Urtea hastearekin batera, Zumea plazako eta inguruetako jabeei eragiten dien afera bolo-bolo dabil herritarren artean. Auziak hainbeste jenderi eragiten diola ikusita, Andoaingo Udalak bilera antolatu zuen urtarrilean. Eta orduko hartatik bi konpromiso hartu zituen alkateak: arreta zerbitzua eskaintzea eta bigarren bilera-irekia egitea.
Konpromiso horiek asteotan betetzen joan dira: dozenaka izan dira udaletxera informazio eta argibide eske hurbildu direnak eta, bestalde, atzokoan egin zen bilera. Interes handia zegoen, partaidetzari eta iraupenari erreparatuta. 200 lagunetik gora hurbildu zen auditoriora eta bilerak ia hiru orduko iraupena izan zuen.
Aurkezpenean, Andoni Alvarez alkateak sententziarekiko eta ondorengo prozedurarekiko desadostasuna agertu zuen. Baina sententzia irmoa dela eta Udala epaiaren notifikazioak helaraztera behartu dutela erantsi zuen.
Alkatearen idazkari Nuño Santillanak hartu zuen protagonismo handiena oholtza gainean. Hark egin zuen gertaeren azalpena: 1995-1999 agintalditik honako kronologia eta auziari loturiko hainbat datu esanguratsu eman zituen. Segidan, informazio-prozesuan sortu diren galdera ohikoenak zeintzu diren xehetu zituen eta, azkenik, herritarrei eman zieten hitza. Tarte hori iritsita, oholtza gainera, galderak erantzuteko hiru lagun batu zitzaizkion Nuño Santillanari: Andoni Alvarez Andoaingo alkatea, Unai Rekondo udal idazkaria eta Leire Lertxundi abokatua.
Ia hiru orduz luzatu zen bilera eta, galderen artean, honako hauek: ordaindu beharreko interesekiko desadostasuna, garaje jakin batzurengatik ordaindu beharreko kopuru desproportzionatua, urte hauetan guztietan egon den informazio falta… giroan agerikoa zen sententziarekiko desadostasuna eta isuna ordaindu beharrak eragiten duen haserrea. Gehien-gehienentzat espero gabeko karga ekonomikoa baita, 300 eta 600 euro artekoa.
Egunotan ezagutzera eman den sententzia irmoa da: Zumea plaza eta inguruak eraikitzeko sortu zen Kopentsazio-Batzordeak Amenabarrek erreklamatutakoari erantzuna ematen ez ziola ikusita, epaileak hondasun-higiezinei egotzi die 222.333,40 euroak ordaintzeko obligazioa. Hots, garaje, etxebizitza eta lokalen egungo jabeei. Erantzuleak, ondorioz, ehunka pertsona dira.
Justizia administrazioak jakinarazpena banan bana helarazteko ezintasunaren aurrean, Andoaingo Udala behartu du lan hori egitera. Zer esanik ez dago ordu asko eman duela Udalak jakinarazpenak bidaltzen eta arreta zerbitzua ematen. Atzoko bilera eta gero, herritarrei informazioa ematen jarraituko duela adierazi du udal erakundeak. Ikusteke dago kaltetutako herrikideen artean mugimendu antolaturik sortuko ote den.