"Egindako ibilbidearen aitortza da historia katedradun izendatzea"

Xabier Lasa 2026ko martxoaren 7a

Susana Truchuelo epaimahaikideen aurrean bere ibilbidea azaltzen.

Susana Truchuelo García (Andoain, 1968), historian doktorea, Historia Modernoan Katedraduna izendatu dute berriki Kantabriako Unibertsitatean, bertan katedra-lehiaketa gainditu ostean

Hainbat hamarkadatan irakaskuntzan, ikerkuntzan eta ezagutzen transmisioan egindako ibilbide distiratsuari aitortza egin zaio era horretan, Kantabriako Unibertsitatean, otsailaren 13an egin zen ekitaldian. Truchuelo pozik agertu zen, eta izendapena lanean segitzeko bultzada polita izango dela adierazi du.

Ekitaldi ofiziala ospatu eta egunetara, zein da orain bizi duzun sentimendua?

Poz eta harrotasun handia, nekez lor daitekeen aintzatespena baita. Azken batean, lehiaketa gainditu izanak berretsi egiten baititu inbertitutako lan-denbora zein Historiaren esparruan lortutako emaitzen kalitatea.

Izan ere, katedradun-maila lortzeko, beharrezkoa da aldez aurretik Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren akreditazioa izatea. Ziurtagiri hori ebaluazio-prozesu zorrotz eta selektibo baten ondoren lortzen da; karrera osoaren ibilbide pertsonal osoa baloratzen da, ez bakarrik ikerketan eta irakaskuntzan, baita kudeaketan, lidergoan, nazioartekotzean eta komunitate zientifikoari eta gizarteari egiten zaion ezagutzaren transferentzian ere.

Zu bezalako historia-irakasle eta ikerlari batentzat, titulu hori izango da mundu akademikoan lor daitekeen graduazio edo helburu gorena, ala?

Katedra Unibertsitatean lor daitekeen eskalafoirik altuena da, nahiz eta gradu akademiko altuena doktorearena izan, 2003an lortu nuena. Lankideen aldetik, balio pertsonal handiko errespetua eta aitortza dakar katedradun-mailak.

Nolanahi ere, beti sortzen dira lortu beharreko helburu berriak (proiektu berriak, gai desberdinetako argitalpenak, irakaskuntzan hobekuntzak, tesi-helbideak, etab.).

Ekitaldian familiak babestu zintuen. Esker oneko hitzak izan dituzu urte hauetan guztietan eskaini dizuten laguntzagatik...

Zorionez, nire familiaren zati batek lagundu ahal izan zidan katedra-lehiaketaren egunean, bereziki Mari Carmen eta Emilio gurasoek, Marta eta Maddi ahizpek eta Juanjo senarrak. Egun hunkigarri hura beraiekin partekatzeak pozez bete ninduen. Izan ere, lan-ibilbide luzea burutu dut, eta epaimahai ebaluatzaileak jendaurrean goraipatu zituen nire ibilbidearen kalitatea eta konpromisoa. 35 urte baino gehiago eskaini dizkiot Historiari, horietatik 18 urte Kantabriako Unibertsitatean irakasle titular gisa. Nahi baino denbora gutxiago eduki dut familiarekin egoteko. Ekitaldian bertan eskertu nahi izan nien niregatik egin duten guztia.

Daukazun curriculum eskerga ikusita (liburuak, artikuluak, txostenak...), edonori sor lekioke galdera, alegia, nondik ateratzen duzun denbora dedikazio horretarako, edota zerk motibatzen zaituen bereziki.

Historian lan egiteko lehen bultzada beka publikoak eta lehiakorrak lortzeak eragin zuen nigan, bai doktoratu aurrekoak, bai doktoratu ondokoak. Beka horiek historialari izateko prestakuntza erraztu zidaten eta nazioarteko zabalkundea bultzatu. Iraunkortasunak eta etengabeko lanak hainbat lehiaketa irabaztea eta unibertsitatera sartzea ahalbidetu zidaten, aldi baterako lehenbizi, eta gero, irakasle titular gisa.

Oso ibilbide luzea izan da, eta urte hauetan guztietan, katedradun izateko aukera eman didan lanaldia oso gutxitan izan da zortzi ordukoa, eta ez du atseden edo opor-egun askorik aitortu, beste zeregin batzuetan bezala. Lan-denbora erantzukizunera, emaitzen zorroztasunera eta kalitatera, ikasleen eta doktoreen prestakuntzaren lehentasunera egokitu da; dedikazio horrek guztiak ez dauka ordutegien berri.

Azken batean, argitalpenetan eta lankideen eta ikasleen errekonozimenduetan islatzen da inbertitutako lanaren emaitza, eta poztasun izugarria eragiten dut horrek. Eta hain zuzen, sentimendu hori da motibagarriena unibertsitateko lanari lotzen den eta Historiari buruzko ezagutzak ikastera eta transmititzera bideratzen den ogibidearentzat. Bokazio handikoa da lanbidea, egia esan.

Nondik datorkizu Historiarekiko interesa?

Txikitatik gustatzen zitzaidan Historia; Ondarreta ikastetxean edota Hernaniko Institutuan ikasten aritu nintzenetik. Historia eta Arte irakasle onak izateak ere eragin handia izan zuen nigan, EUTGn Historia karrera hasi eta Kantabriako Unibertsitatean Historia Modernoko espezialitatea bukatu nuen arte. Nondik gatozen, iraganeko jendeak nola jokatu zuen eta mundu berriak nola eraikitzen joan ziren jakitea, orain bizi garen unera iritsi arte, beti interesatu izan zait hori. Historiak eta iraganeko esperientziek funtsezko gakoak ematen dizkigute oraina ulertzeko eta etorkizuna ahalik eta onena izan dadin saiatzeko.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 688 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!