Andoainen bizi diren kulturen arteko topaketa sustatzea du helburu “Su-artean Gure-artean” ekimenak. Horretarako, familia-giroko jaia ospatzen dute, eta tartean, jatorri desberdinetako platerak prestatzen dituzte.
Munduko gastronomiak, topagune
Kolonbia, Kuba eta Euskal Herriko plater goxoen inguruan bildu ziren osteguneko ekimenean.
Hain zuzen, Marcela Morales eta Kely Patiño kolonbiarrek patata entsalada prestatu zuten, honako osagaiekin: patata, azenarioa, ilarrak, oilasko bularkia, hegaluzea, maionesa eta gatza.
Amarilis Cepedo, arropa zaharra patatekin izeneko plater kubatar tipikoaz arduratu zen Ontza elkarteko sukaldean; Garkoitz Azpirotzek eta Itziar Aranberrik lagundu zioten eginkizunean. Txahal-haragia, piper berdea, piper gorria, baratxuri aleak, tipula, tomatea, haragiaren egosketako salda, oreganoa, gatza eta olioarekin osatu zuen plater hori.
Otordu goxori errematea emateko, Pepe Iparragirrek goxua postreari ekin zion, Miren Erkiziaren eta Luisi Roigen laguntzaz.