Bigarren edizioa ate joka dugu. Zein da zuen aldartea, proba iristeko egun gutxiren faltan?
Gogotsu gaude, aurtengoa nola aterako den jakinminez. Berrikuntza batzuk txertatu baititugu segurtasuna hobetze aldera eta erakargarriagoa izan asmoz.
Azaldu itzazu aldaketa nabarmenenak.
Korrika egin beharreko ibilbidean egin dugu aldaketa handiena. Bi itzulinguru egin behar dira, iaz hiru zirenean. Hori bai, ibilbidea aldatu da baina distantzia totala ez. Aurten, Zumea kaletik Miranda pasealekurantz doa korrika egiteko ibilbidea.
Bizikleta gaineko ibilbidean, bestalde, Leitzaran aldeko joan-etorriari eutsiko diogu eta azken txanpa Kaletxikitik igota egingo dugu.
Eta zeintzu dira aldaketak egiteko arrazoiak?
Lasterkarien ibilbidean, iaz, 3 itzuli egiten ziren eta nahasmena sortzen zen emakumezkoen eta gizonezkoen irteeretan. Ez zen oso txukuna. Ibilbidea luzatzean denentzat erosoagoa delakoan gaude.
Txirrindularitza proban iaz asmo hori genuen baina ez zen posible izan. Aurten, bai.
Proba aurreko testak zer moduz joan dira?
Kaletxikiko azken zatia ez dugu bizikleta gainean probatu, kontrako norabidea delako. Baina aldaketa oso ondo dagoela iruditzen zait niri.
Eta hori guztia egiteko baimenak lortu dituzue? Ez da kontu txikia administrazioekin lotu behar diren baimenak.
Ertzaintzaren azken baimena falta dugu baina hori, ohikoan, egun gutxiren faltan iritsi ohi da.
Partaidetza ona izan zen iaz. Eta, aurten, zer nolakoa izango da?
117 partaide izan genituen 2025ean eta, aurten, kopurua gainditzea espero dugu. Euskal Herri osoko partaideak datozkigu: gipuzkoarrak, noski, baina baita gasteiztarrak, bizkaitarrak, nafarrak...
Partaide asko. Eta haiek bezain garrantzitsuak dira proba egin ahal izateko boluntarioak eta laguntzaileak.
80-90 laguntzaile beharko ditugula aurrikusi dugu. Korrika aritzeko ibilbidea luzatu dugunez 5-10 lagun gehiago beharko ditugu.
Interesa duenak gurekin harremanetan jartzea eskertuko genuke (zumeatarrakiroltaldea@gmail.com). Beharrezkoak ditugu eta saritxo bat jasoko dute.
Udalaren laguntza ere ezinbestekoa izango da.
Lehen unetik baliabideak eskaini dizkigute eta babes handia jaso dugu Andoaingo Udalaren aldetik. Oso pozik gaude haiekin dugun hartu-emanarekin.
Zumeatarra da antolatzailea. Larunbat arratsaldean zuen klubeko kiderik izango al da irteeran?
Lauzpabost taldekide izena emanda daude. Beraz, bai! Zumeatarrako kideak izango ditugu partaideen artean.
Zein da proba antolatzeko motibaziorik handiena?
Lasterkariak gara eta horrelakoetan parte hartzeko probak egon behar dira, eta norbaitek antolatu behar ditu. Ikuspuntu hori dugu Andoainen, guri ere proba bat antolatzea dagokigula uste dugu.
Gaztetxoak ere protagonista bilakatuko dira. Zein modutara parte hartuko dute?
Kadete mailakoek proba berezia izango dute aukeran. Distantzia erdia egingo dute, gutxi gorabehera. Junior mailakoek, berriz, helduen proba egingo dute.
Probari begira, zein litzateke aurrikuspen desiragarriena?
Eguraldi ona egitea, eta ez dadila ezer gertatu ibilbidean barrena. Ez dezala inork minik hartu eta denek gozatzeko aukera izan dezatela.
Zer nolako esfortzuaz hitz egiten ari gara?
Duatloia gogortasunarekin lotzen da baina, azkenean, ez da hain gogorra. Zalantzak dituenari proba egiteko gonbita luzatuko nioke. Korrika 5 kilometro dira eta 30 minutuko muga dago. Bizikleta gainean, aldiz, 20 kilometro dira. Maldatsuak, hori bai, baina ordubete azpitik egin daiteke. Eta azken proba, korrika, 2.5 kilometrokoa da.
Egonkortuko da proba Andoainen?
Asmoa hori da. Ea aurtengoa nola doan baina etorkizunean ere antolatzen jarraitzeko asmoa dugu.
Martxoaren 14an da proba. Noiz hasiko gara kirolariak ikusten Andoaingo kaleetan?
Andoaingo II. Duatloia 16:00tan hasiko da eta eguerdirako bertan espero ditugu denak. Partaide batzuk, adibidez, bezperatik datoz.