Aspaldi egina zuen itxiera iragartzen zuen kartela, baina denbora behar izan zuen dendako atean zintzilikatzeko behar zuen ausardia pilatzeko. Virginia Gonzalez jaio zen urte berean ireki zuen bere aitak Gonzalez Sastre denda. Dendaren garai ezberdinak ezagutu ditu eta azkenik, dendako ateak ixteko erabakia hartu du.
Gonzalez Sastre, gizonezkoen arropa denda duela 50 urte ireki zuen zure aitak.
Hala da. Aita jostuna da eta hogeita lau urte zituela, denda ireki zuen Andoaingo Kale Nagusian. Gizonezkoentzako arropa saltzen zuen bertan eta, jostuna izanik, neurrira ere egiten zituen jantziak. Etxe edo marka onetako arropa eduki izan zuen aitak bere dendan eta nik ere bide berari eutsi izan diot. Orain dagoen toki berean egon da beti denda, baina hasieran txikixeagoa zen. Aldameneko lokala erosteko aukera suertatu zitzaion, eta denda handitu egin zuen, gaur egun duen itxura eman arte. Aitak denda ireki eta urte batzuetara, beste denda bat zabaldu zuten gurasoek; Esther izena zuen eta emakumeentzako arropa saltzen zen han. Donostian ere izan zuten hirugarren denda bat; Goe izena jarri zioten eta urte batzuz egon zen irekita.
Erreleboa hartzea egokitu zitzaidanean, lehen dendari eustea erabaki nuen eta, Gonzalez Sastre dendako ardura izan dut. Dendak iaz bete zituen 50 urte eta, aurten, ixteko erabakia hartu behar izan dut.
Dendan hazitakoa zara...
Bai, horixe bizi izan dut txiki-txikitatik. Orratz, oihal eta jostorratz artean hazi nintzen. Oso txikia nintzenetik, hiru urte ingururekin, aitari laguntzen nion dendarako arropa aukeratzera. Betidanik bizi izan dut mundu hau eta asko gozatu dut, gainera.
"Asko gustatzen zitzaidan dendara etortzen ziren gizonezkoei arropa-gomendioak ematea"
Eskolatik atera eta dendara etortzen nintzen. Atzekaldeko gelan egiten nituen eskolako lanak. Denda izan da nire erreferentzia nagusia eta ikaragarri gozatu izan dut beti. Asko gustatzen zitzaidan dendara etortzen ziren gizonezkoei arropa-gomendioak ematea.
Erosteko moduen aldaketa azpimarratu duzu. Belaunaldi berriek internet bidez egiten al dituzte erosketak?
Gazteek eta ez hain gazteek, internetez erosteko ohitura hartu dute. Joera hori asko handitu da pandemiaz geroztik. Askotan, dendako prezio berean erosten dute internet bidez eta ez da erraza horren arrazoia ulertzea. Erosotasunagatik izan daitekela diote... Nire zenbait bezerok dendara deitzen dute eta etxera eramaten diet arropa. Betiko ezagunak ditut, eta zuzenean dendara deitzen dute, ondo geratzen zaizkien jantziak eskatzeko. Zuzeneko tratuak hori dakar. Nik badakit zer gustatzen zaion eta zer egiten zaion eroso; beharrezko egokitzapenak egiten dizkiot eta baita konjuntuak ere. Zer dago hori baino erosoago? Ba hori galtzen ari da. Internet bidezko erosketak, probadore birtualak... horretara goaz. Espero dut egunen batean lehengora itzuliko dela pixka bat, baina une honetako egoera oso zaila da.
"Fast-fashion edo moda azkarra kontsumitzen du gizarteak. Ez dira konturatzen hori ez dela inondik-inora sostengarria"
Bestalde, aurrez aipatutako fast-fashion edo moda azkarra kontsumitzen du gizarteak. Ez dira konturatzen hori ez dela inondik-inora sostengarria. Gure dendan erositako arropak garestiagoak dira, baina kalitate handia dute, eta urte asko iraun dezakete. Hori da benetan sostengarria. Merkeago erosi, epe laburrean bota, eta berria erostea baino askoz ere sostengarriagoa da. Gainera, fast-fashionean saltzen duten arropa oso lan-baldintza kaskarretan egindakoa izaten da eta ez gara horretaz konturatzen. Guk berma dezakegu, gure dendan saldutako arropa baldintza duinetan ekoitzitakoa dela. Zuzeneko harremana dut ekoizleekin eta hori ere oso polita da.
Azken egunetan murgilduta, nola sentitzen zara?
Oso hunkituta eta sentibera nago. Badira zenbait hilabete ez dudala genero berririk ekartzen eta, denda hustutzen ari da. Ez dut sekula horrela ikusi, eta pena ematen dit. Horrez gain, itxieraren iragarpena egiten zuen kartela atean jarri nuen unetik aurrera, jende asko gerturatu da niregana, zerbait gertatzen ote zitzaidan galdetzera, niregatik arduratuta. Negar asko egin dut azken asteotan eta zenbait bezerok ere negar egin dute nirekin batera. Jendeak ez zuen itxiera espero eta ezustean harrapatu ditu.
"Negar asko egin dut azken asteotan eta zenbait bezerok ere negar egin dute nirekin batera"
Etxean, aitak ere pena hartu du, baina badaki horrela ezin zela jarraitu. 24 urte zituela ireki zuen denda eta ibilbide ederra egin zuen. Baina egoera oso bestelako da orain eta hori garbi ikusten du.
Denda itxita, nora bideratuko duzu zure etorkizuna?
Oraindik ez dut oso garbi zer egingo dudan. Arroparekin zerikusia duen zerbaitetan arituko naiz ziurrenik eta dagoeneko baditut proposamen batzuk. Ezagun asko ditut mundu honetan eta lanerako eskaintza batzuk jaso ditut. Momentuz, lasai hartu nahi dut. Azken hilabeteak oso intentsoak izaten ari dira eta denbora pixka bat beharko dut hau guztia barneratzeko. Lan asko egitea egokitu zait eta emozionalki ere oso hilabete intentsuak izan dira.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 686 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.