Deja vu madarikatua

Aiurri 2026ko martxoaren 15a

Iaz bezala, Andoaingo Duatloia eguraldi makurrarekin egin behar izan zuten lasterkariek.

Zumetarra Kirol Elkarteko kideek lortu dute, bi urteko epean, Andoaingo Duatloia erreferentziazko lasterketa bilakatzea: partaidetza ona erakarri dute eta proba egin ahal izateko nahikoa bidelagun eta boluntario gerturatu zaizkie.

Aldagai bakarrak ihes egiten die, euren esku ez dagoena. Eguraldiaz ari gara jakina. Deja vu modukoa izan da, bart arratsaldekoa, lasterketan murgilduta ibili direnentzat. Eguraldia makurragoa ezin izan: euria, haizea, hotza… epikotasuna eman diezaioke horrek guztiak lasterketa bikaina egin duenari. Gehiengo zabalarentzat, ordea, arratsalde traketsa izan zen. Lasterkari askok majo sufritu zuen eta hori agerian geratzen zen euren aurpegietan.

Ikusteko ere ez zen batere arratsalde atsegina izan. Ahalegun guztiak egin dituen antolaketa taldeak eta lasterkariek, denek, merezi dute baldintza metereologiko hobean egingo den hirugarren duatloia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!