Aranaztegi industriagunean biltegi batean ari dira azken asteetan konpartsetako kideak beren karrozak prestatzen, eta laukotea topatu genuen joan den astelehen iluntzean. Ez batzuk, ez besteek, ez dute agerian jarri nahi izan zertaz joango diren mozorrotuta larunbatean, jakina. Ezustekoa eman nahi die espaloietan pilatuko diren inauteri zaleei. Nolanahi ere, ziurtatu dute mimoz eta arretaz aritu direla lanean azken asteetan prestaketa lanetan, eta ezustekoa, harridura eta barreak eragingo dituztela ikusleen artean.
Ieup!
Ieup! karrozako Arrutik aztarren bat edo besterik ez digu eman, “Euskal Herriko eta Andoaingo jaietako (Santakrutzetan behintzat bai) paisajean ezinbestekoa bilakatu den osagaia hartu dugu gaitzat. Ezin da gehiago esan. Hori bai, gurea ikusi orduko, agudo harrapatuko gaitu ikusleak”.
Inauterizaleek gogoan edukiko dute Iep! Konpartsak aurreko urtetan atera dituen zenbait mozorro. Bilboko Athleticeko kamiseta eta banderarekin gabarran irten zireneko hura, edota baserriko oiloz jantzi zireneko beste hura, esate baterako. Euskal ohiturekin, tradizioekin, kirol-zaletasunekin... zerikusia duen gairen bat hartzea dute gogoko. “Euskal kutsuko edozeri heltzen saiatzen gara; nahiko baserri-girotik gatoz, eta natural ateratzen zaizkigu mozorrorako-gaiak. Hori bai, parodia zale samarrak gara izatez, eta geure buruaz barre egiten saiatzen gara lehenbiziko eta behin”. Desfilean barrena ondo pasatzea helburu duten arren, espaloietako ikusleak zirikatzea ere beren ikuskizunaren parte badela gogorarazi du Arrutik. “baserriko animaliez jantzi ginen hartan, lastoa eta pentsua jendeari jaurti genien umore puntu batekin, eta antzekoa egiteko asmoa daukagu oraingoan ere”.
Kaxettes
Kaxettes karrozako Juan Vicentek ere apenas eman digun argibiderik zertaz jantzita joango diren galdetu arren. “80ko musika jarriko dugu, eta dantza-saioak egingo ditugu ibilbidean barrena. Horretarako, koreografia ikasten aritu gara aurreko egunetan. Hamabi heldu eta haur batek osatzen dugu taldea, eta egia esanda, hobekiago moldatzen dira emakumeak. Igande ilunabarrean, karrozak dauden biltegitik kalera atera eta gasolindegi ondoan entsegua egiten aritu ginen; barre ederrak egin zituzten gure kontura inguruan zebiltzan kamioilariek!”.
Vicentek adierazi duenez, lagun-kuadrilla desberdinetako kideak espreski biltzen dira Andoaingo Inauterietan. Jada urte mordoa daramate elkarrekin ospatzen jaiak; “karroza baino, indarrez tiraka garraiatu behar den karro bat etortzen zaigu primeran gure ikuskizuna antolatzeko, eta ideiak ere ez zaizkigu agortzen”. Telebistako “Tentazioen Irla” saioa, txomingeroak, cale-ak... izan dituzte mozorro gai, besteak beste.
Kaletxikitoak
Nahiko beteranoa da Kaletxikitoak konpartsa. Bere izenak agerian uzten duen moduan, Kaletxiki auzokoak dira bere kideak. Tartean dira Amaia Bakero eta Arkaitz Muratori. “18 bat heldu eta bi ume aterako gara karrozarekin. Garai batean zalaparta handiago aterako genuen kalean seguruenera, izan ere gure haur guztiekin irteten ginen. Haur horiek orain 20 urtetik goragoko gazteak dira, eta nahiago izan dute beren kuadrillekin ospatu inauteriak; ondo itsatsita daukate mozorrotzearen kultura!”, adierazi du Bakerok.
Konpartsaren dinamikak bere errituala eskatzen duela gogorarazi du Bakerok; ezin duela izan bat-bateko kontua; alegia, inauteri egunekin gozatzeko ezinbesteko baldintza dela aurretik seriotasunez hartzea ardurak. “Abenduan egiten dugu lehenbiziko bilera. Nork bere ideiak ekartzen ditu mahaira, eztabaidarako jartzen ditugu eta bozkan irabazten duenari heltzen diogu. Hortik aurrera, poliki-poliki joaten gara mozorroak prestatzen, abestiak aukeratzen eta koreografia diseinatzen”.
Andoaingo inauterietako desfileei une gogoangarriak ekarri izan dizkie Kaletxikitoak konpartsak. Nor ez ote ditu gogoan, esate baterako, Agata Ruiz de la Prada diseinatzailearekin edota Michael Jakckson eta bere Thriller bideokliparekin egindako parodiak?
Bara, datorren larunbatean kaleratuko duten antzerki edo karikatura haien parekoa edo hobea izan dadin saiatu direla esan du Bakerok. Zer ote den ez argitu arren, herri sinismenekin, misterioarekin, izuarekin... identifikatu litekeen gaia izango dela zehaztu du.