Martxoak8ko ekitaldi sorta aurkeztu dute

aiurri 2026ko otsailaren 19a

Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitako ekitaldi-sorta aurkeztu zuten udaletxean udal ordezkariek, udal teknikariek eta antolaketan parte hartu duten zenbait eragileek udaletxean, atzo. Martxoaren 1etik 14ra luzatuko da programazioa, eta herritarren eta Udalaren ekimenak uztartuko dira. Agerraldia, bideoz ikusgai (behean): 

Haizea Barandiaran berdintasun zinegotziak, Susana Garcia berdintasun teknikariak eta Ianire Huizi Berdintasun Koordinatzaileak aurkeztu zituzten ekitaldi desberdinak.

Agerraldian ere izan ziren Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos) zinegotziak, eta Lorea Senperena (Ongi Etorri ekimena), Ilu Blanco eta Izaskun Etxeberria (Zuena elkartea), June Mateo (Gazte Lokala), Helena Zubillaga eta Mari Jose Arkonada. 

Barandiaranek azpimarratu nahi izan du Martxoaren 8a orain arte lortutakoa ospatzeko eguna izateaz gain, “honaino ekarri gaituen borroka feminista eta borroka hori hauspotu duten feministei aitortza egiteko eguna” ere badela. Era berean, “egun honek erronkak zehazteko eta horiek gure egiteko baliatzeko balio” behar duela ere nabarmendu zuen. “Genero-desberdintasun estrukturalaren gorakada bizi dugun garai honetan, bizi baldintza duin eta justuen alde lanean jarraitu” behar dela gaineratu zuen. Horretarako, “begirada feminista erdigunean jartzen jarraitzea, kalean zein instituzioetan” ezinbestekoa dela esanez amaitu zue hitzartzea.

 

Afaria martxoaren 6an

Programazioari begira jarrita, batetik kultura anitzetako martxoaren 6ko afariaren garrantzia nabarmendu zuten Garciak eta Huizik; “izan ere, beste espazio batzuk sortzeko bidea eman du, tartean Emakumeen* Etxea diseinatzeko prozesua. Hirugarrenez, Andoaingo kultura anitzetako emakumeak janari goxoaren bueltan elkartuko dira, saretzen eta sinergiak sortzen jarraitzeko”.

Aipatu afaria Goikoplazako karpan, 20:30ean izango da. “Parte-hartzaile bakoitzak bere janaria ekarri beharko du; bertan platerak, edalontziak, mahai-tresnak, ahozapiak, ura, kafea eta te arabiarra egongo dira. Ondoren, DJ SIWANABAREN kultura anitzetako musikarekin festan jarraitzeko aukera izango da".

Aurrez erreserbatuta, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da. Afarian izena emateko epea otsailaren 19an irekiko da (12:00etan) eta otsailaren 27ra arte egongo da zabalik (21:00ak arte)”.

Epe horretan, karteleko QR kodearen bidez, telefonoz edota posta elektronikoz eman ahal izango da izena; Udalean bertan, Berdintasun Sailean ere eman ahal izango dute izena. Izena eman ondoren, pultsera morea jaso beharko da, hau izango baita afarirako sarrera eta ikur nagusia.

Aurten ere Gazte Lokaleko kideek egindako PULTSERA MOREA izango da erabiliko dena.

 

“Emakumeen Irradaka” eta manifestazioa, martxoaren 8an

Bi egun beranduago, martxoaren 8an, igandearekin, bi ekitaldi nagusi izango direla ere gogorarazi zuten, “Martxoaren 8ko lan taldeak antolatutako “Emakumeen Irradaka” ekimena izango da, eta ondoren Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa egingo da”.

“Emakumeen Irradaka” izeneko soka dantzari dagokionez, herriko emakume guztiek parte hartzeko aukera izango dutela esan zuten. “Ekitaldirako propio prestatutako koreografia honek emakume anitzen saretzea eta lotura irudikatu nahi ditu. Pauso errazekoa eta denek parte hartzeko modukoa izango da, baina aurrez entseguak egingo dira saretzea indartu eta dantza prestatzeko. Lehenengo entsegua otsailaren 23an, 20:00etan, Ondarretako patioan izango da”.

 

Nerea Uralderen kartela

Nerea Uralde dela kartel lehiaketako irabazlea jakinarazi zuten atzo udaletxean egindako agerraldian, eta bertan saria eman zioten.

 

Programazioa, ekitaldiz ekitaldi

Martxoak 1, igandea

- Zapien marrazketa. 17:30ean, Gazte Lokala.

- Erakusketa parte-hartzailea: “Zure inguruan zer?". Martxoaren letik 3lra. Nerabeek egunerokotasunean kontsumitzen dituzten baliabideen azterketa. 17:00-20:30 Gazte Lokala (asteazkenetik igandera).

 

Martxoak 6, ostirala

- Emakume famatuen erakuskea Martxoaren 6tik 13ra. 17:00-20:00 Ludoteka

- Antzerkia. A peine DesAires konpainia 19:30 Bastero kulturgunea (auditorioa). Hizkuntza: gaztelania. Antolatzailea: Kultura lansaila.

- Emakumeen afaria. 20:30 Goikoplazako karpan Aldez aurretik eman behar da izena. Haurtzaindegi zerbitzua eskaintzen da (aldez aurretik eskatuta). Tlf. 676 567724, edo, berdintasuna@andoain.eus Antolatzailea: Berdintasun lansaila

 

Martxoak 7. Larunbata

- Estutxeak pertsonalizatu. 10:00. Ludoteka (4-7 urte).

- Emakumeen bazkaria. 14:30 Oianume jatetxea (izen emate irekia). Aldez aurretik eman behar da izena. Tlf. 606 929697, edo, zuenaemakumeentopalekua@hotmail.com Antolatzailea: ZUENA Emakumeen Topalekua.

 

Martxoak 8, Igandea

- Emakumeen Irradaka dantza. 12:00 Goikoplaza

- Manifestazioa. 12:30 Goikoplazatik hasita Antolatzailea: Andoaingo Mugimendu Feminista.

- Ginkana Morea. 17:30. Gazte Lokala. Martxoak 13. Ostirala.

- Antzerkia. Segunda convocatoria.

19:30 Bastero kulturgunea (auditorioa). Hizkuntza: gaztelania. Antolatzailea: ZUENA Emakumeen Topalekua.

 

Martxoak 14. Larunbata

Buruntzaldeako Emakumeen VI. Pala Topaketa. Parte hartze irekia. Materiala utziko da. Pala topaketa 17:00 Arrate pilotalekuan.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!