Gaztelekuko pilotari gazteak bikain ari dira hainbat txapelketetan

Aiurri 2026ko martxoaren 10a

Naroa Merino eta Joane Agirre, Berriatuako VIII. nesken zesta punta txapelketako txapela jantzita

Zesta puntan eta eskuz bikain ari dira Gaztelekuko pilotariak azken aldian, eta hainbat garaipen lortu dituzte txapelketa desberdinetan. Nabarmentzekoa da Naroa Merino, Xabat Olano eta Danel Polo zesta puntako jokalarien eta Unax Gonzalez eta Naroa Mendizabal esku-pilotarien emaitzak.

Argazkiak, Gazteleku Pilota Eskolak utzitakoak dira. 

Naroa Merino Gaztelekuko pilotari tolosarrak Berriatuako VIII. nesken zesta punta txapelketako txapela jantzi zuen, Joane Agirrerekin bikotea osatuta, martxoaren 7an jokatu zen finalean. Ohiana Sorozabal eta Alize Arruagaren kontra 25-24 nagusitu ziren.

Bestalde, Gaztelekuko Xabat Olano eta Danel Polo pilotari andoaindarrek, Gipuzkoako zesta puntako Udaberriko txapelketa eskuratu zuten jubenilen mailan, Arraten jokatu zen finalean Beotibar taldeko bikoteari irabazi ondoren.

Xabat Olano eta Danel Polo gazteak, Arraten

 

Xabat Olano eta Danel Polo aurkariekin, zesta puntako pilotari gaztetxoez inguratuta, Arrate pilotalekuan

 

Eskuz banaka eta binaka

Gaztelekuko Unax Gonzalez andoaindarrak Lesakako III. Arkupe Pilota Txapelketa irabazi zuen haurren mailan, Zazpi Iturri elkarteko Aitor Arteagarekin batera. Otsailaren 28an jokatu zuten finalean, 18-5 nagusitu ziren Zubeltzu-Santos bikotearen kontra.

Unax Gonzalez eta Aitor Arteaga, Lesakako txapelketako irabazleak

 

Lesakako finala jokatu zuen laukotea: Arteaga, Gonzalez, Zubeltzu eta Santos

 

Era berean, Unax Gonzalezek Zizurko XXX. 4 1/2ko Txapelketako finala jokatu zuen, 2012-ko Haurren kategorian, Zizurko frontoian, joan den larunbatean. Txaruta klubeko Iñarrea gailendu zitzaion 16-11 finalean.

Iñarreak eta Gonzalezek Zizurko txapelketako finala jokatu zuten joan den larunbatean

Bestalde, Gaztelekuko Nora Mendizabalek bi txapelketatako finalerdietara iritsi da azken aldian. Batetik, Maddalen Etxegarairekin batera, Euskal Ligako finalerdia jokatu zuen Lea Ibarra elkarteko Arrizabalaga-Bergara bikotearen aurka, Munitibarren, otsailaren 28an. Biziki saiatu arren, ezin izan zituzten mendean hartu aurkariak.

Joan den igandean, berriz, Mendizabalek eta Ainhoa Ruiz de Infante bikoteak Arrizabalaga-Bergara bikotearen aurka Emakume Master Cup eta Euskal Ligako finalerdia jokatu zuten, Agurainen; 22-14 galdu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!