"Artista txiki bezain handi dira Kantariko partaideak"

Aiurri 2026ko otsailaren 26a

Lehen aldiz antolatu da Kantari Andoainen. Udalerriko hiru ikastetxeetako ikasleek, larunbat honetan, gustuko kanta dantzatuko eta abestuko dute Bastero Kulturgunean. Aitor Agiriano kantari egitasmoaren koordinatzailea da.

Aurreko larunbat goizean entsegu orokorra egin zuten Basteron. Larunbat arratsaldean jendaurreko emanaldia izango da, auditorioan.

Abiatzear da Kantari Andoainen.

Bai, halaxe da, lehenengo aldiz izango da Kantari Andoainen. Bastero Kulturgunea euskal kantuz eta festa giroz beteko da. Parte-hartzaileak prest daude, entseguak egiten ari dira, azken ukituak ematen eta dena borobiltzen. Eta, azkenik, larunbat honetan izango da bertako artista txiki baina handi direnen emanaldia.

Ezezaguna zaionari, nola azalduko zenioke zer den Kantari?

Euskal kantuen kultur transmisioa egiten da, Kantariren bidez.  8-12 urte bitarteko gaztetxoak erreferente dituzten izar horien lekuan jartzen dira, Kantarik horretarako aukera ematen dielako. Funtsean,  euskara, aisialdia eta kultur transmisioa batzen dituen ikuskizun bat da. Zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Basteron, eta horrez gain, emanaldi guztiak grabatu eta Aiurri.eus-en ikusgai izango dira.

Entseguan, hainbat partaide urduri daudela aitortu digute. Hori seinale ona da, ezta?

Bai, beti esaten dugu, sabelean sortzen diren tximeleta horiek edota urduritasuna egon beharra dagola. Izan ere,  garrantzia ematen diogu, arduratu egiten gaitu, eta konpromiso bat hartu dugu. Funtsean, lana egin delako eta lanaren emaitza ona izatea nahi dugulako gertatzen da hori. Hala ere, hemen ez dugu inor epaituko gaizki dantzatu edo abestu duelako. Ez da lehiaketa bat, eta Basterora ondo pasatzera gatoz.

Ikusleen babesarekin, gainera, seguru nago gure artista txikiak are eta gehiago handituko direla, eta sekulako emanaldia eskainiko dutela.

Kantari lehen aldiz dator Andoainera, eta aurretik ibilbide bat osatu duzue Debagoienan.

Horixe da. Badira urte batzuk Goiena komunikazio taldeak proiektua abiarazi zuela. Hasieratik helburuak honako hauek ziren: euskara, aisia, kultura eta harremanak sendotzea. Debagoienan indarra hartu zuen, eta denborarekin best udalerrietako ateak ere zabaldu zaizkio Kantariri. Gasteizen hamargarren aldiz egingo dugu emanaldia eta, horrez gain, Beasainen, Lazkaon  eta Urretxu-Zumarragan ere aritu gara. Bizkaiko ateak ere zabaldu zaizkigu, eta poliki-poliki bagabiltza Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan emanaldiak egiten.

Andoainen lehenengo aldia izango da, eta akaso, Kantari gelditzeko etorri da.

8-12 urte bitarteko 85 neska-mutil igoko da oholtzara, guztira, 17 taldetan banatuta. Larunbat honetan arratsalde osora zabalduko da Kantari. Basteron, 16:00tan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!