu handiko egutegia da eta toki asko behar du. Oraindik ez dakigu oso garbi non jarriko ditugun, baina garbi dugu biak jarriko ditugula.
Zer sentitzen duzu Andoaingo hainbat tokitan zure argazkia egutegian ikusita?
Egutegia nonbait zintzilik ikustean edo norbait zoriontzera gerturatzen zaidanean, harrotasuna eta poza sentitzen ditut, bereziki nire lan hori andoaindarrekin partekatu nahi nuelako. Hori zen nire helburu nagusia, Andoaingo kulturaren zati txikitxo hori andoaindar guztien eskura jarri nahi nuen; argazkia aukeratua izan zenez nire helburu hori lortu dut eta ikaragarrizko poza eman dit.
Aldundikoan ehunka argazki aurkeztu dira eta aukeratua izateak balioa handiagoa du, ezta?
Pertsonalki, bi lehiaketek balio bera dute niretzat. Bi sariak irabazi izanak ilusio izugarria egin dit, baina egia da Aldundikoan askoz ere jende gehiago eta argazki gehiago aurkeztu direla eta horien artetik nirea aukeratua izana, pertsonalki lorpen handia izan da. Gainera, espero ez nuen zerbait izan zen.
Lehen aldia izan da lehiaketa horretara aurkeztu naizela. Argazkia bidali nuenean kontzientzia gutxirekin bidali nuen, parte hartzeagatik. Nire argazkia aukeratua izan zela esan zidatenean, harrituta eta oso pozik jaso nuen berria. Aitortza bat da eta baita nire buruari ondo ari naizela esateko modua ere. Nire zaletasunean sakontzen jarraitzeko bultzada eta indarra eman dit.
Argazkiak ateratzean, estilo zehatzik ba al duzu? Deskribatu al daiteke zure argazkilari joera?
Ez nuke esango estilo zehatz bat dudanik. Bereziki gustatzen zait Andoainen argazkiak ateratzea, kaleko irudiak edota ekitaldi bereziren bat dagoenean. Nire artxibategi pertsonala izateko egiten dut hori. Asko gustatzen zait duela hogei urte ateratako argazki haiek ikustea. Agian momentu hartan niretzako balio gehiegirik ez zuten irudi horiek orain ikusten ditudanean, konturatzen naiz Andoaingo historiaren zatitxo bat jaso dudala nire artxibategian. Horregatik gustatzen zait bereziki Andoaingo argazkiak egitea. Paisaiak ere jasotzen ditut, baina ez nuke esango estilo zehatz bati jarraitzen diodanik.
2026ko deialdiei begira, motibazio erantsia al da aurten bi sari jaso izana?
Egia esan, ez dakit motibazio erantsia den, baina oso gogotsu nago eta aurrera egiteko indarra eman dit saritua izateak. Gogo gehiago dut argazkilaritzan jarraitzeko eta badut asmoa eta ilusioa datorren urteko deialdietan parte hartzeko. Bitarte horretan, argazkiak egiten jarraitu, ikasteko prozesuan aurrera egin, Andoaingo txoko eta ekitaldiak jaso, eta ahal dudan heinean andoaindarrekin partekatzen jarraituko dut.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 684 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
