Familia Laguna programako parte-hartzaileek, Andoaingo baliabide eta zerbitzuak lehen eskutik ezagutzeko aukera izan zuten. Urtero egin ohi den ekimena da, eta herrira bizitzera etorri berri diren familiei zuzentzen zaie, batik bat.
Basteroko ekitaldi gelan egin zuten topaketa, eta Udaleko Euskara saileko, Kultura saileko, Kirol saileko, Gazteria saileko (Ludoteka eta Gazte lokala), Maitelan kooperatibako eta SOS Arrazakeriako ordezkariek hartu zuten parte. Era berean, Udaleko Enplegua sailetik eta Berdintasunetik egiten diren eskaintzen berri eman zitzaien bertaratu zirenei.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bertan izan ziren familiei interesgarria eta beharrezkoa egin zitzaien jaso zuten informazioa. Gaineratu dutenez, “funtsezkoak dira horrelako ekimenak familiek herriko baliabide eta zerbitzu aukerak ezagutzeko eta bertan errotzeko prozesua errazteko. Informazio zuzena eta gertukoa eskaintzeak. Egunerokoan sortzen diren zalantzak argitzen laguntzen du, eta aldi berean, familien autonomia, parte-hartzea eta gizarteratzea sustatzen ditu”.
Era berean, topagune hauek “harremanak sortzeko eta komunitatearekiko lotura sendotzeko aukera" ematen dutela “inklusioa eta elkarbizitza indartuz” gogorarazi dute.
Su-artean, Gure-artean
Bestalde, otsailaren 5ean, ostegunarekin, “Su-artean Gure-artean” ekimenak denboraldiari hasiera emango dio. Ontza elkartean izango da familia-giroko bilkura hori, kulturartekotasuna sustatzeko asmoz “Ongi Etorri Eskolara" egitasmoak antolatzen duena.
