Musika Eskolako abeslari helduak Urnietan eta gazteak Castro Urdialesen ariko dira kantari

Aiurri 2026ko martxoaren 12a

Helduek Urnietan dute hitzordua, ostiral arratsaldean (Argazkia: Udal Musika Eskola)

Helduek Urnietan, bihar, ostiralarekin, San Migel elizan dute hitzordua. Gazteak, berriz, urrutirago doaz, Castro Urdialesera (Kantabria) hain zuzen, larunbatean abesteko gonbidapena jaso baitute bertatik.

Martxoaren 13an, ostiralarekin, 20:00etan, Abesbatza Helduak kontzertua emango du Urnietako San Migel elizan. Katrin Iurralde zuzendariak iragarri duenez, “errepertorio anitzari helduko diogu: euskal folklorea, afrikarra, modernoa… pixka bat denetik. Argia eta ospakizuna, erritmoa eta emozioa; gure lurra, gure ahotsa".

 

Gazteak Kantabriara

Larunbatean, Abesbatza Gazteak Castro Urdialesen, Santa Maria de la Asunción elizan abestuko du, 20:30etik aurrera. Islares Ganbara Abesbatzaren gonbidatuta doaz Kantabriara. Bidaia probestuko dute herrialde horretan bertan asteburua igarotzeko.

Abeslari gazteek Kantabrian asteburua igaroko dute (Argazkia: Udal Musika Eskola)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!