“Jokalariak aztertzea eta ebaluatzea dira nire zereginak”

Xabier Lasa 2026ko urtarrilaren 30a

Han-hemengo jokalarien ibilbidea segitzea da Felipe Marcos futbol-ikuskari andoaindarraren zeregina. Gazte garaitako pasadizoak eta bere lanbideko ezaugarriak hizpide izan ditu Aiurrekin eduki duen elkarrizketan.

Felipe Marcos Simon (Andoain, 1976) 24 urte zituela Andoain utzi eta Madrilera joan zen bizitzera; informatikari gisa banku batean lanean hasi zen. Han heldu zitzaion, laster, bere ibilbide profesionala iraularaziko zion lehen urratsa. “Herri batean jaiotakoa naiz eta herritar sentitzen naizenez, Madrilen ito egiten nintzen. Horrela, apenas bi mila biztanle dituen La Torre de Esteban Hambran (Toledo) herrixkara joan ginen bizitzera, emaztea eta biok. Geroztik, gustura asko bizi gara han, bi seme-alabekin”.

Hain zuzen, herrixka hartako bizimodura egokitu zelarik, halako batean, informatikari lanak utzi, eta ogibidetzat hartu zuen futbol-ikuskaritza, hots, munduko hainbat ligen, Estatuko behe mailetako partiduen eta jokalarien zein fitxaketen merkatuaren segimendua egitea. “Jokalariak bilatzea, horiek aztertzea eta ebaluatzea, eta azken finean, talentua antzematea dira nire zereginak. Kirol-ikuskari gisa, kirol-zuzendariaren laguntzaile izatea dagokit, batik bat; egia esan, ez dut hain gogoko futbol-munduan modan jarri den scouting hitza”.

Han hemen, makina bat klubentzat egin du lan Marcosek bere ibilbidean: CD Toledo, FC Fuenlabrada, Real Avila CF, CD Numancia (2. maila), Academico Viseu eta Uniao Leiria (2. maila, Portugal), RCD Mallorca, Beroe Stara Zagora (1. maila, Bulgaria), eta, El Salvador (selekzioa). Mostolesen, futbol-eskola bat ere zuzendu izan du zenbait urtetan.

 

Nola arraio sartzen da bat, mundu horretan?

Futbol-ikuskaritza ez da unibertsitatean ikasten den karrera, “aritzearen aritzez lantzen doan lanbidea da, Marcosek aitortu duenez. 

Marcosen kasuan, gaztetan, Etxeberrieta zelaian, erregional mailako Euskaldunako partiduekin piztu zitzaion bokazio hori. “Talde urdinaren partidetara joaten nintzen astebururo kuadrillarekin. Oraindik ere oroitzapenean oso gordeta daukat arratsaldero sortzen zen giro apasionatu hura, hamaika-hamaiken kontra lehia bizia, zaletuak garrasika, belarraren usaina, zelai-lokaztua... Futbolaren esentziatik edan nuen izugarri garai hartan.

Marcos eta bere lagunak Etxeberrietako zelaian, 80ko hamarkadaren lehen urtetan. Ezkerretik hasita: Benito Mediero, Felipe Marcos, Francisco Limon, Ivan Corbacho, Eduardo Sanchez eta Raul Mota.

Euskaldunako jokalariak analizatzen nituen, haiekin estatistikak egiten nituen... Orduan orain dakidana eta orain naizena izan banintz, biziki saiatuko nintzen, konparazio batera, Kepa Ormaetxea aurrelaria merkatuan jarri eta saltzen. Hain ona zen!”. Euskaldunako jokalarien segimendua ez ezik, Estatuko lehen mailetako ligen segimendua ere egiten zuen Marcosek. “Don Balon aldizkaria ez ezik nonahi topatzen nituen futbol-kronikak goitik behera irakurtzen nituen... Eta ez hori bakarrik, beti gozatzen nuen taldeen edota jokalarien gaineko komentario teknikoak edonorekin partekatzeko parada nuen bakoitzean”. 

Grina hori Toledora ere eraman zuen Marcosek. “Toledora bizitzera joan nintzenean, hango taldearen zelaiko harmailetan, aldamenean topatzen nituen zaletuekin hasten nintzen hizketan agudo, futbola gaitzat hartuta. Fama-edo hartu nuen nonbait, eta behin, Toledoko zuzendaritza batzordeko kideek tentatu ninduten, ea zergatik ez hasi taldearentzat ikuskari gisa. Animatu egin nintzen, eta bidean batzuen laguntzari esker, nagoen tokiraino iritsi naiz”. 

