"Herritarrak euskararen alde aktibatzea nahi dugu"

Lide Ruiz Telleria 2026ko otsailaren 23a

Izaro Arruti, euskaltzalea eta telebista-aurkezlea.

Andoaingo euskalgintzan aski ezaguna da Izaro Arruti Agirreurreta eta, azken urteotan, baita Euskal Herri osoan ere, EuskarAbentura eta Tribuaren Berbak egitasmoen bitartez

Lehen aldia da telebista programa batean aurkezle gisa zaudela. Zer dela eta erabaki duzu aldaketa horren aldeko apustua egitea? 

Beti ibili izan naiz soziolinguistika eta hizkuntza gaietan murgilduta.  Horrez gain, sentsibilitate handia dut gai sozialen inguruan, eta aktibismo ezberdinak egiten aritu naiz, batez ere, hizkuntzen inguruan. Ingeles eta frantses filologiak ikasi nituen, baina beti izan dut lotura berezi bat euskararekin, eta oro har hizkuntza gutxituekin. Urteak neramatzan euskararen aldeko proiektuetan parte hartzen, adibidez, EuskarAbentura aisialdi egitasmoan eta BadaLab hizkuntza berrikuntza laborategian ere. Bestetik, Tribuaren Berbak telebista saioaren lehen edizioa asko jarraitu nuen, eta Kike Amonarriz erreferentziazko pertsona izan da niretzat soziolinguistika gaietan. Testuinguru horretan, egun batetik bestera dei bat jaso nuen, eta harekin batera programan parte hartzeko proposamena luzatu zidaten. Ilusio handiarekin jaso nuen egin zidaten eskaintza.

Egia da ez dudala inoiz telebista aurrean beste proiekturik egin, baina txikitatik asko disfrutatu dut jendaurrean aurkezpenak egiten. Beste hizkuntzekin lotutako edukiak Instagramen ere asko jarraitu ditut gaztetatik, eta argi nuen edukia sortu beharko banu euskarari lotutako edukia izango litzatekeela, eta azkenean aukera suertatu zait.

Zer moduz sentitu zara aldaketa horren aurrean? Erronka handia izan al da zuretzat? Nola daramazu ezaguna izatea? 

Ez dut ezer ezberdina nabaritu. Esperientzia oso polita  izan da, taldean egin dugun lana izan baita, eta horren bidez, aukera izan dut programa baten atzean dagoen lan guztia ikusteko. Nire kasuan, aurkezle lanaz gain, erredakzio lanak ere egin ditut; gidoian ekarpenak egin eta jendearekin harremanetan jarri, batez ere. Zentzu horretan, uste dut aukera eduki dudala gauza ezberdinak ukitzeko. Lan taldea oparia izan da niretzat, lan arloan zein pertsonalean. 

Zenbateraino lagungarria da Kike Amonarriz, hainbeste eskarmentu duen telebista-aurkezle batekin aritzea? 

Tribuaren Berbak euskara eta hizkuntzen inguruko programa entretenigarri bat da, eta euskarak alor ezberdinetan bizi duen errealitatea azaltzen du. Horren azalpena umore printzekin eta tonu baikor baten bidez egiten dugu. Zentzu horretan, Kikek esperientzia handia du umorearen alorrean, eta eskertzen da. Programak konbinazio oso indartsua du; dibulgazioa, entretenimendua eta umorea uztartzen dituelako. Kikerekin lana egiteari esker ulertu dut ardurazko eduki serioa egin daitekeela baikortasun eta umore ikuspegiaren bidez. Hain zuzen, hobeto ulertu ahal izan dut niretzat erakargarria izan den programa formatu hori. Horrez gain, egiteko modu berriak ere ikasi ditut. Adibidez, telebistaren inguruan ezer ez jakitetik, asko ikasi dut Kikeren esperientziari esker, esate baterako; elkarrizketa nola egin, nola prestatu, gidoia nola landu… Laguntza handia izan da. 

Proiektu horiez gain, “Geuretik sortuak” kultur egitasmoan parte hartu duzu, nolakoa izan da esperientzia hori? Zein da egitasmoaren helburua?

Neba bat dut zinemagintzan ibiltzen dena, eta “Geuretik sortuak” deialdiaren berri izatean erabaki genuen gidoia idaztea, dosier bat egitea eta aurkeztea. Aukeratu gintuzten eta martxan jarri genuen laburmetraia. Hizkuntzak dira gai nagusia, eta “Xorieri mintzo zen” abestian kontatzen den istorioaz baliatzen gara, euskararen diglosi egoera azaltzeko. 

Martxoaren 18an Elorrion izango da estreinaldia, eta beranduago beste herri batzuetan ere ikusgai izango da. Horrez gain, saiatzen ari gara nazioarteko zinema jaialdi batzuetara bidaltzen, unibertsala izan daitekeen gaia jorratzen baita, bere ama hizkuntzan bizi nahi duen eta ezin duen pertsona baten bizipena. 

Programari dagokionez, zer dela eta erabaki duzue 10 urteren ostean edizio berri batekin hastea? Zein izan da helburu nagusia? 

Orio Produkzio-ko produktoreak proposamena luzatu zion EITB-ri, eta onartu zuten, kateak euskararen normalizazioarekin bat egiten baitu. Gure kasuan, programaren bidez, interesa eta jakin-mina piztea bilatzen dugu, entretenimendu horren bidez herritarrak aktibatzeko. Badakigu ez garela hizkuntza normalizatu bat, eta 10 urteren ostean suertatu da horri heltzeko aukera, eta egiten dugun edukia beharrezkoa dela uste dut. 

Zentzu horretan, Tribuaren Berbak ez da programa teoriko eta neutro bat, herritarrak euskararen alde aktibatzea bilatzen baitugu. Beste denboraldi bat egingo balitz, aukeratuko genituzkeen gaiak ildo berekoak izango lirateke; interesgarriak nahiz garrantzi handikoak. 

Euskararen biziberritze prozesua erakargarria egiten saiatzen zarete. Zergatik eman diozue garrantzia erakargarri izateari? Gaur egun gizartearen zati batek euskara hizkuntza formal edota ez erakargarritzat identifikatzen duela uste duzu? 

Bai, bizipenen araberakoa da. Euskara betidanik eskolarekin eta euskarazko klaseekin soilik lotzen baldin baduzu, zintzotasunez, oso normala da euskara formaltasunarekin eta zurruntasunarekin lotzea. Hain zuzen ere, horretan dago giltza, funtzio gehiago ematea euskarari eta batez ere, ulertzea zer den hizkuntza gutxitu bat, eta horrekiko kontzientzia izatea. Batik bat, ulertzeko hizkuntza gutxitu batek beste hizkuntza batek behar ez dituen estrategia edo ekintzak behar dituela. Hori modu goxo eta entretenigarrian azaltzen denean uste dut jendeak ulertzen duela. Aukera egon behar du hizkuntza eta kultura modu dibertigarrian bizitzeko, ez lotzeko euskara derrigorrezkoa den zerbaitekin, baizik eta esploratzeko eta toki berriak ezagutzeko irekitzen den ate batekin. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 687 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!