"Antzerkian lehen urratsak hamaika urterekin eman nituen"

Leire Uranga 2026ko urtarrilaren 26a

Leire Nuñez, aktorea; Dantzertin Arte Dramatikoko ikasketak egiten ari da.

Dantzertin Arte Dramatikoko ikaslea da Leire Nuñez andoaindarra, eta jada lehen urrats sendoak eman ditu aktore lanetan; Go!azen telesailaren 12. denboraldian Maren pertsonaia gorpuztu du

Azken urteetan pauso garrantzitsuak ematen ari zara antzezpen lanetan. Noiz eta nola hasi zen zure ibilbidea?

Nire ibilbidea antzerki munduan hamaika urte nituela hasi zen. Ikastolan, eskolaz kanpoko jarduera gisa antzerkia hautatu nuen; Katramila izeneko taldetxo bat zen, antzerki tailerrak eskaintzen zituena. Han hasi nintzen, eta konturatu nintzen gero eta gehiago gustatzen zitzaidala: ondo pasatzen nuen, ondo moldatzen nintzen, eta bide horretatik jarraitu nahi nuela sentitu nuen.

Horren ondoren, nire ama hainbat leku bilatzen hasi zen, eta Donostian dagoen Binahi izeneko akademiara iritsi ginen. Han hasi nintzen interpretazio klaseetara joaten, eta gaur egun akademia horrek berak ordezkatzen nau. Bost urtez aritu nintzen bertan, eta tarte horretan udako hainbat tailer ere egin nituen: bikoizketakoak, antzerki musikalekoak… Hala ere, nagusiki interpretazioan jarri nuen arreta.

Esperientzia hark asko eman zidan, eta batxilergoa aukeratzeko garaian argi nuen zein zen nire bidea. Horregatik erabaki nuen gero Dantzertin sartzea. Hasieratik nahiko argi izan dut helburua: gustutik abiatu nintzen, baina pixkanaka ogibide bihurtzeko nahia sendotzen joan zen. Bide horretan, gurasoen babesa eta laguntza funtsezkoak izan dira.

Nola ari zara bizitzen arrakasta-une hau?

Oso pozik nago nire buruarekin, egia esan. Ez nuen espero 19 urterekin hau guztia lortzea; izan ere, adin honekin alor honetan lanean aritzea oso zaila izaten da. Niretzat lorpen bat da. Sentsazio arraroak ere badira: une batzuetan pentsatzen dut ea nola iritsi naizen ni honaino. Gustatzen zaidana ogibide bihurtzea oso berezia izan da.

Zure ibilbidean telebista, zinema eta antzerkia uztartu dituzu. Bat aukeratzekotan, zein?

Go!azen egin aurretik film laburretan aritua nintzen, Binahiren bitartez ezagutu nuen ikus-entzunezkoen funtzionamendua, eta konturatu nintzen arlo hori ere interesatzen zitzaidala. Hiru-lau film labur egin ditut, eta han piztu zitzaidan interesa ekipo teknikoaren funtzionamenduarekiko, planoekiko… oso polita da hori ere.

Hala ere, bat aukeratzekotan, nahiago dut antzerkia. Gehiago bizitzen dudalako, eta, gainera, mundu honetan murgiltzera bultzatu ninduen hasierako abiapuntua ere antzerkia bera izan zelako.

Dena den, ogibide gisa antzerkia askoz ere zailagoa da. Orokorrean bi alorrak oso zailak dira, baina antzerkia are gehiago. Antzerkia ogibide bihurtzeko, nire ustez, ia beti beste zerbaitekin uztartu beharra dago.

Go!azen telesailak indar handia du Euskal Herrian. Nolakoa izan da esperientzia?

Hiru urtez aritu nintzen Go!azen-eko castingetan, eta aurreko urtean finalera iritsi ondoren, denboraldi honetarako hartu ninduten. Oso esperientzia berezia izan da; izan ere, nik txikitan telesaila ikusten nuen, eta duela gutxi aurkitu nuen argazki bat lagunekin Go!azen-eko photocall batean. Orain, berriz, ni neu nago han, aktore gisa.

Esperientzia oso indartsua izan da: gauza berriak, talde berria eta lagun berriak. Gainera, ez da orain arte egindako film laburren parekoa: ekoizpen handiagoa da, lan-erritmo intentsuagoa du, eta dedikazio handiagoa eskatzen du. Udara osoa lanean eman dugu, ekainaren erdialdetik abuztu amaierara arte, astelehenetik ostiralera, egunean hamar ordu inguruko jardunarekin.

Erritmoa oso bizia da: askotan gidoia bezperan ikasi, eta hurrengo egunean grabatu behar izaten genuen. Hiru hilabetetan 12 ataleko denboraldi oso bat grabatzea oso erronka handia da. Lana gogorra da, gorabeherak ere badaude, baina talde giro ona genuenez, dena askoz eramangarriagoa egin da.

Orain bira betean zabiltzate. Zer desberdintasun dago kameraren aurrean aritzearen eta oholtzan zuzenean egotearen artean?

Guztiz desberdina da, egia esan. Nire ustez, oholtza gaineko lana bereziagoa da. Publikoarekin hartu-emana oso zuzena da; haurrak dira, eta asko jolasten dute gurekin. Oso esperientzia aberatsa da.

Gainera, herriz herri ibiltzen gara, eta leku bakoitzak zerbait desberdina ematen dizu: batzuetan publikoa indartsuagoa da, beste batzuetan, berriz, zuk animatu behar izaten dituzu gehiago. Aldakortasun horrek egiten du esperientzia berezia eta aberatsa.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!