Talde ekologistak ohar batean zabaldu duenez, “kartzela zigorra saihestea lortu bazen ere, Aroztegiko epaiaren ebazpenak isun ekonomikoa ezarri zien duela lau hilabete beren lurraren defentsan jardun zuten zazpi auzipetuei. Orain, 70.000 euroko zigorrari aurre egiteko kanpaina abiatu da. Horri eutsi eta Andoaingo Eguzkitik elkartasun keinua antolatu dugu: diru bilketa egingo dugu Ernaitza liburu dendan hilabetea amaitu arte. Bertan itsulapikoa egongo da nahi den ekarpen ekonomikoa egiteko. Hilabete amaieran auzipetuei emango diegu”.
2001etik datorren gatazka
2001ean hasi eta honaino heldu den auzia kronologikoki azaltzen duen kronika osoa irakur daiteke, Erran.eus aldizkari digitalean.
Laburki, Aroztegiko auziaz esan daiteke 24 urtez luzatu den gatazka dela. Hain zuzen, 2001ean, Palacio de Arozteguia SM enpresak, Lekarozko Aroztegia jauregia luxuzko hotel bihurtu eta golf zelaia eta 228 etxebizitzako urbanizazioa eraikitzeko asmoa agertu zuen.
2009an, “Aroztegia… eta gero zer?” plataforma sortu zuten Baztan bailarako hainbat herritarrek, egitasmoa geldiarazteko asmoz. “Baztango etxebizitzen beharrarekin eta bertako egiturarekin, lurraldearekin eta nortasunarekin deus ikustekorik ez duen egitasmo urbanistiko bat" dela aldarrikatu zuten orduan, proiektuaren kontra jartzeko.
Plataformak eta Baztango Udalak hainbat urtetan proiektuaren kontrako errekurtsoak aurkeztu ondoren, 2013an Auzitegi Nagusiak legez kanpoko izendatu zuen. Gauzak horrela, enpresa sustatzaileak proiektu berria aurkeztu zuen (etxebizitza kopurua 252tik 228ra aldatuz).
2015ean, Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eragina duen Plana izendatu zuen, eta horrekin, herri lurren gaineko eskumena galdu zuen Baztango Udalak.
2021eko apirilean, hondeamakinak Aroztegiko lurretan lanean hasi zirenean, proiektuaren kontrako mugimenduak protestarako kanpaldia egin zuen, eta obrak geldiarazi zituen. Kanpaldian parte hartu zuten zazpi herritar deklaratzera deitu zituzten orduan, eta 2025eko maiatzean epaitu zituzten Iruñean.
Epaitegiak ezarritako epaiak "talde kriminala" osatzeagatik ez zituen zigortu zazpi auzipetuak, eta era berean, ez zuen erantzukizun zibila ezarri Aroztegiko proiektua bultzatzen zuen enpresak horixe eskatzen bazuen ere; hain zuzen, 43 milioi euro erreklamatu zituen kalte-ordainetan.
Diru-bilketarako kanpaina
Nolanahi ere, epaiak 62.000 euroko isunak ezarri zien auzipetuei; kantitate horri hainbat kalte-ordain eta epaiketako gastuak batu behar zaizkio. Elkartasun komiteak diru bilketako kanpainari ekin dio aurre egiteko isun ekonomiko horri, eta egin duten bideoan azaltzen dituzte arrazoiak.
Andoaingo Eguzkik bat egin du berarekin, esan bezala. Hortaz, bi eratara egin daitezke ekarpenak, Ernaitza liburudendan taldeak jarritako itsulapikoan, edota, elkartasun komiteak irekitako Euskadiko Kutxako honako kontu korrontean: ES8230350136371360022868.

