Orain gutxi arte Joxema Langarak zuzendu duen ONCEko Oroimenak antzerki taldea du oinarri Qualia ikus-entzunezkoak. Ikusmen-urritasuna duten emakume eta gizonek egiten duten antzerkigintzaren ezaugarriez gain, beren itxaropenak, zailtasunak, emozioak jasotzen ditu lanak.
Langararen hitzetan, "errealitate ezezaguna da gizartearentzat itsuen egunerokoa, eta are ezezagunagoa Oroimenak taldeko kideek egiten dutena, oztopo guztien gainetik. Alde horretatik, aitormen publiko polita da antzezle horiei dokumentalaren eskutik Arreseygorrek egin diena”.
Basteroko auditorioan, otsailaren 6an, 19:30etik aurrera ikusi ahal izango da. Ordubeteko iraupena du, eta dohainik da.
Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da Arreseygor eta Langararekin eta ikus-entzunezkoan euren testigantza eman duten hiru antzerkigilerekin; Goyo Santalla, Pakita Zunzunegi eta Inmaculada Ferrerorekin, hain zuzen ere. “Andoaindarrak Basterora gerturatu daitezen, eta ikusi ondoren, boskoteari edozein eratako galderak egin diezazkieten gonbidatzen ditugu. Aukera polita izan dezakete, dokumentalaren sormen-prozesuaren gaineko edozer jakiteko ez ezik, baita aktore itsuek antzerkia egiteko dauzkaten zailtasunen gaineko jakin-mina asetzeko ere”, zehaztu dute Langarak zein Arreseygorrek.
Qualia, izenburua
Ikusmen urriko protagonista nagusi horien begietan, irudimenean, pentsamenduan... jartzeko ahaleginarekin lotzen da, zuzenki, Qualia izenburua, Arreseygorren esanetan. “Filosofia psikologikoan erabiltzen den kontzeptua da Qualia. Alegia, bizitzako edozein bizipenek (izan film bat, izan liburu bat, izan argazki bat, izan plater gastronomiko bat, izan gertakizun bat...) zer nolako pertzepzio pertsonala, desberdina, eragiten diguten. Guztiok bat egingo dugu elementu asko definitzeko orduan, baina aldi berean, beti izaten dira zenbait alderdi modurik pertsonalenean, intimoenean eta besterenezinean bizi ohi ditugunak, eta ez hori bakarrik, gainera, ez dakizkigunak nola adierazi hitzekin”.
Zinegiletzat ez dauka bere burua Arreseygorrek, esan bezala, eta alarde tekniko handirik gabe aritu dela aitortu du. “Nahiko modu bakartian, artisau baten antzera aritu naiz, hiru protagonistekin egin diren grabaketekin, gero etxean egin diren irudien tratamenduekin edota produkzio-osteko lanekin. Izatekotan , Imanol Arreseygor, semea, eta Juanan Lazkano izan ditut laguntzaile, soinuarekin eta beste zenbait detailerekin”.
Itsuekin, antzerkia
Ibilbide luzeko antzerkigilea da Langara. “Erretiroa hartuta daukat, makina bat antzeztalde zuzendu eta gero. Hala ere, mundu horretatik ez naiz aterako sekula, ezin dut. Besterik ez bada, ispilu aurrean segiko dut antzerkia egiten!”, dio irribarrea ezkutatu ezinik.
XX. mendeko 90eko hamarkadaren hasieran ekin zion zuzendaritzari. “Andoaingo ikastolako talde batekin izan zen; oso gogoan dauzkat taularatu genituen obrak”. Laster, Donostiara bizitzera joan zenean, denetik egitera ohitu zen antzerkigintzan. “Paratxutista baten moduan ibili naiz han-hemen, urtetan; antzerki zuzendari bat non behar, han hartu izan dut lur. Hainbat antzerki talde amateur gidatu izan ditut, eta horrez gain, erakundeentzat lanean aritzea ere egokitu izan zait. Adibidez, Jaurlaritzaren hasierako urtetan, hezkuntza sailak ikastaroak antolatu zituen musika zekiten irakasleek ikasgai horixe eman zezaten eskoletan. Kurrikulumean, epigrafe batean instrumentuekin lotutako dramatizazioa ere erantsi zuten, eta hortaz, musika irakasleei antzerkia emateko eskatu zidaten Gipuzkoan eta Bizkaian. Beste abentura aipagarria, Hondurasera eraman ninduena izan daiteke: hango hezkuntzako diseinu kurrikularraren parte hartu nuen, “hezkuntza artistikoko nazioarteko aholkulari” titulua besapean nuela”.
Itsuekin, antzerkia oholtzan
Itsuen taldearen zuzendaritza izan da Langarak urtetan burutu duen eginkizunetako bat. “Bapatekotasuna esperimentatzen hasi ginen, tailerretan. Espresio dramatikoa jorratzen genuen, eta horretarako, adibidez, Kanadako unibertsitateetan asmatu zuten inprobisazioen borrokaldiak egiten genituen; egoera gatazkatsuak asmatu, eta nork bere rola bete behar izaten zuen, arau batzuetara makurtuta eta epaileen begiradapean. Joko horretan, genero desberdinak (umorea, drama, tragedia...) erabiltzen genituen”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.