"Agenda eta boligrafoa eskuan, makina partida ikustera joaten naiz"

 

Futbolari ospetsua ez izanaren traba

Lanaren lanez, futbolaren unibertsoan ikuskarien atalean izen eta toki bat lortzen ari dela, nahiz kostata izan, aitortu du Marcosek. “Futbolari ohia izate hutsagatik errazago irekitzen zaizkie ateak batzuei, ni bezalako anonimoei ez bezala. Maila handietan jokatu izanagatik eta izena eta ospea edukitzeagatik futbolaz gehiago jakin behar duzula iruditzen zaio jendeari, eta ez du zertan hala izan beharrik. Nik, Leizaran ikastetxeko haurren taldean jokatu nuen; munduko zaletasunik handiena bai, baina horretan geratu zen nire ibilbidea. Hain makala nintzen, Euskaldunako infantiletan jokatzeko pausoa ere ez nuela eman. Baina horrek ez luke zertan baldintzatu behar gero futbola analizatzen jakiteko orduan”.

Bere txostenak gutxietsi izan dituzteneko zenbait pasadizo badauzka kontatzeko. “Bartzelonarekin edo Real Madrilekin Europako kopak irabazitako pare bat entrenatzaileekin gertatu izan zait nik beren aurkarien gainean egindako ohartarazpenei bizkar ematea, futbolaren munduan ezezagun baten sinadura zeramatelako. Esate baterako, ondo zehaztu halako taldeko jokalaria makala dela baina partiduko azken minututan zelairatzen denean beti egiten duela alboko sake luzea, eta estrategiako jokaldiari esker, gola sartu izan duela bere taldeak maiz. Bada, detaile horri kasurik ez egiteagatik, kontrako gola jasan izan du nire txostena eskuetan zuen entrenatzaile batek”.

 

Toledoko proiektuarekin bat, pozik

Talde batean hala bestean jardun, Portugal edo Ameriketako hainbat herrialdeetako ligetan espezializatu da, horrek sona pittin bat eman dio futbolaren munduan. Nahiko ohituta dago eskaerak jasotzeko, holako edo halako jokalariak jomugan dituzten txostenak idatz ditzan, edota, halako edo holako profila daukan jokalariren bat topa dezan.

Egun, Toledo CD taldearen kirol-zuzendaritzako kidea da, “Toledoko taldean ekin nion ikuskari gisa, eta hona itzuli naiz oraindik orain. Proposamen tentagarria egin didate aurtengo denboraldi hasieran, eta ezin ezetz esan! Proiektu berri bat da, seriotasun, irismen eta anbizio handikoa, eta azken aldian ligan lehen postua lortu izana da horren erakusgarri. Oso pozik nago, nirekin gogoratu direlako. Gaztela-Mantxa, Gaztela-Leon eta Madrilgo komunitateetako futbol amateurren jarraipena egitea da nire zereginik nagusiena, baina urrunagoko komunitateetara iristeko ere hartzen dut denbora”.

Oro har, asteburuetan eta astegunetan banatzen da bere lana. “Astegunetan, partiden egutegi eta ordutegiak, oharren agenda eta boligrafoa eskutan, autoa hartu eta abiatzen naiz makina bat futbol zelaietara. Astegunetan berriz, bi zeregin izaten ditut batez ere: batetik, wyscout aplikaziora itsatsita egoten naiz, bertan munduko liga askoko neurketak erakusten baitizkizu nahieran; partidu osoak, jokaldiak, jokalari zehatzen segimenduak... Eta bestetik, txostenak idazten ditut”.

Esan behar da Wyscout kanalak milaka jokalari profil, bideo, datu, estatistika eta txosten jartzen dituela eskura. Ezinbesteko erreminta bilakatu zaie Marcosi bezala, mundu horretan murgilduta dabiltzan duten kirol-taldeen zuzendaritza batzordekideei, entrenatzaileei, agenteei, kazetariei.

Dagoen tokian bihotzean daraman Euskalduna taldeko presidente Jimy Brosarekin, Ubitarten.

Portugaleko ligan, aditua

Estatuko hainbat komunitateko futbol-panoramaren jarraipena lehentasuntzat eduki arren, ez du ahaztu Portugaleko liga. “Toledotik oso kilometro gutxitara daukat Portugal, eta daukan geografia-forma bereziari esker, oso distantzia gutxira, eliteko hiru-lau partida begiztatu ditzaket egun berean”.

