Sahararen eskubideen aldeko mozioa onetsi du udalbatzak, mende erdia bete duenean herri askearen aldarrikapen historikoak

Aiurri 2026ko otsailaren 27a

Mendebaldeko Sahara burujabe eta aske bizitzeko daukan eskubidea eskatuz Hurriak Sahara elkarteak atzoko udabatzan aurkeztu zuen mozioa onartu zuten gehiengoz. EH Bildu, EAJ-PNV eta Elkarrekin-Podemosek bat egin zuten mozioarekin; PSE-EEk abstentziora jo zuen. Bestalde, gogoratu behar da elkarteak Sahararen aldeko bertso-saioa antolatu duela igandean.

Hona Hurria-Sahara elkarteko kideek udalbatzan irakurri zuten mozioa:

"Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 50. urteurrena dela eta:

Nazio Batuen Gutunaren helburu eta printzipioek gidatuta, bereziki 1. eta 55. artikuluetako xedapenek, zeinek herrien erabaki askerako eskubidea aldarrikatzen duten,

Halaber, Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko ltunaren 1. artikuluaren eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko ltunaren 1. artikuluaren xedapenek gidatuta, zeinetan herri guztiek determinazio librerako eskubidea dutela baieztatzen den,

Gainera, Herrialde eta Herri Kolonialei lndependentzia Emateari buruzko Adierazpenak, bereziki haren 1. artikuluak, eta Giza Eskubideen Mundu Konferentziak onartutako Vienako Adierazpenaren eta Ekintza Programaren xedapenek, bereziki, l. zatiko 2. eta 3. paragrafoek, herrialde guztien, bereziki atzerriko okupazioaren mende daudenen determinazio askerako eskubideari buruzkoek gidatuta,

Saharar herriari dagokion determinazio askerako eskubidea berretsiz eta nazioarteko zuzenbidearen arau inperatibo hori eskualdean bake, justu, iraunkor eta orokorra lortzeko funtsezko baldintza dela nabarmenduz,

Nazioarteko zuzenbidearen arabera saharar herriak independentziaren alde, lurralde osotasunaren alde, batasun nazionalaren alde eta menderakuntza kolonial eta atzerrikotik askatzeko egindako borrokaren zilegitasuna berretsiz,

Determinazio askerako eskubidearen osagai den baliabide naturalen gaineko subiranotasun iraunkorraren printzipioa kasu honetan aplikagarria dela baieztatuz eta Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzea eta espoliatzea babesten eta lurraldea zatitzen duen legez kanpoko harresi bat mantentzea bateraezina dela nazioarteko zuzenbidearen arabera dagozkion betebeharrekin gogoratuz,

Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuei dagokienez Marokorekin harreman ekonomiko edo komertzialak dituzten estatu eta erakundeek, horrela, baliabide naturalak legez kanpo espoliatzen eta saharar herriak determinazio askerako duen eskubidea ukatzen laguntzen dutela deitoratuz,

Enpresa batzuek, zuzenean edo zeharka, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzea ahalbidetu eta erraztu dutetako, eta horretatik etekinak atera dituztelako kezka adieraziz Saharar errefuxiatuen egoera zaila deitoratuz, eta errefuxiatu -eremuan bizitzera behartuta dauden sahararrei laguntzeko, genero-ikuspegia aintzat hartzen duen lankidetza eta ekintza humanitarioarekin dugun konpromisoa sendotuz,

Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan zigorgabetasun osoz burutzen diren giza esku bideen urraketa orokortuak deitoratuz,

1. Berresten du Saharako herriak autodeterminazio askerako duen eskubide besterenezina, iraunkorra eta baldintzarik gabekoa; askatasunean, justizian eta duintasunean bizitzeko eskubidea eta estatu independente baterako eskubidea barne.

