Baserriz baserri, euskal kulturara itsatsi-itsatsita dagoen Puska Biltzea egingo dute axeriek, Olagain elkarteko txistulariak bidelagun izanda. Baserri atarietan, bertan bizi direnen aurrean ariko dira. Aitarena, Zortzikoa, Orratzakoa, Korrika, Perra Jartzea, Borroka eta Dorrea.. Axeri Dantza osatzen duten hainbat dantza edo joko biziberritzeaz gain, festa giroa eta umorea zabalduko dute.
Sustrai sendoko usadioa da axerien puska biltzea. Aita Larramendik eta Iztuetak XVIII. mendeko idatzietan eman zuten tradizio horren berri. Hainbat urtetan desagertuta egon ostean, Andoaingo axeriek 2013an berreskuratu zuten. Geroztik, Andoaingo lau baserri-auzoetan (Sorabilla, Leizotz, Buruntza eta Goiburu), txandaka, ospatzen dute.
Hitzordua, goizeko 08:00tan, Kale Nagusian
Axeriek, Irunberri elkartean, goizeko 08:00etan jarri dute hitzordua. Han, axeriez jantzi ostean, Gudarien Etorbidera abiatuko dira. Bertan diren Leizotz auzoko etxe eta baserrietan egingo dituzte lehenbiziko geldialdiak; behetik gorako norabideari helduko diote, era horretan. Herritarrentzat irekia da ekitaldia, eta izena emateko edo informazio gehiago edukitzeko, honako e-postara idatzi behar da: andoaingoaxeridantza@gmail.com.