Herri Ituna sinatu dute, Eskola Kirola eredu bateratuaren alde

Jon Ander Ubeda 2026ko otsailaren 20a

Bart sinatu dute ituna, udalerriko erakundeen ordezkaritza zabala bertan zela. Babes zabala du ekimenak. Hots, udalerriko ikastetxeak, kirol taldeak eta ordezkaritza duten lau alderdi politikoak.

Aita Larramendi Ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea eta Ondarreta Herri Eskola "ANDOAINGO ESKOLA KIROLA EREDU BATERATUAREN ALDEKO HERRI ITUNA" izeneko ituna sinatu zuten. Haiei atxikimendua adierazi zieten alderdi politikoetako eta herriko kirol elkarteetako ordezkariek.

Herri itunaren muina

Udalak muina zein den azaldu du, ohar bidez: "Andoaingo Udala eta herriko hiru hezkuntza zentroak elkarlanean ari dira Eskola Kirolaren eredu bateratu, hezitzaile, inklusibo eta komunitarioa eraikitzen. Eredu berri honek Eskola Kirola hezkuntza-prozesuaren parte integrala dela aitortzen du, eta haur eta gazteen garapen pertsonala, soziala eta emozionala jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez sustatzea du helburu. Proiektu hau Eusko Jaurlaritza-ren 8/2022 eta 2/2023 Legeetan oinarritzen da, eta marko juridiko eta pedagogiko sendo baten bitartez gauzatzen da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!