Hona atzo eman zituzten zazpi laburmetraien izenburuak eta egileak: Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal; Erreka zoko hartan (Ekaitz Bertiz), Fishy (June Asua Olabarria), A-Maniki (Elixabet Nuñez), Gertatzen den hori (Aitor Gametxo Zabala), Orain zer? (Ainhoa Urgoitia), eta, Hotzikara (Ane Cuesta).
Laburbira izeneko film laburren bilduma hori herriz herri ari dira proiektatzen martxoaren 1etik 29ra bitartean Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herri eta hiriburutan.
Bi xede garatzeko jaio zen Laburbira ekimena: euskal zinemagintza hauspotzea, batetik, zinemagileei beraien filmak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.
23 urteotako ibilbide arrakastatsua egin du, euskal zinemagintzaren ezinbesteko erakusleiho bilakatu delarik Taupa euskaltzaleen mugimendua da Laburbiraren antolatzailea. Tokian tokiko euskara elkarteetan antolatuta eta nazio mailako mugimenduan saretuta dauden herritarrek zein nazio mailako mugimenduaren bidez lotzen diren herritarrak osatzen dute mugimendua. “Nork bere erara ematen dio taupada euskarari, eta denon taupaden erritmoan sortzen dugu mugimendua”.
“Euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzea” dira mugimenduaren egiteko behinenak, “baina gure ametsa harago doa: euskararen ardatzean askotariko jendea bilduz, herri proiektu ilusionagarri baten eragile erreferente izan nahi dugu”.
Itoiz, udako sesioak, eta Animo, hurrena
Laburbira emanaldia Udaleko Euskara Sailak antolatu duen Zine&Hitz zikloaren ekimenetako bat izan da. Asier Urbietaren Faisaien irla pelikulak ireki zuen zikloa.
Martxoan eta apirilean barrena, beste bi hitzorduk osatuko dute ziklo hori.
Horrela, martxoaren 24an, Itoiz, udako sesioak dokumentalaren txanda izango da. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea y Ainhoa Andrakak zuzendu zuten, eta Juan Carlos Perez musikaria buru izan zuen Mutrikuko pop-rock talde mitikoaren bizipenak kontatzen ditu laburmetraiak. Hiru zuzendarietatik, Zuazo izango da emanaldian bertan.
Apirilaren 16an, berriz, Alex Tello zuzendariaren Animo filma ikusi ahal izango da, Basteron, 18:30etik aurrera. Zuzendaria ez ezik, Telmo Irureta aktore nagusia ere emanaldian izango da, eta biekien solasaldia egin ahal izango da, ondoren.
Doan dira Zine&Hitz zikloko emanaldi guztiak, Bastero kulturguneko ekitaldi aretoan.
