Ur zikin gutxiago, Oria ibaira

Jon Ander Ubeda 2026ko urtarrilaren 25a

Leizotz eta Bazkardo aldeko etxebizitzetako eta industriguneetako ur zikinak Oria ibaira isuri dira urte luzez. Adunako araztegia eta harainoko lotunea 2013an eraiki bazuten ere, konponbidea urte luzeko atzerapenarekin iritsi da.

Ziako erreka Errekabeltz izenarekin ere ezaguna da Andoainen eta hura berbideratzeko iragarpenak egin izan dira iraganean. Hala, urte luzeren ostean, gauzatzea lortu da. Ama Kandidaren eraberritzeak eragin zuzena izan du ur zikinak bideratzeko orduan. Izan ere, egungo legedia eskuetan, auzune berria eraikitzeko baldintzen artean dago ur-beltzen isurketarik ez izatea. Ziako errekastoa berbideratzeko arrazoiak, 2026an, uholdeetatik babestea eta saneamendua hobetzea dira. Leizotz eta Bazkardo aldean, “errekastoaren bidez, Oria ibaira egiten zen isurketa nagusietako bat ezabatzea” lortu dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako URA agentziak prentsa ohar bidez. Aurrerantzean, ur zikin horiek dagokion araztegian amaituko dute: “egindako jarduketari esker, 5.200 pertsonako populazio baliokideko hondakin-urak Oria Erdiko hodi-biltzailera bideratzen dira, hots, Gipuzkoako Urak partzuergoak kudeatzen duen Adunako araztegira”.

Eusko Jaurlaritzaren eskumena

"Esku-hartze horrekin, urrats erabakigarria egin da Ziako errekaren egoera ekologikoa hobetzeko"
URA AGENTZIA

Lanak bideratzeko ardura. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailera atxikitako URA agentziarena izan da. Zeregin horretan inguruko etxebizitza eta industria alorreko ur zikinak berbideratu dituzte. Lanen xehetagun gehiago eman dituzte. Obren trazadura Gudarien Hiribiden hasi –Super Amara supermerkatuaren inguruan– eta Ama Kandida etorbidearen erdi pareraino egin da, Orbelan enpresaren pareraino. Bertan egiten da Adunako araztegirako konexioa. Ibilbidean, kolektore nagusiko 1.960 metro berri eraiki dituzte, “eta bigarren mailako 2.890 metro gehiago, ur beltzak eta euri-urak” bereizten dituztenak. Gauzak horrela, Erroitz, Plazaola eta Arantzibia aldeko goiko auzoetatik eta Aranaztegi eta Ziako industriguneetatik datozen isurketak Adunako araztegira bideratuko dira. Andoainen Oriara zuzenean egiten den isurketa bat gutxiago dugu, beraz. Egoerak sortuko duen onura zehaztu dute prentsa-oharrean: “saneamendu-jarduerak 8 milioi euroko inbertsioa izan du. Esku-hartze horrekin, urrats erabakigarria egin da Ziako errekaren egoera ekologikoa hobetzeko. Obra martxan jarri arte, Oria ibaiaren arroan presio kutsatzailearen puntu nagusietako bat zen. Orain, presio hori murriztu da, eta hondakin-urek ingurune naturalera itzuli aurretik tratamendu egokia jasotzen dutela ziurtatu da”.

Eguzki talde ekologistaren aspaldiko eskaera izan da

"Estolderiak berritu behar dira ur-beltzak eta euri urak bereizten joateko"

EGUZKI

Ziako errekaren saneamendua behin eta berriro atzeratu dela salatu du, urte luzez, Eguzki talde ekologistak. Hemerotekari erreparatuta, honakoa salatu zuen talde ekologistak duela hainbat urte: “2007an, Jaurlaritzak eta Aldundiak horrelako akordio bat sinatu zuten 2011ra bitarte hainbat saneamendu-proiektu aurrera eramateko. Proiektu haietako bat Andoaingo Ziako errekakoa zen. Garai hartan, aurrekontua 3,8 milioi eurokoa zen eta Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatzeko konpromisoa hartu zuen. Ez zuen agindutakoa bete”. Ziako errekak ur zikinak Oriara zuzen-zuzenean isurtzen jarraitu du harik eta Ama Kandida etorbidearen eraberritzea iritsi den arte. Egoeraren larritasuna datu bidez azaldu zuten orduko hartan: “Ez dira, ez, mendian sakabanatutako lauzpabost baserrietako ur zikinak. Ziako errekak Aranaztegi, Geltoki, Buruntza, Bazkardo, Kale Txiki, Extremadura, Gabriel Aresti, Gudarien Etorbidea eta Ama Kandida inguruko auzo zein industrialdeetako isuriak biltzen baititu”. Adunako araztegia 2013an martxan jarri eta 13 urtera, beraz, Andoainen konpondu gabe zegoen saneamendu-arazoa bideratzen hasi dira.

Aiurri Eguzkiko kideekin harremanetan jarri da egunotan eta, 2026an, oraindik orain, "herrian geratzen diren isurketa guneekin" amaitu behar dela azpimarratu dute: "nabarmenena Kale Nagusian dago, Alondegia zubiaren ondoan. Bestalde, estolderiak berritu behar dira ur-beltzak eta euri urak bereizten joateko. Eta, azkenik, lehen hain ohikoak ez ziren kutsagaiak zabaltzen ari dira. Hala nola, mikroplastikoak, botikak…". Araztutako urak berrerabiltzearen alde daude, naturatik egiten den ur garbiaren erauzketa ahalik eta txikiena izan dadin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!