Portugaleko liga zorrotz jarraitzeak, besteak beste, Bulgariako ligan ere murgiltzea ere ahalbideratu dio. Hain zuzen, hango lehen mailako Beroe Stara Zagora taldearekin jardun du azken urtetan.   

“Esango nuke gustura geratu zirela nik egin nizkien txosten eta gomendioekin. Ez da punta-puntan ibiltzen den taldea Bulgarian, baina erreferentzia gisa balio dezake taldeen eta jokalarien merkatua baloratzen dituen Transfermarkt web-orri alemaniarrak dioena, asko igo dela bere kotizazioa, alegia. Bestalde, adierazgarria ere izan daiteke Bulgariako ligan azken urtetan egin diren bi aurrelarien erosketa-salmentarik errentagarrienen atzean egotea Beroa. Hain zuzen, horietako bat, Sebastian Villa kolonbiarra, Argentinako Bocatik ekarri genuen bi urtetan jokatu gabe zeramatzala, eta handik gutxira, bi milioi euro baino gehiagoren truke saldu zuen Beroek. Bestea, Leandro Godoy argentinarra, Portugalgo bigarren mailako ligatik fitxatu, eta Bulgarian 2024-2025eko goleatzailea izan ostean, 1.800.000 euroengatik saldu zuten”.

"Aritzearen aritzez lantzen doan lanbidea da futbol-jokalarien ikuskari izatearena"

 

El Salvadorreko abentura

Hego Ameriketan askorik iran ez zuen abentura ere konta dezake Marcosek. David Doniga El Salvadorreko selekzioko entrenatzailetzat hartu zuten 2024ko urtarrilean, eta hark, laguntzaile talderako hartu zuen Marcos. “Munduko hainbat ligetan sakabanatuta jokatzen dute El Salvadorreko jokalari askok, eta horien berri emateko eskatu zidan, selekzionagarrien zerrenda osatzen joateko. Egia esan, urtea eskas iraun zuen selekzionatzaile, han. Nazioen ligara igotzea lortu zuen, baina ez zen goi arduradunen begikoa, eta kargugabetu egin zuten. Utzi izan baliote, nik uste taldeak eduki, eduki zitzazkeela opzioak munduko txapelketan muturra sartzeko. Pena galanta hartu nuen eten ziotelako bidea!”.   

 

Mostolesen, futbol-eskolaren porrota

El Salvadorreko joan-etorri azkarra ez da izan Marcosek azken urtetan jasan duen ezusteko etsigarri bakarra. Behe mailako futbola sustatu nahian, futbol-eskola ireki zuten lagun batek eta biek Mostolesen, Andoain utzi eta Madrilera iritsi eta laster. 

“Egundoko ilusioarekin ekin genion proiektuari. Giza balioak transmitituko zituen eskola sortu nahi izan genuen: futbola praktikatuz gozatzea bai, baina errespetua, laguntasuna... ipar izanda. 500 bat umez jositako eskola jarri genuen abian, baina kontua da inozo samarrak izan ginela, eta jantziez arduratu hartu zuenak, zer da eta kutxako dirua hartu eta ospa egin zigula! Oso egoera larria eragin zigun joko zikin horrek! Miseria gorrian ibili behar izan genuen; pentsa, zer mailataraino: goizean jokatu zuten haurren kamisetak hartu, haizetan pixka batean zabaldu, eta arratsaldean jokatu behar uztenei ematen genizkien, haiekin joka zezaten! Era horretan, jakina, porrot egin zuen proiektuak”. 

Nolanahi ere, aitortzen du bere alde onik eduki zuela egoera hark, “asko ikasi bainuen, kolektibo batek (lan-taldea, gurasoak, haurrak...) bizi duen krisia kudeatzeko orduan. Eta ez bakarrik arlo ekonomikoan, giza harremanetan ere asko jantzi ginen, psikologo lanak egin behar izan baikenituen zenbait haurrekin (futbola gogoko ez eta aitak derrigortuta joaten zirenak, edukazio txarreko jokabideak zituztenak, familia-arazoak zituztenak...). Halaber, guk baino gehiago zekitela uste zuten guraso handiusteak kudeatzen ere ikasi genuen zertxobait...”.