2. Berretsi egiten du saharar herriak bere aberastasun eta baliabide naturalen gaineko subiranotasun iraunkorra izateko duen eskubidea bere garapen nazionalaren eta saharar herriaren ongizatearen mesedetan eta determinazio askerako eskubidea gauzatzeko erabili behar dela.

3. Eskatzen dio Marokori, potentzia okupatzaileari, berehala amai dezala okupatutako Mendebaldeko Saharako lurraldean duen legez kontrako presentzia, zeina legez kontrako egintza jarraitua baita, nazioarte mailan erantzukizuna sorrarazten duena, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren independentzia politikoa, subiranotasuna eta lurralde osotasuna eragozten dituzten oztopo guztiak bertan bera utzi eta konpon ditzala; eta eskatzen du amai daitezela gaur egungo jazarpen, mehatxu, larderia eta errepresalia, askatasun gabetze eta kanporatze politika guztiak, saharar herriaren eskubideen alde era baketsuan egiten duten giza eskubideen defendatzaileen eta gizarte zibileko eragileen aurka.

4. Adierazten du Saharako preso politikoek Marokoko kartzeletan dituzten bizi baldintzen inguruko kezka handia, eta nazioarteko zuzenbidea urratuz preso dituen saharar guztiak berehala aske uzteko eskatzen dio Marokori.

5. Erregutzen die Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari, legez dituzten betebeharrengatik ez aitortzeko, ez onartzeko eta ez laguntzeko Marokok egiten dituen nazioarteko zuzenbidearen arauen urraketa larriak, bereziki, lurraldea indarrez eskuratzeko debekuari dagozkionak, saharar herriaren determinazio askerako eskubidearen baliatzea ziurtatzeko.

6. Eskatzen die Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari beharrezko neurriak har ditzatela saharar herriaren determinazio askerako eskubidearen eraginkortasuna sustatzeko, eta helburu horrekin, laguntza eman diezaietela Nazio Batuei eta Nazio Batuen Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioari (MINURSOri).

7. Espainiako Estatuari eta Europar Batasunari eskatzen die beharrezko neurriak har ditzatela Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2024ko urriko epaiak betetzen direla bermatzeko. Epai horietan, jurisprudentziaren arabera eta autodeterminazio-eskubidearen eta tratatuen eragin erlatiboaren printzipioak oinarri hartuta, argi eta garbi ezartzen da arrantzaren eta nekazaritza-produktuen arteko 2019ko EBren eta Marokoren arteko merkataritza-akordioak, Mendebaldeko Saharako herriak onartu ez zituenak, autodeterminazioren eta tratatuen eragin erlatiboaren printzipioak urratuz egin zirela.

8. Eskatzen dio Espainiako gobernuari argi eta garbi eta behin betiko adieraz dezala saharar herriak bere autodeterminaziorako duen eskubidea, eta printzipio horren aurkako araudi guztiak, hala nola 1975eko hiruko akordioak edo deskolonizazio frankistaren legea, ezaba ditzala. Eta, eskubide hori gauzatzen ez den bitartean, estatus diplomatikoa eman diezaiola Fronte POLISARIOAREN Espainiako ordezkaritzari, saharar herriaren ordezkari bakar eta legitimo gisa.

9. Eskatzen dio Espainiako gobernuari, era berean, Europar Batasunaren eta Nazio Batuen barruan behar diren ekimen politiko eta diplomatiko guztiak susta ditzala, lurraldearen legez kanpoko okupazioari amaiera emateko eta Nazio Batuen Bake Planean oinarrituta irtenbide justu eta behin betikoa lortzeko.

10. Konpromisoa hartzen du Mendebaldeko Saharako lurraldean edo Sahararekin lotutako edozein jarduera ekonomiko ez egiteko, finantzatzeko edo errazteko, baldin eta lurralde horretako herriak, bere ordezkari legitimoaren bidez, Fronte POLISARIOAren bitartez, baimen librea, atdez aurretikoa eta informatua eman ez badio".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!