Txotx denboraldia 2026

Amaia Zubeldiak irekiko du Andoaingo txotx denboraldia, Mizpiradi sagardotegian urtarrilaren 16an

Aiurri 2026ko urtarrilaren 9a

Mizpiradi sagardotegian, urtarrilaren 16an egingo dute Andoaingo Txotx denboraldiaren irekitze ofiziala, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kide den Amaia Zubeldia andoaindarraren eskutik. Atzo egin zuten ekitaldiaren aurkezpena. Jada erreserba daitezke afarirako txartelak.

Agerraldian izan ziren Andoni Alvarez alkatea, Amaia Zubeldia aurtengo gonbidatu berezia, Jon Mikel Arruabarrena (Mizpiradi sagardotegia), Asier Gaztañaga (Gaztañaga sagardotegia), Ainhoa Aiertza (Auzoetako Jai Batzordea), eta, Ion Beloki (Punttuka Bertso Eskola).

Adierazi zutenez, Mizpiradi sagardotegian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera egingo dute txotx denboraldiaren irekitze-ekitaldia. Gogoratu behar da iaz egin zutela lehenbiziko aldiz irekitze-ekitaldia, Gaztañaga sagardotegian.

Bestalde, Xabat Illarregi eta Nerea Ibarzabal bertsolariek ere parte hartuko dute ekitaldian. Azkenik, Aidüru taldearen esku geratuko da afari ostea girotzea.

Txartelak erreserbatzeko: Mizpiradi sagardotegira hots egin behar da (telf. 943593954). Hona afariaren menua: bakailu tortilla, bakailua bizkaitar era, txuleta eta postrea. 40 euro.

Punttuka Bertso Eskola, Auzoetako Jai Batzordeak eta Gaztañaga eta Mizpiradi sagardotegiak antolatu dute ekitaldia, Andoaingo Udalaren laguntzarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!