San Juan jaien lepoko zapia diseinatzeko lehiaketa zabaldu dute

Aiurri 2026ko martxoaren 3a

Iazko San Juan jaien pregoia, Axeri Dantzako kideen eskutik egin zen

San Juan jaietako lepoko zapiaren diseinua aukeratzeko lehiaketa jarri du abian Udalak. Parte hartu ahal izateko oinarriak zabaldu dituzte; martxoaren 28a arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Zabaldu dituzten oinarrietan, besteak beste, adierazten da herri mailakoa dela lehiaketa eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 urtetik gorako lagunek parte hartu ahal izango dutela; obra horiek, ideia nahiz edukiari dagokionez “jatorrizkoak” izan beharko dutela derrigor, eta ez dutela “pertsonen aurkako edozein eratako begirunerik eza erakusten duten jarrerarik azalduko”.

Edukiari eta gaiari dagokienez, ohartarazten da ez direla onartuko “edozein motako indarkeriaren aldeko mezurik, ez alderdi politikoena, ez sexu bazterkeria bultzatzen duen adierazpenik ez eta arrazakeria goratzen duen aipamenik ere”.

Hautatze prozesuari dagokionez, honako bi urrats izango ditu lehiaketak: Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, udal ordezkaritza politikoen ordezkariek eta hiru artista, kritikari edo profesionalek osatutako epaimahaiak (zazpi kide guztira) hiru lan aukeratuko ditu lehenbizi; ondoren, udaletxeko web orrian zintzilikatuko dira hiru lan horiek, eta andoaindarrek bozkatu ahal izango dute.

Oinarrien gainean informazio gehiago edukitzeko, honako bi era jarri dituzte: 943 303 540 telefonora hots egin daiteke, edota jaiak@andoain.eus korreora idatzi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!