“Prest! azoka aukera paregabea izango da Lanbide Heziketako familia desberdinak bertatik bertara ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta gazteei etorkizun profesionala hautatzen laguntzeko. Andoainek berriro ere LHren aldeko apustua egiten du, tokiko garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa”, azaldu dute antolatzaileek Basteron gaur eguerdian egin duten agerraldian.
Hain zuzen, Andoaingo Udalak eta Andoaingo Lanbide Heziketa eskaintzen duten hiru ikastetxeek (La Salle Berrozpe, Leizaran Institutua eta ESCIVI) antolatu dute Prest! Azoka, elkarlanean.
Agerraldian, Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariek hartu dute parte. Hain zuzen, Andoni Alvarez alkateak, Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin-Podemos) zinegotziek, Hilario Dorronsoro Udaleko enplegu eta gazteria saileko teknikariak, Rosa Hernandez Udaleko enplegu eta formakuntza teknikariak, Aitor Ormazabal Leizaran Institutuko zuzendariak, Xabi Garin La Salle Berrozpeko LH zikloko arduradunak, Pio Eraso La Salle Berrozpeko LHko zuzendariak, eta, Pelaio Eizagirre ESCIVIko irakasleak.
Aurkezpenean zehaztu dutenez, “bigarren edizio honek iaz hasitako bideari jarraipena emango dio, baina aurten marka propioarekin aurkezten da: PREST!, “zure aukera” lelopean. Ekimen honen bidez, Andoainen eskaintzen den Lanbide Heziketaren ikuspegi global eta eguneratua eskaini nahi da, prestakuntza-eskaintza balioan jarriz.
Azoka martxoaren 16an eta 18an egingo da, Bastero Kulturguneko erakusketa gelan, esan bezala.
Martxoaren 16an (astelehena), 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo dira irekita.
Martxoaren 18 (asteazkena), berriz, 10:00etatik 14:00etara, ekitaldia irekia izango da Andoaingo eta inguruko herritar guztientzat. Mahai-ingurua Martxoaren 16an, 18:00etan, “Etorkizuna diseinatzen: LH, aukeraz beteriko bidea” izenburua daraman mahai-ingurua egingo da Bastero Kulturgunean bertan. Solasaldi honek Lanbide Heziketaren balioa, lan-irteerak eta etorkizuneko aukerak izango ditu ardatz. Hiru hizlariek hartuko dute parte: Maria Meijide Hezkuntzako ikuskari burua, Maite Lizartza Hezkuntzako ikuskaria, eta, Natalia Gaston iTlent-eko (LHko Talentuaren Euskal Institutua) ikertzailea.
Mahai-ingurua ESCIVIren youtubeko kanaletik zuzenean jarraitu ahal izango da.
Elkarlanean antolatutako eskaintza zabala
“Azokan zehar stand informatiboak egongo dira, ikastetxe bakoitzaren eskaintza modu bisual eta praktikoan ezagutzeko”, adierazi dute Basteron gaur egin duten aurkezpenean. “Standetan, irakasleek eta ikasleek zikloen edukiak, praktikak eta lanbide-irtenbideak azalduko dituzte, eta bisitariek orientazio pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dute”.
Gogorazi dute Andoainen eskaintzen den Lanbide Heziketak “enplegagarritasun handia” duela, eta “eskualdeko enpresek geroz eta gehiago eskatzen” dituztela profil tekniko eta espezializatu horiek. Horrez gain, azpimarratu dute LHk aukera ematen duela “Dual Formazioaren bidez lehenengo ikasturtetik praktikak egiteko”, eta “baita Erasmus+beken bidez atzerrian lan-esperientzia eskuratzeko ere”.
Horrela, azokara bertaratzen den bisitariak, eskaintza zabalarekin egingo du topo.
Hona zehaztuta, mailaz maila:
Oinarrizko Maila:
- Elektrizitatea eta Elektronika (La Salle Berrozpe).
Erdi Maila:
- Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta (Leizaran Institutua).
- Disk-jockeya, bideoa eta soinua (ESCIVI).
- Mantentze-lan elektromekanikoa (La Salle Berrozpe).
- Soldadura eta galdaragintza (La Salle Berrozpe).
Goi Maila:
- Gizarteratzea (Leizaran Institutua)
- 3D animazioak, jokoak eta multimedia elkarreragileak (ESCIVI).
- Irudia argiztatu, hartu eta tratatzea (ESCIVI).
- Ikus-entzunezko eta ikuskizunen produkzioa (ESCIVI) Ikus-entzunezko proiektuen eta ikuskizunen errealizazioa (ESCIVI).
- Ikus-entzunezkoetarako eta ikuskizunetarako soinua (ESCIVI) Administrazioa eta finantzak (La Salle Berrozpe).
- Fabrikazio mekanikoko diseinua (La Salle Berrozpe).
- Mantentze-lan elektronikoa (La Salle Berrozpe).
- Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa (La Salle Berrozpe).
- Fabrikazio adimenduna (La Salle Berrozpe).