Guztiei eskerrak emanez zabaldu zuen agerraldia Iñaki Lizaso GEPFko presidenteak, tokiari berari, Donostiako Kirol Etxeko Atano III.a aretoari, erreferentzia eginez: “Historiako pilotari onenetakoa izan zen Azkoitiko aztiaren izena daraman aretoan gaude, ezizenez ‘Txapelaundi’ deitua; bere irudia horrela gogoratzen dugu denok, ezta? Gaurko bilkura honek euskal txapelaren metaforarekin ere lotura du; izan ere, euskal txapel handi baten azpian babestu eta indartuta ikusi nahi ditugu gure ondarea osatzen duten zutabeak: euskal pilota, hizkuntza, gizartea eta tokiko enpresa euskaldunak, telekomunikazio eta komunikabideak barne.”
Euskal pilota “gure herriaren ondarea, kirola eta kultura” dela azpimarratu zuen Lizasok: “Frontoietan, trinketeetan, plazetan eta herriz herri entzuten den pilota hots hori gure identitatea da”. Baina, era berean, kirol hegemonikoek leku eta oihartzun ia guztia hartzen dutela gogorarazi zuen, eta horrek asko zailtzen duela hain gutxitua den gure kirolaren zabalkundea eta hedapena, gazteengana iristea eta behar duen tokia ematea. “Horregatik, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da gurea indartzea, zabaltzea eta balioan jartzea. Guk gurea denaren alde egin behar dugu. Gure gazteek, neskek, mutilek, herriko pilotari eta pilotazaleek jakin behar dute badela gurea den bide bat; etorkizunari begira, sendoa eta herrikoia“.
Eta, haren hitzetan, horixe da elkarlan honen funtsa: “elkar laguntzea, sinergiak sortzea, eta denon artean gure mezua herritarrengana eramatea. Teknologia berriekin, tokiko komunikabideekin eta euskal enpresekin batera, gure kirola etxeetara eta pantaila guztietara eramango dugu, herri mailan zein teknologia berrien bidez mundu mailan“.
Izarkomek final guzietan internet konexioa ziurtatuko du, eta Trinketeko Gipuzkoko Txapelketa babestuko du. Elkarlan honen parte izan nahi zutela azaldu zuen Iker Garaialde zuzendariak: “Eskerrak eman nahi dizkiogu GEPFri elkarlan hau sustatzeagatik. Ez da patrozinio ekonomikorik, txapelketak aurrera ateratzeko elkarlana eskatu zigun, eta bete-betean egin genuen bat ideiekin”.
Tokikomeko Administrazio Kontseiluko kide eta 28 Kanala eta Goierri telebistako zuzendari Ion Aldanondok ere bat egin zuen Lizasoren mezuarekin, eta elkarlanean sinisten dutela azpimarratu: “Ohituta gaude euskalpilota medio handietan ikusten, baina guk tokikoetan ere lekua egin nahi diogu; gainera, lan profesionala eginez. Gure misioan kokatzen da; beraz, medio guztietan zabalduko dugu eta kalitatez egindako lana izango da”.
Hamaika Telebistaren helburuen artean bada euskalpilota sustatzea, Amaia Jauregi zuzendariak azaldutakoaren arabera, “gure kulturaren parte delako eta bere tokia merezi duelako. Ikusgarritasuna emateko konpromisoa dugu, eta kalitatez egin nahi dugu”. Gainera, emakumeen pilotak tokia izatea “oso garrantzitsutzat” jo zuen Jauregik. Elkarlanean sinesten dutela ere azpimarratu nahi izan zuen: “Eta hau elkarlanaren adibide argia da”.
Ikusgarritasunaren bide horretan, Gipuzkoako final ia gehienak telebistaz grabatu eta emango dira, jokamolde ezagunak eta hain ezagunak ez direnak ere bai: ezker horman eskua, zesta-punta, erreminta, joko garbia…; trinketan eskua, xarea…; errebotea… Eta telebistaz emango diren finalen erdiak emakumeek jokatutakoak izango dira, “federazioak emakumeen pilotaren aldeko apustu nabarmena egiten duenaren isla, 2004-2005 denboraldian Emakumea Pilotari proiektuarekin hasi ginenetik 20 urtetik gora pasa direnean”.
Emakumeen pilota sustatzeko bide horretan sinatu zuten iaz hitzarmena Goienerrek eta federazioak, eta berritu egin dute aurten. Beraz, berriz ere, emakumeen eskuz banaka lau t’erdiko Gipuzkoako Txapelketa Goiener Saria izango da. Energia arloa, bertako hedabideak eta gure kirola batzen dituen elkarlanarekin pozik agertu zen Erika Martinez lehendakaria, “ingurumena, euskara eta gure kultura susatzen duelako”.
Hasi bezala, eskerrak emanez borobildu zuen agerraldia Lizasok: “Hemen bildu garenaz gain, euskal enpresak diren Elay, Alkain, Bidegain, Aramendia pasteleria, Rural Kutxa, Zizurkilgo Udala eta etorriko eta gurenagana batuko direnak ere izendatu nahiko nituzke, azkenean denon laguntzaren bitartez lortuko baitugu gurea den kirol hau lantzen eta zabaltzen jarraitzea.“