Zabalgunea-Amenabar auzia lantzen jarraitzeko batzordea osatzea eskatu du EAJ-PNVk

Aiurri 2026ko martxoaren 2a

Artxiboko irudia.

Aurreko asteko osoko bilkuran iragarri bezala, jeltzaleek batzorde espezifiko bat eratzea eskatu dute. 

EAJ-PNVk uste du “halako tamainako hirigintza-eragiketa baten kudeaketaren inguruan arrazoizko zalantzak daudenean, edozein erakunde publikoren betebeharra dela informazio guztia ematea, gertatutakoa zorrotz aztertzea eta, hala badagokio, erantzukizunak argitzea".

Konpentsazio Batzordeko kide zen administrazio jardule gisa, Andoaingo Udalari tutoretza- eta gainbegiratze-funtzioak zegozkiola ulertzen dute. Jeltzaleen ustean, "ez gaude txikikeria baten aurrean. Duela bi hamarkada baino gehiago hasi zen hirigintza-eragiketa bati buruz ari gara, eta haren ondorioak hasierako kudeaketarekin zerikusirik izan ez duten herritarren gain erortzen ari dira. Herritarrek azalpen argiak merezi dituzte”.

EAJ-PNVk gaineratu duenez, "eskatutako batzordearen helburua ez da konfrontazio politikoa sortzea, baizik eta gertakariak kronologikoki aztertzea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!