Kaldereroen etenaldia, etorkizun hurbilean berpiztuko den itxaropenarekin

Aiurri 2026ko urtarrilaren 22a

Gora Kaletxiki Txarangak jakinarazi du, ohar bidez. Ondarreta Herri Eskolako irteerari eutsiko diote soilik.

Aurten ez da Kalderero konpartsarik izango

Gora Kaletxiki txarangako ordezkariek gogoratu dute urte askotan aritu direla Kaldereroen jaia antolatzen: “Txarangak maite du Kalderero festa, eta antolatzeko prestutasuna erakutsi du beti. Hala ere, herriaren aldetik ez dugu espero genuen erantzunik jaso”. Nolanahi ere, urte horietan ekitaldian parte hartu duten herritarri esker ona adierazi diete.

Bestalde, Andoaingo Udalak  atsekabea agertu du Kaldereroen ospakizuna bertan behera geratu delako. Marta Lasa Kultura zinegotziak adierazi du beti dela tristea herriko kultur dinamikak tradizio handiko hitzordu bat galtzea. Aldi berean, etorkizunean, kaldereroek Andoaingo kaleetan biziberriturik azalduko diren itxaropena azaldu du.

Kalderero txikien irteerari eutsiko diote soilik

Festa, hori bai, ez da erabat desagertuko: kaldereroekiko atxikimendu hori beste ekitaldi batekin erakusten jarraituko dute Gora Kaletxikikoek. Hain zuzen, baieztatu dutenez, Ondarreta Herri Eskolako Kalderero Txikien konpartsarekin bat egingo dute, otsailaren 6an.

Haur Konpartsa datorren otsailaren 6an abiatuko da, ostiralarekin, arratsaldeko 15:00etan hasita, Ondarreta Herri Eskolatik bertatik

Kale Nagusian eta Zumea kalean barrena ibiliko dira, mailuekin zartaginak jo eta jo, herri eskolako irakasle, haur eta gurasoak.

Andoainen sustraitutako usadioa

Andoainen, Kaldereroen Konpartsa 1987an jarri zen abian, Ontza elkartearen eskutik. Hastapeneko antolatzaileen artean aipatzekoa da 2023ko otsailean hil zen Patxi Mendikute kaletxikitarra. Erreginaren rola bete zuen urtetan, berezkoa zuen umore eta graziarekin.

2011n Aiurriri emandako elkarrizketan adierazi zituen nolakoak izan ziren ospakizunaren hasierak: “Felix Martinez de Lezea ttunttuneroari bururatu zitzaion Kaldereroak Andoainera ekartzearena, 1987an; berak tentatu ninduen erreginaren papera egin nezan. Donostian umetan asko ikusia nituen kaldereroak, eta baiezkoa eman nion. 130 kilo pisatzen nuen eta gogo onez atera nintzen, hamaika urtez segidan”.

Famatuak ziren udaletxeko balkoitik egiten zituen hitzartzeak, herriko gorabeherak ukitu kritikoez eta umorez errepasatuz beti. “Etxean idatzi eta bezperan Felixi (Martinez de Lezea) erakusten nizkion; barrez lehertzen hasten zen!”. Kritika umorez zabaltzea zen Patxiren jarduna. “Gidoian Andoainen eta Andoandik kanpo urte osoan gertatu ziren xelebrekeriak aipatzen ziren, modu ironikoan. Egia esan, askorako ematen zuten herriko hirigintza arloan gertatzen ziren zenbait kontu…”.   

Erregina eta laguntzailearen rolak, Imanol Etxeberriak eta Joseba Arabaolazak bete zuten ondorengo urtetan, besteak beste.

Gora Kaletxiki txarangak bere gain hartu zuen antolakuntza azken urtetan esan bezala, eta Ion Beloki, Aritz Eskudero, Unai Ormaetxea, Luziano Uribesalgo eta Joxean Well aritu izan ziren aktore lanetan. Musika, berriz, Joxe Mari Oiartzabalen eta txarangako musikarien ardurapean egon da.

Eten egingo da, beraz, haria. Etorkizun hurbilean berpiztuko den itxaropenarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!