"Egiten ditugun proiektuei esker asko ikasten ari gara"

Lide Ruiz Telleria 2026ko martxoaren 14a

Zuriñe De Agueda Rueda eta Estefania Belaguer Sierra Esciviko Ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen produkzioko goi-mailako ikasleak dira. Lehenengo mailan daude, eta ikasturteko proiektuetan buru-belarri dabiltza lanean.

Zer dela eta erabaki zenuten ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen Produkzioko goi-maila ikastea? 

Zuriñe De Agueda Rueda: Nire kasuan, aurretik, Ikus-entzunezko Proiektuen eta Ikuskizunen Errealizazioko goi-maila ikasi nuen ESCIVI Andoaingo zinema eta bideo eskolan, eta argi nuen ez niola ikasteari utzi nahi. Arlo horretan gehiago trebatu nahi nuen, eta formazioari begira, errealizazioaz gain, Ikus-entzunezko Proiektuen eta Ikuskizunen Produkzioa ikastea interesgarria izango zela pentsatu nuen. 

Estefania Belaguer Sierra: Artearen Historia ikasi nuen nik. Karrera amaitzean, lan-munduari begira gehiago espezializatu nahi nuen, eta goi mailako gradu bat egitea onena izango zela pentsatu nuen. Hainbat aukera aztertu nituen, eta gradu hau izan zen interes handiena piztu zidana, nire interesekin bat egiten baitu. 

Zein dira graduan zehar egin dituzuen jarduera nagusiak? 

E.B.S.: Lehenengo serie-dokumental bat egin genuen, ondoren, antzerki-lan bat eta orain, film labur bat egiten ari gara.

Z.A.R.: Bai. Horrez gain, ikasturte amaieran ikasturte amaierako gala bat egingo dugu Andoainen, Bastero Kulturgunean. Bertan, urtean zehar Esciviko ikasleok egin ditugun proiektuak sarituko ditugu. 

Otsailean Escivin antzezlanak antolatzen ibili zarete, Andoainen bestelako emanaldirik egingo duzue? 

Z.A.R.: Hurrengo ekitaldia, aipatutako ikasturte amaierako gala izango da. Egia da, ikasleei zuzenduta dagoela, baina Eskolakoa ez den jendeak ere bertaratzeko aukera izango  du. 

Zein da emanaldi horiek antolatzearen helburu nagusia? 

E.B.S.: Helburu nagusia, guk ikastea da. Aukera dago kanpoko jendea emanaldiak ikustera etortzeko, baina batez ere senideak etortzen dira. Zentzu horretan, ez dira oso ezagunak gure emanaldiak.

Z.A.R.: Bai, gure klase-kideen proiektuak ezagutzea da helburua. Ikasturte amaierako galari dagokionez, Escivin ikasten ez duen pertsona bati agian ez dio interesa piztuko, ikasleok egin ditugun proiektuak saritzen baititugu. Hala ere, ekitaldira etortzeko gonbita zabaldu nahi diogu jendeari.

Tokiko hedabideok emanaldi horiei ikusgarritasuna eman behar diegula uste duzue? Garrantzitsua da ahalik eta jende gehien bertaratzea? 

Z.A.R.: Nire ustez, ondo dago egiten dugun lana aitortzeko. Bigarren ikasturtean, adibidez, arratsaldean Escivin egiten diren kontzertuen erreportaje bat egiten du Aiurrik, eta orokorrean, jende gehiago bertaratzen da. Izan ere, eskolako ikasleez gain, kanpoko jende gehiagok parte hartzen du antolaketan. Zentzu horretan, garrantzitsua iruditzen zait tokiko hedabideek gure proiektuei ikusgarritasuna ematea. 

E.B.S.: Bai, lehenengo mailan helburua guk ikastea da, bigarren mailan, aldiz, kanpoko jendea erakarri nahi dugu, eta horretarako, publizitatea beharrezkoa izango da. 

Nolakoa izaten ari da zuen esperientzia Zinema eta Bideo Eskolan? 

Z.A.R.: Nire kasuan, nahiz eta aurreko graduko esperientzia izan, oso desberdina izaten ari da. Iaz, adibidez, 13 lagun ginen Errealizazioko klasean, eta lana denon artean banatzen genuen. Aurten, berriz, 2 gara Produkzioan aritzen garenak, eta lan karga izugarri handitu da. Hala ere, asko ikasten ari garela uste dut, nahiz eta beste klase-kide batzuk izatea eskertuko genukeen, lan karga arintze aldera.

E.B.S.: Bai, nik ere sentsazio antzekoa dut. Egiten dudan lana gehiago antolatu nahi nuke, baina ez dut aukerarik izaten. Hori alde batera utzita, orokorrean pozik nago, egiten ditugun proiektuei esker asko ikasten ari naiz, eta eskaintzen dituzten praktikak ere oso ondo daude. 

Produkzioari dagokionez, zein da gehien gustatzen zaizuen alorra?

Z.A.R.: Normalean, jende gehienak zinemarekiko eta ikus-entzunezko edukiarekiko interesa izaten du, guk, berriz, emanaldi eszenikoak eta ekitaldiak nahiago ditugu; antzerkiak eta musikalak, esate baterako.

Etorkizunari begira, zertan aritu nahiko zenukete? 

E.B.S.: Argi daukat, antzoki batean egin nahi dut lan. Hori da nire helburu nagusia. Baina, oro har, emanaldi eszeniko guztiak iruditzen zaizkit interesgarriak.

Z.A.R.: Nik zalantza gehiago ditut, bi graduetan ikasitakoa gustatzen baitzait. Aurten, produkzioko praktikak egiten oso gustura egon naiz, baina ikus entzunezko alorra faltan bota dut. Bestalde, momentuz, produkzioarekin jarraitu nahi nuke, kontzertuen antolaketan, batez ere. Kontzertuetara joatea asko gustatzen zait, eta horren antolaketan lana egitea izugarria litzateke, ikus-entzunezkoen arloa asko gustatzen zaidan arren. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!