Martxoaren 14an egingo dute Zuhaitz landaketa, Eguzki talde ekologista antolatuta. Aurreko urtetan bezala, Leitzaran bailaran, Munttoko parajean egingo dute zuhaitz autoktonoen landaketa. Iaz, hainbat naturzale aritu ziren pagoak eta haritzak batik bat landatzen Munttoko lursailetan, goiz partean.
Otietan, goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua. Lanerako tresnak antolatzaileek jarriko dituzten arren, parte-hartzaileek ere eraman ditzakete etxetik. Bestalde hamaiketakoa eta edaria ere antolatzaileen esku izango da.
Bi modu jarri dituzte izena emateko: korreo elektronikoz (biolur@yahoo.es) edota telefono watxapez (688662532).
Iaz egin zuten zuhaitz landaketaren gaineko kronika, argazki-sorta eta bideoa, hemen.
Ibaien aldeko Nazioarteko Eguna
Bestalde, herriko ikastetxeetan ibai garbien aldeko kanpaina burutzen ari da Andoaingo Eguzki talde ekologista egunotan, Ibaien Aldeko Nazioarteko Egunarekin (martxoaren 14a) bat eginda.
Hain zuzen, lur azpian eta kobazuloetan dauden uren egoera helaraztea eta horien gainean kontzientzia sortzea da egitasmoaren helburua. Otsailaren 23an hasi ziren ikastetxez ikastetxe hitzaldiekin, eta martxoaren 14an egingo dute azken saioa.
Ingurumena babestea xede duen Lurpea Garbi elkarteko kideak dira hizlariak. Haitzuloetan egiten dute lanketa, eta maiz, aztarnategi paleontologikoekin baino gehiago gizakien zabarkeriarekin egiten dute topo.
Kanpainari amaiera emateko, martxoaren 25ean, Tolosaldeko kobazuloen egoera hizpide duen dokumentala proiektatuko dute Basteroko ekitaldi aretoan. Horrela, 18:45ean, ate irekiera eta aurkezpena egingo dute; 19:00etan dokumentala emango dute, eta 19:30ean, solasaldia izango da.

