(Ikusgai jarritako bideoa iazko maiatzekoa da, igoera ziurtatu zenekoa)
Futbolaz harago, Telmo entzundakoan, arraun kontuak datozkio burura bati baino gehiagori. Ereserkia aski ezaguna baita: "Zumaiako traineruak izena du Telmo Deun...". Ohorezko erregional mailako azken jardunaldian, santua agertu zitzaion Euskaldunari. Santua, esan nahi baita, Telmo aurrelaria. Talde osoarena da meritua baina ezin aipatu gabe utzi goleatzailea. Hainbat hilabetez kanpoan izan da eta, berriki, itzuli da taldera. Denboraldi honetan jokatu duen bigarren partidan, 59. minutuan sartu zen zelaira eta partida amaitu aurretik utzi zuen bere arrastoa.
Golegile hutsa da Iruin, eta Euskaldunarentzat laguntza handikoa izango da. Iaz, esaterako, 27 partidatan 25 gol sartu zituen. Andoaindar askok gogoan izango dute iazko maiatzean Iruinek Allerruren aurka sartu zuen gola. Orduan ere partida amaitzen ari zen eta atezainaren aurrean bakar-bakarrik geratu eta haren gainetik loratu zuen baloia. Igoera bermatzen zuen gol ikusgarria izan zen hura. Pozaren pozez kamiseta kendu eta korrika hasi zen. Eta, haren atzetik, jokalari guztiak. Bitartean, gola ospatzen ari ziren harmailetan ehunka zaletu.
Larunbat honetan, Oiartzun talde indartsua dator. Joanekoan 1-2 irabazi zuen Euskaldunak.
Larunbatean, Ubitartera
16:30 Euskalduna-Oiartzun