Senideak eskertuta daude amak jaso zuen trataerarekin: “zoriontsua izan zen Eguneko Zentroan. Maitasun handia erakutsi zioten bertako langile guztiek”. Eskertza lan talde osoari zabaldu diote: harrerakoak, txoferra nahiz laguntzailea, egoitzako gizarte langileak, arduradunak…, guztien profesionaltasuna nabarmendu nahi dute. Andoaingo familia askotan adineko kidea zerbitzu horietara bideratzeko erresistentzia egon daitekeela eta, urratsa eman eta probatzera gonbidatuko lituzke Inma Delgadok, Juliren alabak: “ama oso gustura zebilen han antolatzen ziren jardueretan. Bertan egiten zirenak, hala nola, bingoa edo baratzea lantzea. Eta baita kanpoan egiten zirenak: Oriora edo Sagardoetxera egindako irteerak, adibidez”. Eguneko egoitza ezagutzeko jardunaldi irekietara hurbiltzea aukera baliagarria dela deritzo, zerbitzua bere osotasunean hobeto ezagutze aldera.