Abenduan egin zuen Andoaingo Udalak Kantari egitasmoaren iragarpena eta, gutxira, abiatu zen izen-ematea. Lehen urtea izateko pozik egon daitezke antolatzaileak hiru ikastetxeetako dozenaka ikasle igoko baitira oholtza gainera: Ondarreta Herri Eskolako, La Salle Berrozpe ikastetxeko eta Aita Larramendi ikastolako 18 talderen parte hartzearekin abiatuko da, 2 eta 5 lagun arteko taldeekin.
Kantari 18 talderen parte hartzearekin abiatuko da, 2 eta 5 lagun arteko taldeekin
Oholtza gainean, fokuen azpian, eta musika doinuak lagunduta, izarren pare ariko dira artista gazteak. Egoera hori irudikatuko zuten, akaso, taldeei izena jartzeko garaian. Honatx, Andoaingo lehen Kantari emanaldian parte hartuko duten taldeen izenak: 3B, Bost eklipseak, Bost izarrak, Bost txoruenak, Dantzariak, Elur panpina, Fantastik 4, Hiru eguzki izpiak, Izar berriak, Izar lagunak, Izar neskak, Izargi, Izarrak, Izarren taldea, Koloretako gela, Lau lagunak, Los cantantes eta Sorginak. Otsailaren 21ean egingo dute entsegu orokorra. Astebete beranduago, otsailaren 28an, jendaurreko emanaldia eta grabaketa. Bi hitzorduak Bastero Kulturgunean izango dira.
Saio nagusia otsailaren 28an izango da Bastero Kulturgunean
Kantutegi ezaguna, kantuan aritzeko
Gatibu, ETS, Berri Txarrak, Nogen, Pirritx eta Porrotx, Hemendik At… bogako taldeen musika garaikidea abeslari gazteen ahotan entzungo da Basteron. Kantuak aski ezagunak dira: Aldapan gora, Egingo dugu eztanda, Gure bihotzaren taupadak, Gabak zeure begire, Ikusi arte, Beste behin, Enarak, Kantuz eskertu, Musikaren doinua, Eskuetan, Aukera berriak, Udarako gau luzeak, Eskutitza, Begitara begira, Euskaraz bizi nahi dut, Euritan dantzan. Kantari saioko partaideek dagoeneko badakite zein kantu abestu behar duten eta jakin badakigu dagoeneko asko eta asko entseguetan murgilduta dabiltzala.
Zer da kantari?
Kantari gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzeko egitasmoa da. Helburua neska-mutikoek euskal kantak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da, hortaz, ez du inolako lehiaketa kutsurik. Debagoienan duela hogei urte sortua, ibilbide arrakastatsua daraman egitasmoa da Kantari. Neska-mutikoek, taldeka, euskarazko kantu bat ikasi behar dute, eredu moduan erakutsitako koreografia entseatu edo berri bat prestatu, eta eszenatoki gainean jarri abesten eta dantzan, publikoa eta kamerak aurrean izango dituztelarik.
Bi xede talde ditu egitasmoak. Alde batetik, hartzaile zuzenak izango diren gaztetxoak. Bestetik, gazte horien familia eta ingurukoak egitasmoaren parte bilakatzea.