"Zientzia ez da neutroa; gizarte-sistema baten parte da"

Leire Uranga 2026ko otsailaren 24a

Edurne Gaston Estanga, Elhuyarren "Otsailaren 11 erakusleihoak" ekimenaren arduraduna.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekimen sustatzen ditu Elhuyarrek. Edurne Gaston Estanga “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoaren arduraduna da:

Nola sortu zen "Otsailaren 11 erakusleihoak" ekimena?

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da, eta testuinguru horretan kokatzen da ekimen hau. Elhuyarrek urte asko daramatza zientzia hezkuntza formalean zein ez-formalean lantzen, kultura eta hezkuntza zientifikoa sustatzeko. Eskoletatik kanpo garatzen ditugun programen baitan ikusi genuen gazteei otsailaren 11ren inguruko lanketa espezifikoa eskaintzeko beharra.

Bestalde, 2019an Zaragozan ezagutu genuen egitasmoak ere bidea erakutsi zigun. Han, dendetako erakusleihoak baliatzen zituzten emakume zientzialarien lana zabaltzeko, eta merkatariek beraiek hartzen zuten dibulgazioaren ardura. Esperientzia hartatik abiatuta sortu genuen “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena, eta badira sei urte martxan jarri genuela.

Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?

Ekimenaren bidez bi ildo uztartzen ditugu: batetik, emakume zientzialariei zein teknologikoei ikusgarritasuna ematea; bestetik, tokiko merkataritza proiektuan inplikatzea. Komunitatetik egiten den lanean sinesten dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu tokiko eragileen parte-hartzea.

Horregatik, ekimena udalerriekin elkarlanean egiten da. Udalek izena ematen dute, eta ondoren tokian tokiko merkatariekin lantzen dugu lana. Erakusleihoetarako oinarrizko edukiak eta horma-irudiak eskaintzen ditugu, baina sormen-lana dendarien esku geratzen da.

Eta nola iritsi zineten erakusketa formatura?

Denboraren poderioz, ikusi genuen herri batzuetan ez zegoela nahikoa merkataritza-sare hamabiko dinamika osatzeko –guk urtero hamabi emakume zientzialari hautatzen ditugu, eta polita da hamabiko sare bat eratzea–. Horrek pentsarazi zigun nola eman geniezaiekeen beste formatu bat landutako eduki horiei.

Horrela sortu zen “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa. Erakusleihoek sei urte daramatzate martxan, eta erakusketek lau urteko ibilbidea dute.

Edukiei dagokienez, oinarria bera da: hamabi emakume zientzialari hautatzen ditugu, eta haien lana eta ibilbidea gizarteratzeko presentzia ematen diegu herrietako erakusleihoetan zein kultur etxe, liburutegi eta bestelako espazio publikoetan.

Helburua argia da: emakume zientzialarien lana ikusgarri egitea eta erreferente errealak herritarrengana hurbiltzea.

Urtero hamabi emakume zientzialari hautatzen dituzue. Nola egiten duzue aukeraketa, eta zein irizpide hartzen dituzue kontuan?

Urtero hamabi emakume hautatzen ditugu, eta, egia esan, hori da niretzat proiektu osoan zailena. Hamabirekin bakarrik geratu behar izateak esan nahi du beste asko kanpoan utzi behar direla. Eta erreferente asko daude: gaur egungoak ez ezik, iraganeko emakume zientzialariak ere bai. Urtez urte osatzen joan garen zerrenda historiko moduko bat daukagu, eta hortik abiatzen gara.

Aukeraketan, oreka bilatzen saiatzen gara. Batetik, diziplinen arteko oreka: ez dugu urtero profil bera errepikatu nahi, eta aurreko urteetan zer landu dugun ere kontuan hartzen dugu. Bestetik, garaia: ez ditugu soilik gaur egungo emakumeak hautatzen; aspaldian bidea urratu zutenak ere ekarri nahi ditugu.

Jatorriari dagokionez ere aniztasuna bilatzen dugu. Bertako emakumeek lekua izan dezaten saiatzen gara, baina, aldi berean, begirada zabaldu egiten dugu: jatorri gutxituetako, arrazializatutako edo herri gutxituetatik datozen emakumeei ere tokia ematen ahalegintzen gara.

Profil ezagunak eta ez hain ezagunak uztartzen ditugu. Aurtengoan, esaterako, Jane Goodall hautatu dugu, nazioartean oso ezaguna eta ekarpen handiak egin dituena. Baina guretzat garrantzitsua da, halaber, hain ezagunak ez diren zientzialariei ere lekua egitea: hasiberriei, gazteei edo ikusgarritasun txikiagoa izan dutenei.

Sortzen dugun edukian, ilustrazio bat dago –Izaskun Alberdi Landaluze ilustratzailearekin egiten dugu lan–, zientzialariaren oinarrizko datuak eta biografia laburra jasotzen ditugu, eta aipu edo pasadizo bat ere gehitzen dugu. Helburua da figura horiek pertsonalizatzea eta humanizatzea.

Erakusleihoetan hamabi horma-irudi jartzen dira, eta erakusketan ere hamabi dira; edukia bera da. Aldatzen dena euskarri eta formatua da, udalerri bakoitzaren beharretara egokitzeko.

Emakumeen presentziari dagokionez, nola baloratzen duzu gaur egungo egoera zientzian?

Populazioaren % 50a garen heinean, esparru guztietan merezi dugu tokia, ez zientzian bakarrik, baina zientzian ere bai. Historikoki emakumeak egon dira zientzian, baina interes ezberdinengatik ez zaie dagokien lekua eman. Nik uste dut justizia kontu bat dela.

Azken hamarkadetan, ordea, mugimendua egon da. 2015ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 izendatu zuen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, eta ordutik hona urrats esanguratsuak eman dira, batez ere kontzientziazioaren alorrean. Duela hamar urte erabat normalizatuta geneuzkan egoerak –adibidez, sei hizlariko konferentzia batean seiak gizonezkoak izatea– gaur egun jada ez dira hain modu naturalean onartzen. Horrek erakusten du urratsak ematen hasi garela.

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 687 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!