Udal aurrekontu proposamenari babesa

Jon Ander Ubeda 2026ko urtarrilaren 30a

Artxiboko irudia.

Bart egin da 2026ko aurrekontuaren eztabaida Andoaingo udaletxean. Aurreikusi zitekeenez, onartu egin zen EH Bilduren eta Podemosen gehiengoari esker. Oraingoan deigarria egin da sozialisten eta jeltzaleen botoa: PSE-EE abstenitu eta, EAJ-PNV, aldiz, aurka agertu zen.

Urteko pleno garrantzitsuenetarikoa da aurrekontua eztabaidatzen denekoa, horren baitan antolatzen baitira hainbat sailetan bideratu beharreko dozenaka partida.

Andoni Alvarez Lete EH Bilduko alkateak Gobernu taldearen proposamena aurkeztu zuen eta, oro har, ildo nagusiekin bat agertu zen Podemoseko Pepe Iparragirre zinegotzia.

30 milioi euroko aurrekontua xehetu zuen Andoni Alvarez alkateak. Sailez sail hainbat gako aurreratu zituen: Lebiton eta Burdina taldeen urteurrena hizpide izan zituen, eta haiei loturiko partida bereziak aurkeztu zituen. Laster martxan jarriko den Agenda bateratua iragarri zuen. Kiroldegiaren egitasmo berria martxan jarriko dela adierazi zuen. Partida gehiago zehaztu zituen: Ludoteka, zerbitzu berrien pabilioia…

Behin gobernu taldearen proposamena ezagututa, sozialistek eta jeltzaleek bi txandatan azaldu zuten euren posizioa. Lehenik, onarpenerako aurkeztutako emendakinak azaldu eta defendatu zituzten. Ondoren, aurrekontuen eta negoziazioen iritzi politikoa eman zuten.

Botoan eman da aldaketa, 2026ko aurrekontuei dagokionez. Sozialisten kasuan aldaketa bat nabaritu zuten. Euren proposamenak aintzat hartzen zirela ikusita eta, agintaldi osoan kritiko agertu arren, abstentzioaren alde jo zuten bozketan. Lehen aldia da, aurreko urteetan aurkako botoa eman baitute Aritz Alkainek eta bere alderdikideek.

Jeltzaleen kasuan ere aldaketa eman da. Aurreko urteetan kontuei babesa adierazi diete baina oraingoan ezezkoaren alde agertu ziren. Euren hainbat emendakin onartu baziren ere, inbertsio estrategikoetan hitza ez betetzea leporatu zion Imanol Goenagak gobernu taldeari. Eta, azkenik, landa eremuko bideak eraberritzeko partida ez handitzea kontra bozkatzeko nahikoa arrazoi izan ziren jeltzaleentzat.

Botoaren zentzua ez zen azken  unerarte argitu

Alderdi bakoitzak aurkeztutako emendakinak bozkatu eta gero izan zen hori. Aurretik, sozialisten eta jeltzaleen hainbat proposamenen alde agertu ziren EH Bildu eta Podemos. Esaterako, jeltzaleen honako proposamen hauei bidea eman zioten atzokoan: Udal liburutegi berriaren azterlanak martxan jartzea, Bertxingo zentralaren mantenua, Leizaur parkea birgaitzea eta Eguzki plakak udal eraikinetan jartzea.
Sozialisten proposamenen artetik, bestalde, hiru: kalistenia parke berria, segurtasun-kamerak jartzeko proposamena eta dolu peritanalaren gunea.

Pleno osoa, bideoan ikusgai

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!