Txotx denboraldia 2026

"Dibertsifikazioan lan handia egiten ari dira sagardogileak"

Jon Ander Ubeda 2026ko urtarrilaren 10a

Amaia Zubeldia. ©Sagardoa route

Kupelen artean uzta berria dastatzeko garaia iritsi da eta sektorea prest dago zaletu guztiak hartzeko. Amaia Zubeldia Sagardogileen elkarteko kidea da.

Aurtengo uzta handia izan da eta adituek diotenez, sagardo arinagoa eta freskoagoa izango da. Ezin alde batera utzi, halere, ñabardurak. Zonaldearen arabera eta erabilitako sagar motaren arabera, zaporea eta heltze puntua aldatuz joango da toki batetik bestera.

Denboraldiaren hasieran, Sagardoa Route ekimenean buru-belarri ariko da Amaia Zubeldia andoaindarra.

Norantz doa sektorea?

Hainbat alorretik erantzun geniezaioke galderari. Produktuari erreparatuta, dibertsifikazioan lan handia egiten ari dira. Sagardo naturalaz gain, produktu gehiago: sagardo aparduna, lupuluzkoa, alkoholik gabekoa, muztioa… indar handia egiten ari dira berrikuntzan. Zergatik? Merkatua aldatzen ari delako. Alkoholaren kontsumoa, adibidez, beherantz doa eta, belaunaldi berriei begira, produktu berriak harrera ona izaten ari dira.

Bestalde, urteak dira sektorea profesionalizatzen ari direla. Baserri mundutik datoz gehien-gehienak, sagardo ekoizleak dira, hosteleroak ere badira eta, azkenean, turismoaren ikuspegia txertatzen ari da. Eta horrek guztiak profesionalizazioa ekarri du. Gero eta alor gehiago lantzen dituzte eta erronkak ez dira txikiak. Aldaketa asko ematen ari baitira: burokrazia-lanak, kalitatearen kontrola, bezeroaren arreta hobea… formakuntzan eta profesionaltasunean urrats sendoak ematen ari dira.

Turismoa aipatu duzu baina, era berean, bertakoen kontsumoa eta interesa oso handia da oraindik.

Publiko ezberdinak dituzte jomugan orain baina bertako kontsumoa da, oraindik orain, gehiengoa. Gertatzen dena da bertakoak ere begi onez hartu duela menuen eta sagardoen dibertsifikazioa. Are gehiago, sagardoari loturiko jarduerak ere bertakoen interesekoak dira. Enpresentzat, adibidez, herri-kirolen ginkanak oso gustukoak dira. Lantaldea sendotzeko ekimenak dira, team building delakoak. Interesa areagotzen ari da, era berean, ekoizpen-prozesua bertatik bertara ezagutzeko eta bisitaldi-gidatuen igoera handitzen ari da. Alor asko lantzen dira bisitaldi horietan: sagardogintza, historia, baserria, familia… Esperientzia horiek bizi dituztenen asebetetzea handia izaten ari da.

Turismoa aipatu dugu eta egia da sagardotegietara geroz eta bisitari gehiago datorrela. Zerbitzu extra horien truke prezio erantsia ordaintzeko prest dago, gainera. Oro har, kanpotarrari deigarria zaio sagardoaren prezioa. Euren herrialdeekin alderatuta, oso merkea iruditzen zaie hemengoen prezioa.

Hernanialdetik gertu daude Andoain, Aduna, Asteasu. Ikuslego zabalari begira, ondo kokatuta daude bertako sagardotegiak?

Erreserbak dagoeneko martxan daude. Lehen-lehenak betetzen Astigarraga eta Hernanikoak dira eta, ondoren, Usurbil, Lasarte-Oria eta Urnieta. Gipuzkoako barnealdea dator ondoren: bizkaitarrak, arabarrak… Beterri-Aiztondora datoz. Donostialdera iristen diren turista batzuk, kontrara, gogoko dute epizentrorik atera eta ingurura joatea, hala nola, Adunara. Beste batzuri, ordea, txikiagoak eta familiarragoak erakargarri egiten zaizkie eta tamaina horretakoak baditugu eskualdean.

Internet aipatzen hasita, sagardoaren salmentarako denda zer nolako harrera izaten ari da?

150 produktutik gora ditugu on line dendan eta askotarikoa da eskaintza: gerezi-sagardoa, lupuluz eginikoa, aparduna, muztioa… ia 50 ekoizleen aldetik iristen zaigun aukera zabala da. Salmentak estatu mailan handitzen ari dira. Katalanak, madrildarrak, andaluzak… hona etorritako bisitariek etxera itzultzean egiten dute internet bidezko eskaera.

Nazioarteko salmenta abiatzen ari gara. Ez da lan erraza, alkoholduna izanik zailtasun erantsia baitu. Bisitaldi-gidatuak gorantz doaz eta atzerritar horiek sagardoa etxera eramateko zailtasunak dituzte. Australia, Amerikako Estatu Batuak, Britainia Handia… hegaldia tarteko den bidaietan, bisitariari zaila zaio sagardoa eramatea. Erosle horri begira, bertatik haren etxera bidaltzeko sistema fintzen ari gara: bertan dagoenean gustuko erosketa egin dezake eta guk haren etxera bidali.

Egiten ari zareten guztia ez da gutxi eta meritua lantalde dinamikoari zor zaio. Zenbat lagun ari zarete Sagardogile Elkartean lanean?

Sagardogileei laguntzeko gaude, alor gehienetan. Berrikuntzak badira eta egokitu behar du sektoreak. Produktua eta sustapena, bi alor horietan banatzen dira lantaldearen zereginak. Denera, sei ari gara lanean: Sagardoa Route ekimenean hiru lagun gaude eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituran beste hiru gehiago.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 684 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!