Ertzaintzak bost grafitigile atxilotu ditu Andoainen eta Lasarte-Orian

Aiurri 2026ko martxoaren 11

Ertzaintzak jakinarazi duenez, Lasarte-Orian hiru gazte atxilotu zituen otsailaren 28an, “N-1 autobideko zaratatik babesteko hainbat manparatan, pintadak egiteagatik”. Joan den larunbatean, berriz, beste bi gazte atxilotu zituen Andoaingo udal-barrutian, Renfeko tren-bagoietan grafitiak egitea egotzita.

Lasarte-Oriako atxiloketei dagokionez, Ertzaintzak adierazi du “gertaeraren berri izan zuenean, "zaintza-dispositibo bat" jarri zuela abian inguruko errepideetan. "Hiru grafitigileak Andoaingo Sorabilla auzoaren inguruan geldiarazi zituzten, alde egiten saiatzen ari ziren auto batean”.

Polizia-operazioan zer motatako materiala atzeman zieten eta zer leporatzen dieten zehaztu dute, “pintura-espraiaren 43 pote atzeman zituzten guztira. Egitate horiengatik, hiru gazteei erabilera publikoko ondasunei kalte egitearen delitua leporatu zieten. Akusatuek egindako pintadek 15.000 eurotik gorako kalte ekonomikoa eragin zuten”.

 

Andoainen bi atxilotu

Andoainen beste bi grafitigile atxilotu zituzten, Manuel Lekuona plazatik gertu, joan den larunbat gauean.

Hain zuzen, Ertzaintzak, Andoaingo Udaltzaingoarekin lankidetzan, 21 eta 19 urteko bi gazte atxilotu zituen, Renfeko hainbat bagoitan grafitiak egin izanaren kalte-delitua leporatuta.

Ertzaintzaren oharrean egiten den kontakizunaren arabera, “hainbat pertsonak Manuel Lekuona kale inguruan tren-bagoietan pintadak egin zituztela jakin ondoren, Hernaniko Ertzain-etxeko baliabideak bertaratu ziren. Patruiletako batek atzetik segi zion ibilgailu bati, bidaiarien jarrera susmagarria iruditu baitzitzaien agenteei. Autoa geldiarazi ondoren, ertzainek bi bidaiariak identifikatu zituzten, eta pintadetan erabilitako pinturarekin bat zetozen pintura-hondarrak aurkitu zizkieten arropetan”. 

Ertzaintzak zehaztu du tren-bagoi batzuetan grafitiak egin zituztela eta “pintura oraindik bustia zegoela, eta, gainera, pintatutako azken bagoietako baten inguruan pintura-pote batzuk zituzten hainbat poltsa aurkitu” zituztela. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!