Mozorro egunetako giroa antzematen hasi gara

Aiurri 2026ko otsailaren 8a

Artxiboko irudia.

Familiak, talde handiak, kuadrillak... gutxi-asko, inauteria lantzen ari dira herrikideak. Urteko festa parte-hartzaileena da, ehunka eta ehunka andoaindar mozorroa jantzi eta kalera irteten direnekoa. Aurtengo egitaraua xehetu dugu, egunez egun

Azter dezagun inauteria, egunez eguneko egitarauari jarraiki.

Otsailak 12, ostegun gizena

Ikastetxeak inauteri festan murgiltzen diren eguna da. Bazkalostean, aspaldiko ohiturari jarraituz, kalejiran abiatuko dira guztiak Goikoplazarantz.

Arratsaldean, DJ Mikeltxik saioa egingo du ospakizunetarako egokituko duten olanapean. Donostiarra da eta, iaz, Eukararen Nazioarteko egunean, saio bikaina egin zuen.

Otsailak 13, ostiral mehea

Lebiton konpartsaren urteko lehen irteera izango da. Gazteentzat, aldiz, bingo berezia antolatu dute Gazte Lokalean. Iluntzean, erromeri giroko doinuez beteko da karpa Malkogarriyak taldearen errepertorioarekin.

Otsailak 14, larunbata

Andoaingo inauterietako egun handia da. Jendetza murgiltzen da festan eta, egitarauaren gainetik, andoaindarrak dira benetako protagonistak.

Eguna ordu txikiak arte luzatuko da Goikoplazan DJ Nemuxen saioarekin.

Otsailak 15, igandea

Inauterietan jarraitzeko gonbita luzatuta dago. Nekeak jota ez dagoenarentzat edo Tolosara ez joatea erabaki duenarentzat, Andoainen hiru hitzordu nabarmendu daitezke: konpartsen irteera, bazkaria Goikoplazan eta Sardinaren segizioa eta ehorzketa.

Andoainen dagoeneko antzematen da inauteri-giroa.

 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!