Gurasoak aipatzen hasita, Marcosek futbolaren munduan murgildu denetik bizi izan duen unerik beldurgarriena gogoratu du. “Madrilen kalean, pertsona batek, dirua eta boterea duen batek, ez bat ez bi, bere semea futbol talde batean kolokatu nezan exijitu zidan. Heriotza-mehatxua egin zidan nire seme-alaba aipatzearekin batera; kontuz ibitzeko ez banion kasurik egiten. Shock batean utzi ninduen, dardarka, beldurrak akabatzen!”.

Felipe Marcos, Ubitarte zelaian. Mostolesen (Madril) haurren futbola sustatzeko eskola jarri zuen abian. Pena handiz itxi behar izan zuten eskola, nolanahi ere  

Marfilera joateko gonbidapena

Futbolaren unibertsoan zenbait egoera gogaikarri gertatzen direla, eta zoritxarrez, normalizatzen ari direla onartzen du Marcosek. Gizakien merkantilizazioa izan daiteke horietako bat. “Eskrupulo etikorik ez dago zenbaitengan, eta haurren ilusio eta ametsekin jokatzen dute, negozioa egiteko. Pobrezian bizi diren Afrikako lurraldeetatik gaztetxoak ekarri, Real Madrilen jokatuko dutela eta antzeko pelikula saldu ondoren, eta gero, benetan, kale gorrian amaitzen dute gehien-gehienak. Behin egin zidaten proposamena, Boli-Kostara joateko eta gazte mailako txapelketa bat ikustera. Ezezkoa erantzun nien, handik lau-bost jokalari ekartzeko izango zelakoan”.

Afrikako makina bat haurren trafikoa salatzen duen Diamante Beltzak pelikula ekarri du gogora Marcosek. Maliko Alassane Diakitéren kasua du kontagai pelikula, hain zuzen; urrea, fama eta Real Madrilen jokatzeko promesa egin zion agente mafioso batek, 3.000 euroren truke. Ametsa amesgaizto bilakatu zitzaion Madrilen, eta azkenean, Barajaseko ikastetxe bateko sukaldean topatu zuen bizibidea. Kirolari eutsi nahi eta, arratsaldetan, Canillas futbol taldean jokatzen hasi zen, eta gainera, klubeko haurrak entrenatzeari ekin zion. Urteak igaro behar izan zituen bere familiak agente iruzurti harekin egindako zorrak kitatzeko.

 

Victor Aldama ezagutzeko parada

Gizarte zati baten eta komunikabide handien arreta bereganatzen duen jarduna da futbol profesionala, eta beste eskutik, ez dira urrun ibiltzen dirua, negozioa, boterea, maiz. Horretatik badauka zer kontatua Felipe Marcosek.

Behin baino gehiagotan proposatu izan diote bere bizipenez osatutako liburua idatzi dezan, eta ideia hori darabil eskuartean azken aldian. “Ea zergatik ez ote naizen animatzen liburu bat idaztera komentatu izan didate Madrilgo zenbait kirol-kazetarik noiz edo noiz, eta tentatuta nago horretarako, egia esanda. Futbolaren atzean, zelaietatik kanpo egokitu izan zaizkidan bizipenak idatz ditzala, baina izenik eman gabe, aholkatzen didate”.

Baditu makina bat pasadizo kontagarri, eta egun, Espainiako aktualitate politikoan, Abalos kasuan edo hidrokarburoen traman inplikatuta agertzen den Victor Aldama enpresaburuarekin du zerikusia horietako batek. “Avila taldearekin nenbilela, orduan Zamora taldeko presidentea zen Aldamak bilera-bazkari baterako gonbidatu ninduen, biok ere adiskide genuen pertsona bat bitartekari zela. Zamora bigarren B mailara igo berria zen, eta bigarren mailarako jauzia zeukan jomugan. Bere proiektura batzeko proposatu zigun, Portugaleko ligatik fitxaketak egiteko gogoz zegoela-eta. Ordurako entzunak genituen beraren gaineko zurrumurru ez oso garbiak, eta ezetz erantzun genion. Diru dezente irabazi genezakeen, baina ez geneukan oso argi zertarako inplikatuko gintuen abentura hark. Nahiago izan genuen Avilan segi, konfiantzazko giroan”.

Etorkizuneko proiektuen artean, Toledorekin segitzez gain, oraindik orain egin dioten proposamena dauka eskuartean. “Europan zenbait talde eta Hego Amerikan talde bat kudeatzen duen proiektu batekin lan egiteko tentatu naute, eta laster gauzatu liteke hitzarmena. Egundoko ilusioa eragiten dit aukerak, aurrerapauso handia izan baitaiteke nire ibilbidean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!